Lan segurtasuna

Osalanek lan segurtasuneko estrategia aurkeztu du, “lan baldintzak hobetzeko”

2015 eta 2020 urte arteko bide orria elkarrizketa sozialeko kideek eta sektoreko agenteek osatu dute

Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko martxoaren 30a
13:22
Entzun 00:00:0000:00:00

“Lan esparruko prebentzioa ez da gastu bat, berezko funtzioa baizik”. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak mezu hori bideratu nahi izan die enpresa munduko eragile ezberdinei. Laneko segurtasun eta osasunerako euskal estrategia aurkezpenean egon da gaur goizean, eta laneko istripuekin amaitzeko denen artean lan egin behar dela gogorarazi du. 2015 eta 2020 urte arteko bide orrian enpresa txiki eta ertainetan segurtasuna bermatzea lehenetsi dute, hutsuneetako bat hor dagoela ikusi ondoren. Horrez gain, lehen sektorean ere indartu beharreko esparrua dela ondorioztatu dute estrategian.

Elkarrizketa soziala osatzen duten eragileak aritu dira Osalanen estrategia hau lantzen, eta gaurko aurkezpenean elkarrizketa soziala bera “edukiz beteta” dagoela esateko aprobetxatu du Alfonso Rios Euskadiko CCOOko lan osasuneko arduradunak. “Beste hainbat esparrutan lan egiteko balio duen bezala, lan osasunean aurrerapausuak emateko balio du, eta estrategia hau horren lekuko da”. Hala ere, lan munduan egiteko asko dagoela ere azaldu du. “Malgutasuna txarra da guretzat, lan publiko askotan 14 orduko lanegunak izaten baitituzte behargin askok”. Jon Bilbao Confebaskeko kideak ere hartu du hitza, eta adierazi azpikontratazioak “geratzeko etorri direla”. Ildo horretan ere laneko segurtasuna bermatu behar dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.