Lan baldintzak

Ostalaritzako «lan esplotazioa» salatu du LABek

Sindikatuak elkarretaratze bat egingo du Donostian atxilotutako enpresaburuen jatetxe baten aurrean.

LABen elkarretaratzea Donostian, lan ikuskaritzak salatutako tabernaren aurrean. GOTZON ARANBURU (FOKU)
2023ko urtarrilaren 27a
13:24
Entzun

Ostalaritzan lan abusuak areagotzen ari direla salatu du LABek, eta defendatu du sektorean lan egiten duten guztien eskubideak ziurtatu behar direla. Sindikatuak elkarretaratze bat egin du Donostian, lan esplotazioagatik atxilotutako hiru enpresaburuen jatetxe baten aurrean. Azpimarratu du «sektorerik prekarizatuenetako» bat dela ostalaritza, eta Donostian oso agerikoa dela hori.

Hilaren 12an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, ogasun eta gizarte segurantzaren aurkako eta langileen eskubideen kontrako delituak egotzita. Zehazki, atzerriko 21 langile esplotatzea eta ogasunari 80.000 euroko iruzurra egitea leporatzen diete. Donostiako bi jatetxe ikertu dituzte, biak enpresaburu berberenak. Bi enpresaburu eta jatetxe horietako baten kudeatzailea atxilotu zituen Poliziak, eta epaiketaren zain daude. Ikerketa 2022ko azaroan hasi zuen ikuskaritzak, langile batek egindako salaketa batengatik.

Salaketa horretan, langileak zioen hamabi ordutik gorako lanegunak zituztela, atseden egunik gabe. Enpresak, baina, ukatu egin du halakorik, tabernetako baten beiratean itsatsita jarri duen kartel batekin, langile batzuek sinatu dutena. LABek sinesgarritasuna kendu dio oharrari, eta aurreratu du enpresaburu talde horrek Hondarribian (Gipuzkoa) duen lokaleko bi langilek salaketa jarriko dutela. Sindikatuak elkarretaratze bat egingo du han, datorren asteartean.

Ezagututakoak hautsak harrotu ditu Donostian. Aste honetan pintaketak egin dituzte establezimendu horietan. Halaber, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak adierazi du enpresaburuei leporatzen dietena frogatuz gero «merezi duten zigorra» jasotzea espero duela, eta azpimarratu du horrelako kasuek «sektore osoa» kaltetzen dutela. Eneko Goia alkateak, berriz, esan du «oso kezkagarria» dela gertatutakoa, eta «erantzun sendoa» behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.