Lan merkatua. Datuak eta erreformak

Orrazketa lan erreformari

Enpresa handiak beren kaleratzeak ordaintzera behartu ditu Espainiako Gobernuak, Estatuari faktura txikitzekoErregulazioak gutxitze aldera, «zaindari» izaera eman nahi dio lan agintaritzari

Iker Aranburu.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Lan merkatuaren erreformak kaleratzeak zein neurritaraino ugaritu dituen ikusita, Espainiako Gobernuak bi urrats egin ditu erreforma pixka bat orrazteko eta, bidenabar, kaleratzeek Estatuari dakarkioten zama arintzeko: enpresa handiak erregulazio espedienteak pagatzera behartu nahi ditu, eta dosierretan «kontrolatzaile» zeregina eman dio lan agintaritzari. Azaleko aldaketak direla diote CCOOk eta UGTk.

Enpresek eta bankuek kaleratzeak apaintzeko edo beren kostua gutxitzeko baliatzen duten sistemetako bat —aldez aurretiko erretiroak—, ere gutxitu nahi ditu Madrilek, Estatuari urtean 10.000 milioi euroren gastua ekartzen diotelako.

1. 50 urteko langileak

Azken lan erreforman, Gobernuak erabaki zuen azken urtean irabaziak izandako enpresek bere gain hartuko zituztela langile zaharren taldekako kaleratzeak. Telefonica zuzenketa deitu zitzaion, telefonia konpainiak bere berregituraketa diru publikoarekin egingo zuela jakin ondoren onartu baitzen. Legea, ordea, ez da bete, araudia falta zitzaiolako. Atzo onartu zuen Madrilek, gogortuta. Horren bidez, 100 langiletik gora duten enpresek, eta erregulazio espedienteak 2011ko apirilaz geroztik hasi dituztenek, beren kargu hartu beharko dituzte langile kaleratuen langabezia sariak, baldin eta kaleratuen artean 50 urtetik gorako beharginak badaude. Adineko langileak «goizegi eta bidegabe lanik gabe geratzea saihestu» nahi du Fatima Bañez Lan ministroak. Hori bai, kaleratuek sei hilabeteko epean enplegua aurkitzen badute, haien langabezia saria itzuliko dio Estatuak enpresari.

2. Dosierren araudia

Erregulazio espedienteak ugaritu dituen beste faktore bat da dagoeneko ez dutela administrazioaren baimenik behar. Horrek horrela jarraituko du, baina lan agintaritzak «zaindari eta kontrolatzaile» izaera berreskuratuko du. Dekretuak zehaztu egiten du zenbat bilera egin beharko dituzte bi aldeek espedientea adosteko, eta zein informazio eman behar dien zuzendaritzak langileei, «irtenbide orekatuak lortzeko aukera handitzeko eta kaleratzeak gutxitzeko.

Erregulazio espedienteei buruzko beste berritasuna da enpresa publikoek ere sektore pribatuko enpresen erraztasunak izango dituztela dosierrak egiteko, betiere beren diru sarreren erdia baino gehiago merkatu pribatuak ematen badie. Ezingo dituzte funtzionarioak kaleratu edo haien lan jarduna murriztu, baina bai, ordea, lan kontratua dutenen langileena. Estatuak enpresa publikoaren diru sarreren erdia baino gehiago dakarrenean, berriz, ezingo da lanaldia gutxitu edobehin-behinean kontratuak eten.

3. Erretiroak zaildu

Europako Batasunak estututa, erretiroaren adin erreala atzeratu nahi du Madrilek. Alde horretatik, Bañezek gogorarazi du aldez aurretiko erretiroek urtero 7.288 milioiren kostua dutela Gizarte Segurantzarentzat, eta 2.690 milioirena erretiro partzialek. Biakmugatzeko proposamenak egin dizkio Gobernuak Toledoko Itunari. Erretiro horiek hartzeko adina atzeratu nahi du, eta horiengatik jasotzen den pentsioak txikitu, arruntak baino nabarmen handiagoak direlako. 500.000 lagun daude egoera horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.