ENPRESAK

Oronak enpresa bat erosi du Brasilen

Krisi garaia hedapenerako baliatzen ari da Hernaniko igogailu egilea. 2012an enpresa bana erosi zituen Frantzian, Bretainian eta Norvegian.

Iker Aranburu.
2013ko apirilaren 19a
15:37
Entzun

2012. urtea sendo bukatu zuen Oronak, 569,1  milioi euroren salmentak izan baitzituen, 2011n baino %2,3 gehiago. Eta indartsu hasi du 2013a, Brasilgo AMG Elevadores erosi baitu, sektoreko enpresa handienetan laugarrena  herrialde hartan. Oronak Europatik kanpo erosten duen lehendabiziko enpresa da. Horri esker datorren urtean Brasilen 100 milioi euroko negozio kopurura iristea espero du Mondragon taldeko kooperatibak, eta munduko lehen hamarren artean kokatzea. 

Oronak gaur goizean egin du bere urteroko batzarra, Donostiako Kursaal jauregian. Hor azaldu dutenez, irabaziak zertxobait jaitsi dira, 89,6 milioi eurotik 83,4 milioira. Jaitsiera hori, ordea, inbertsio handien ondorio dela azaldu du kooperatibak. Izan ere, ekitaldi horretan "erreferentziazko" hiru enpresa erosi zituen Hernaniko taldeak: Frantziako KES urte hasieran, Bretainiako Ascenseurs Altilift enpresa maiatzean eta Norvegiako Elevator A.S. irailean. Guztira 60 milioi euroren inbertsioak egin zituen Oronak, aurreko urtekoen halako bi. Azken bost urteotan 316 milioi inbertitu ditu. Gaur egun 30 enpresak osatzen dute taldea. Igogailuak ez ezik, eskailera mekanikoak, arrapalak eta korridoreak egiten ditu Oronak.

Hedapen horren ondoren, Europan gaur egun jartzen diren hamar igogailu berritik bat Oronak egindakoa da. Guztira, 99 herrialdetan saltzen ditu aparailuak. 

Salmentek igoera jarraia izan dute 2009az geroztik (517,1 milioi orduan). Edonola ere, artean ez da iritsi 2008ko mailara (578,8  milioi). Urte horretan lehertu zen etxebizitzaren burbuila bere merkatu nagusian, Espainian, eta ordudanik beste merkatu batzuk bilatzeari ekin dio. "Espainiako estatuan krisiak gogor astintzen jarraitzen du, eta, bereziki gure sektorean. Alabaina, 2012ko ekitaldia oso emaitza positiboekin amaitzea lortu du Oronak. Berrikuntza, nazioartekotza, esportazioa eta zerbitzua izan dira Oronaren arrakataren giltzarriak. Eta etorkizunari begira apaltasunez eta denon lana baliatuz, aurrera egin nahi dugu berrikuntza gehiagorekin, mestizaje gehiagorekin, konplexutasun handiagoarekin, arrisku gehiagorekin", azaldu du Javier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiak. 

2012. urtea 4.090 langilerekin amaitu zuen Oronak, baina azken erosketari esker dagoeneko 4.500 dira. Proiektu handinahi bat ere badu Oronak esku artean: Orona IDeO-innovation City izenekoa. Berrikuntza proiektuak garatzeko zentroa izango da eta orain ari dira eraikitzen Hernaniko Galarreta auzoan. Miramongo parke teknologikoaren hedapenaren barruan kokatuta dago proiektua eta 500 langile bilduko ditu. 2014. urtearen hasieran ireki nahi dute, Oronaren 50. urteurrenarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.