“Lan ordu gehiago egiten dira lan, eta horrek eragina dauka laneko istripuetan; baita behin behineko lanen tasak ere”. Alberto Alonso Osalaneko zuzendari orokorra da, eta gaur goizean iazko datuen berri eman du erakundearen egoitza nagusian. Lanetik eratorritako istripuek %6,6 egin dute gora, eta horien jatorria zein den azaldu nahi izan du horrela. Behin behinekotasun tasa altuak eragina duela azaldu du, 2017an izan ziren 33.564 lan istripuetatik %15 lanpostu batean hilabete zeraman langileen kasua izan zelako, eta %30 urte beteko antzinatasuna zutenena izan zelako. Hala ere, nabarmendu nahi izan du iaz izandako istripuen %99,5 arinak izan zirela, eta lanean hildako langileen kasuak jaitsi egin zirela. 2017an 32 heriotza kasu erregistratu dituzte, urte bete lehenago 40 izan zirenean. Hau da, %20 egin zuten behera laneko heriotzen kasuek. Hala ere, LAB sindikatuak 2017an hildako 57 langile zenbatu ditu.
Lan gaixotasunari dagokionez, gaixo agiria jaso zuten 1.365 gaixotasun erregistratu ditu Osalanek, eta agiririk gabeko 1.557. 2016. urtean baino %14,9 gehiago dira horiek. “Igoera hori, hein batean, Osalanek hobetu eta bultzatu duen osasun datuen informazio sistemaren eragina izan daiteke”. Hau da, lanaren eraginez sortutako gaixotasunak zenbatzeko garaian medikuekin datuak zuzenean partekatzen dituzte, eta sistema berri horren eragina dela uste du.
Osalan sortu zenetik 25 urte betetzen dira aurten, eta zentzu horretan prebentzioaren arloan egindako lana azpimarratu nahi izan du ekitaldi horretan Maria Jesus San Jose Lan sailburuak. Lan istripuen kopurua %22 gutxitu da. 1990eko hamarkadan lan istripuak batez beste 42.000 ziren, eta egungo datuetara jaitsi da: 33.500 ingurura. Mila langileko 53,29 beharginek zuten istripuren bat garai hartan, eta egun 43,30era jaitsi da. Duela 25 urte 90 hildako izaten ziren bataz beste, eta datu horiek herenera jaitsi direlako pozik agertu da sailburua: “Oraindik lan handia daukagu egiteko, hala ere”.