Oronak hedatzen jarraitzen du, Frantzian eta Norvegian enpresa bana erosita

Mondragon taldeko kooperatibak Europako merkatuan duen lekua indartu du EST Ascenseurs eta Heis 1 Group bereganatuta

Xabier Mutuberria Oronako zuzendaria. GORKA RUBIO /ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2016ko otsailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igogailuetako sektorean, munduko handienekin lehiatzen ari da azken urteetan Orona euskal kooperatiba, eta lehia horretan indartzeko beste urrats bat egin du bi enpresa gehiago bereganatuz. EST Ascenseurs erosi du Frantzian, eta Heis 1 Group Norvegian, biak ala biak Europako merkatua duen kuota indartzeko. EST Ascenseurs 1986an zabaldu zuten, Estrasburgon, eta Alsaziako merkatuko liderra da. Urtero zazpi milioi euroren salmentak egiten ditu, eta 2.000 kontratu kudeatzen ditu mantenuaren negozioan. Norvegian, berriz, azken hamalau urteetan Orona igogailuak banatu dituen enpresa bereganatu du. Norvegiako hiri garrantzitsu guztietan bulegoak dauzka Heis 1 Groupek, eta «hango merkatua sakon ezagutzen du». Hernaniko kooperatibarentzat, Norvegiako merkatuan sartzeko bide azkarra izango da Heis 1 Group.

Frantzian presentzia garrantzitsua dauka dagoeneko Mondragon taldeko enpresak. Oronaren Frantziako adarrak zortzi konpainia dauzka, eta guztien artean 90 milioi euroren salmentak egiten dituzte. Halaber, 450 behargin daude adar horretako lantegietan. Norvegiako adarrak, berriz, zortzi lan zentro dauzka, hamasei milioi euroko fakturazioa, eta 80 langile inguru.

250.000 igogailutik gora

Xabier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiak atzo esan zuen azken bi erosketek kooperatibaren «hedatze geografikoan» lagunduko dutela, eta enpresak «bezeroei zerbitzu lehiakorragoak eskaintzeko gaitasuna» handituko duela. Oronak 30 enpresatik gora ditu Europako eta Ameriketako 11 herrialdetan. Munduan 250.000 igogailu jarri ditu, eta ehunka mila instalazioren mantentze lanak ditu. Europan hedatzeko estrategian buru-belarri dabil azken urteetan. 2014aren hondarrean, esaterako, Poloniako Techlift enpresa erosi zuen.

Eraikuntzaren burbuila lehertzearekin batera, Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan salmenta ugari galdu zituen Oronak2009tik aurrera, eta estrategia berriak garatu behar izan zituen, nazioartekotzean sakonduta. 2014an 77 milioi euro irabazi zituen kooperatibak, aurreko urtean baino %6,7 gutxiago. Salmentetan eta irabazietan jaitsiera arina izan zuen. Hain zuzen ere, 578 milioi euroko fakturazioa izan zuen, aurreko urtean baino %2,5 txikiagoa. Hala ere, Mutuberriak ontzat jo zituen emaitzak, enpresak «egoera konplexu bat kudeatzen jakin duelako». 2013an, aldiz, Inbertsio handiak egin arren, kooperatibak irabaziei eutsi zien, 450 langile gehiago batuta, gainera. Salmentak handitu zituen, 593 milioi euroraino (%4,2). Inbertsio handietan eta merkatu berrietan oinarrituta hazten ari da Orona. Europan jartzen diren hamar igogailutatik bat Hernanin egindakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.