Zergak

Osasun zentimoa auzitan jarri du EBko abokatu nagusiak

Nafarroak iaz ezarri zuen aurrekontuetan zuen zuloa estaltzeko; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago halakorik.

Iker Aranburu.
2013ko urriaren 24a
19:23
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegitik beste muturreko bat jasotzeko arrisku handia du Espainiak. Auzitegi horretako abokatu nagusiak, Nils Whalek, ebatzi du osasun zentimoa izenekoa ez datorrela bat EBko legediarekin. Auzitegiko epaileek abokatu nagusiaren irizpidea jarraituko balute —eta hala egiten dute bost kasutik lautan—, 13.000 milioi euro arte itzuli beharko lituzke Espainiako Erresumak.

Diru horren zati batek Nafarroako Gobernuak jarri beharko luke, iaztik ari delako erregaien azken kontsumoari zerga berezi hori ezartzen. Mila litroko 2,4 euroko gainkarga jarri zion erregaien zerga bereziari, hau da, 2,4 zentimo litroko. Horri esker zortzi milioi bilduko zituela esan zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek ez dute ezartzen eta, hortaz, zerga hura baliogabetzeak ez luke haiengan ondoriorik izan behar.

Whaleren arabera, osasun zentimoak bi arlotan egiten du talka EBren araudiarekin. Batetik, ez du aurrekontuak orekatzea ez den beste helburu bat betetzen, eta osasun gastuak estaltzeko dela esatea ez da nahikoa. Hidrokarburoen zerga bereziaren xede bera duela dio, hau da, erregaiak zergapetzea haien kontsumoak osasunari eta ingurumenari eragiten dizkioten kalteak gutxitzeko. Bestetik, EBko abokatu nagusiak adierazi du osasun zentimoak ez duela zerga berezien araudia errespetatzen, azken kontsumoa egiten denean ordaintzen delako.

Madril, entzungor

Espainiako Gobernuak bazuen  osasun zentimoak sor zitzakeen arazoen berri, eta horregatik aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera Hidrokarburoen Legearen barruan sartu zuen. Gainera, eskatu dio EBko auzitegiari zerga baliogabetzen badu ez egiteko atzeraeraginarekin, eta ez ordaindu behar izatea haren bidez jasotako dirua. Diru hori Espainiari eskatzeak arazo serioak sor ditzakeela onartu du abokatu nagusiak, baina gogorarazi du Madrilek  entzungor egin ziela oharrei eta «lege eztabaidatu horrekin» jarraitzeko arriskua onartu zuela, «azken kontsumitzailearen kaltetan».

Kataluniako enpresa batek jarri zuen osasun zentimoaren aurkako salaketa. CETM garraiolarien Espainiako patronalak bere poza adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.