Ipar Euskal Herriko ardi gasnaren Ossau-Irati sor-marka bere hartan geldituko da. Inao Jatorriaren eta Kalitatearen Frantziako Institutuak ez ditu ontzat eman azken bi urteetan egindako aldaketa proposamenak, eta hala jakinarazi die babesturiko jatorri izeneko kide diren eragileei. Bilkura egin dute Larzabalen (Behe Nafarroa), ateak itxita. Hasieran prentsari erantzutea ukatu badu ere, Jerome Gazagain Ossau-Irati sor-markako presidenteak erran du «lanean» segituko dutela beste baldintza bilduma bat adosteko.
Sindikatuen artean desadostasunak agertu baziren ere urte hasieran, Pirinio Atlantikoetako laborantzako ganberarako hauteskundeetan, eztabaida 2023tik dago mahai gainean. Orduan hartu zuen Gazagainek Ossau-Irati sor-markaren gidaritza, eta baldintza bilduma aldatzeko prozedura abiatu. Hiru sailek osatzen dute sor-markaren egitura: etxeko ekoizleek, esnea saltzen duten laborariek eta esnetegiek; bakoitzak ditu bere bozeramaileak. Duela bi urte, FDSEA sindikatuaren ildora lerratu zen sor-markaren barneko oreka.
Baldintza bilduma aldatuz, hainbat neurri arindu nahi zituzten, hala nola urtean ekoitzi daitekeen ardi esnearen gehienezko kantitateari loturikoa, kabalei ematen zaien bazkaren jatorriari buruzkoa, eta baita bazkaren osaketari dagokiona ere. Biziki teknikoak dira arlo guziak, baina helburu argi bat zen aldaketaren gibelean: produktibitatea emendatzea. Hala iritzi dio Antton Urrizaga etxeko ekoizleen bozeramaileak. Uste du egin nahi zituzten aldaketak «produktibismoari buruz» joateko zirela, «anitz esne ekoizteari buruz», eta «kalitatea gibelera utziko» zela.
«Inaon jaso genuen proposamenak ez zuen bat egiten gure politikarekin, eta hori esplikatzera etorri gara», laburtu du Patrice Chassard Inaoko nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren batzordeko presidenteak. «Bozeramaile guziekin lanean aritu gara, eta aztertu dugu ea nola eraiki dezakegun etorkizuna baikorki lurralde honetako sor-markarentzat».
Chassardek erran du lurralde guzietan ikusten dituztela desadostasunak, eta hori «normala» dela. «Guretzat garrantzitsuena da sor-markak balioa izatea kontsumitzaileentzat. Kontuan hartu behar du lurraldeak zer berezitasun eta abantaila dituen, eta baita gizarteak zer igurikatzen duen ere. Hau da, gizarte, ekonomia eta ingurumen arloan iraunkorra izan behar du. Galdera da nola ekoitzi kalitatezko produktu bat, kontsumitzaileak onar dezan garestiago ordaintzea. Hor dago giltza».
Balio erantsia galtzeko arriskua
Ekain bukaeran Paris inguruan egin zuten bilkuran hartu zuen erabakia Inaoko batzordeak, eta uztail hasieran jakinarazi zien sor-markako kideei, gutun bidez. «Batzorde iraunkorrak interesa ikusten dio baldintzen bilduma aldatzeari, ekoizpen egituren bilakaera beharrei egokitzeko, hala nola klima aldaketari begira. Baina uste dugu arriskua badela ekarritako erantzunek sor-markaren oinarriak ahultzeko. Baliteke horrek kalte egitea haren famari; baliteke balio erantsia galtzea ere, eta, beraz, esperotako emaitza ekonomikoak ez ematea».
Urrizagaren hitzetan, ezin da «argiago» mintzatu. «Inaok biziki klarki erran digu orain arteko ibilmoldea eta helburuak ez direla aldatzen ahalko». Frantziako erakundearen «babesa» sentitu dutela erran du. «Azken bi urte hauetako aldaketak laborari gutxi batzuek dituzte eraman, eta entzun dute, entzun eta ulertu nahi izan badute segurik, ez dela posible».
Urrizagaren iritziz, «denak ados» dira, «sektore bat» izan ezik. «Hemendik at ikusi beharko dugu nola antolatu denen artean berriz eskuratzeko sor-marka hori, eta esku batez eramateko. Hori da ondoko hilabeteetan abiatuko dugun lana».
Hauteskundeak udazkenean
Chassardek azpimarratu du ez dutela aterik itxi baldintzen bilduma aldatzeko, «horretan ez dago eztabaidarik». Horiek horrela, Gazagainek erran du «lanean» segituko dutela. «Guk baldintzen bilduma idatziko dugu, eta Inao hor dago errateko zuzen ari garen edo ez. Baina «urteetako lana» beharko da. «Ez dugu bihar eginen, ezta 2026an ere, zoritxarrez».
Gazagainek erran du beharrezkoa izanen dela ados jartzea. «Hiru familia daude sor-markan, eta bakoitzak bere ordezkariak hautatzen ditu, bozka bidez. Horiek parte hartuko dute lan bilkuretan». Udazkenean izanen dira ordezkariak hautatzeko bozak.