Osoko zuzenketa «bankuak pertsonen gainetik» ipini dituzten aurrekontuei

Amaiur, EAJ eta Geroa Bai alderdiek aurrekontuak atzera botatzeko eskatuko diote PPri, asteartean

xabier martin
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Inoizko aurrekontu murriztaileenak» dira Espainiako Gobernuak irailaren hondarrean aurkeztu zituenak. Hala adierazi zuten Espainiako Legebiltzarreko oposizioko talde guztiek, eta datorren asteartean eta asteazkenean egingo duten eztabaidan islatuko da PPkoak ez beste talde guztien arbuioa, UPN eta Foro salbu. Gobernuak, hala ere, bere gehiengo absolutuaren alperra pasatuko du, eta aurrera egingo du.

Hamaika osoko zuzenketa jaso ditu Espainiako Legebiltzarrak, Eusko Alderdi Jeltzalea, Amaiur eta Geroa Bairenak tartean. Defizita mendean hartzeko Espainiako Gobernuak murrizketen bidea aukeratu duela; horixe da euskal diputatuek darabilten ideia nagusia. Eta orain arteko errezeta ezaguna «harago» eramango duten aurrekontuak atzera botatzea eskatuko diote Mariano Raxoiren gobernuari.

«Pertsonen gainetik jarri dituzte bankuak», dio Sabino Cuadra Amaiurko diputatuak. «Zorrarentzat bideratu duten diru kopurua ministerio guztietan bideratu dutenaren adina da; horrek dena esaten du». Cristobal Montoro Ogasun ministroak aurrekontuak egiteko hartu dituen aurreikuspenak «faltsuak» dira, Cuadraren esanetan. «BPGren hazkunde faltsua dute oinarrian, %0,5eko atzeraldia. Espainiako Bankuak berak beste zenbaki batzuk eman ditu, baita NDFk ere, %1,5eko atzeraldia aipatuz».

Zer gertatuko da Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak betetzen ez badira? «Atzeraldia handitu egingo dela, eta murrizketa gehiago egingo dituztela». 2013an Raxoiren gobernuak «tupust egingo du errealitatearekin»; murrizketa berrien kanpaiak joko du orduan. «Aizkora baino gehiago motozerra aterako dute; pentsioak ukitu behar dituztela argudiatuko dute, baina bitartean, aurrekontu hauekin Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako hauteskundeen epea gaindituko dute; hori baitute helburu ezkutuetako bat». Sabino Cuadrak Madrilen irakurriko duen idatziak «Euskal Herriak krisitik ateratzeko behar duen finantza burujabetza» jasoko du. PP-UPN bikoteak Hego Euskal Herriko botoen «%23 inguru besterik ez du», eta beste %77ri murrizketak «inposatzen» ari zaizkie, Cuadraren hitzetan. «Espainiak hondamendira garamatza».

«Euskadi, oso leku txarrean»

Eusko Alderdi Jeltzaleak ere osoko zuzenketa egingo die aurrekontuei, murrizketak «muturrera» eramaten dituztelako. Pedro Azpiazu diputatuak irakurriko du EAJren idatzia. «Langabezia handitzeko aurrekontuak dira», dio; «defizita betetzeko Europak agintzen duena zorrotz betetzen du, eta PPri ez diogu entzun ekonomia berpizteko inongo egitasmorik. Aurrekontuak egoera horren isla dira». Azpiazuk «errealitatetik kanpo» kokatzen ditu gobernuaren zenbakiak. «Ezin dira eutsi objektiboki; aurreikuspen guztiak faltsuturik daude».

«Euskadi oso leku txarrean uzten dute aurrekontuek», jarraitu du Azpiazuk. I+G+B proiektuak eta azpiegitura batzuk baztertuko direla dio; kultur arloan ere eragina izango du, tartean Donostiako Zinemaldian. AHTak kezkatzen du gehien, hala ere. «Izugarri jaitsi dute aurrekontua; jaitsiera guztiak kontuan hartuta, %60 inguru». «Epea asko luzatzen ari da; 2016rako ez da bukatuko, seguru».

Bestalde, Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak ere beren osoko zuzenketa aurkeztuko du Madrilen. «2013rako bete nahi dute defizitaren muga, eta ez dira gai izango aurtengoa betetzeko», dio. Langabeen laguntzek %6,3ko murrizketa dute, eta defentsan, %6koa. «Datu hori nahikoa da osoko zuzenketa bat aurkezteko».

Osasunean %22ko murrizketa egitea ere jasotzen dute Espainiako Gobernuaren aurrekontuek, baita %21,3koa egitea ere Industria, Energia eta Turismo ministerioetan. Hezkuntza eta kultur arloetan %17,2koa izango da galera, eta nekazaritza eta ingurumen ataletan, %13,2koa.

Legebiltzarra inguratu

Espainiako aurrekontuen eztabaidaren egunerako, astearterako, Madrilgo legebiltzarra «inguratzera» deitu du Irailaren 25eko koordinakundeak. Aurreko deialdietan, batik bat orain hilabete, lege aldetik izan zituzten arazoak eta istilu larriak kontuan hartuta, deialdi argia baino argiagoa egin dute: «Inguratzera deitzen dugu; hitzez hitz eta era metaforikoan; indarkeriarik gabe eta adimenez».

Legebiltzarreko oposizioko taldeek bezala, I-25 taldeak bere osoko zuzenketa egin die Mariano Raxoiren aurrekontu orokorrei, eta hainbat kidek legebiltzarrean utzi dute euren idatzia, jasorik gera dadin. Gobernu delegazioari ez diote ofizialki mobilizazioaren berri eman; «komunikabideen bidez esan dugu manifestaziorako eskubidea dugula eta gauzatuko dugula». Aurreko irailean kide batek fax bat bidali zuen delegaziora deialdiaren berri emateko, eta ondoren 6.000 euroko isun bat jaso zuen. Halakoak saihestu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.