ZERGAK

Ostalaritzan BEZa %5,5era jaustea ez du baimendu Europak

Europako Batasuneko Finantza ministroak ez direnez ados jarri atzoko bilkuran, zergak %19,6koa izaten segituko du Ipar Euskal Herriko eta Frantziako jatetxeetan, eta 5,5ekoa eraikuntza sektorean

Nora Arbelbide Lete.
2005eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Azkenean ez dute akordiorik lortu Europako Batasuneko 25 Finantza ministroek Bruselan. Ezingo dute, beraz, BEZ zerga %19,6tik %5,5era apaldu Iparraldeko ostalaritza sektorekoek %7an dago Hego Euskal Herrian. Ministroek dosierra atzeratzea erabaki dute, heldu den abenduaren 15 eta 16an iragatekoa den goi bilerara.

Alabaina, EBko herri guztien baimena lortu behar du Frantziako Gobernuak jauste baten aldeko erabakia hartzeko. Eta atzoko bilkuran ez zuen aho bateko adostasuna eskuratu. Oposizio nagusia Alemaniatik etorri zitzaion. Hango gobernu berriakBEZa hiru puntuz igotzea erabaki baitu bere aurrekontuak sendotzeko. Orain zerga apaltzen uzten badio Frantziako Gobernuari, beldur da horrek ideiak emanen dituela bere herriko ostalariei. Eta Peer Steinbrueck Alemaniako Finantza ministroak abisatu zuen ez dela prest «presioei» amore emateko.

Gordon Brown Erresuma Batuko Finantza ministroak Alemaniari denbora eman behar zaiola adierazi zuen jarrera defini dezan. Thierry Breton Frantziako Finantza ministroak, berriz, atea ez dela arrunt zerratua zeritzon. Haren ustez, Alemania prest dago keinu baten egiteko. Dena dela, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako ostalaritzako sektorekoak ez dira horretan gelditzekotan. Ez dute beste bilkuraren beha egon nahi. Bada orain zazpi urte horren gibeletik ari direla, eta horrekin aski dela gaineratzen dute. Jacques Chirac Frantziako lehendakariak hauteskunde garaian hitzemana zuen. Baina geroztik, aldarrikapenak ezetzak baizik ez ditu ukan erantzun bezala. Bidea aldatzeko asmoz, azken egun hauetan berriz hasiak ziren berotzen, bereziki UMIH, Ostalaritzako Industria eta Lanbideen Batasuna.

UMIHren ustez, preseski, Frantziako Gobernuak gauzak aldatzeko aukera badauka, EBtik aparte, Subsidiaritate printzipioaren izenean. Horrek dio lehiarik ez dagoen sektore batean estatuak berak har dezakeela erabakia, Europara jo gabe. Ostalaritza sektorean ez dagoenez lehiarik normalki aleman bat ez baitoa Frantziara afaltzera Frantziako Gobernuak neurria har dezakeela pentsatzen du UMIHk.

Baina hara. Frantziako ogasun publikoak, murrizte horregatik, orotara, urtean 3 miliareuro gutxiago ukanen lituzke bere kutxan.

Ofizialeentzat ere akordiorik ez dute lortu

Ostalaritzakoentzat bezala, ofizialeentzat ere ezin izan dute ministroek elkarren artean adostu.

Frantziako Gobernuaren jarrera, haatik, ez da arrunt berdina izan. Breton ministroak iragarri zuen hilaren 15 eta 16an eraikuntza sektorean ez bada akordiorik lortzen BEZ zergak lehen bezala %5,5ean segituko duela arraberritze lanentzat 2006ko urtarrilaren 1etik landa. Iduriz, Europako Batzordeak ulertarazi du, gainera, ez dituela zigortuko murriztea mantenduko duten herriak. Dena dela, egoera amesgaizto bihurtzen ari dela salatu dute Capeb ofizialeen sindikatu nagusiak. Bada orain bost urte BEZ zerga %5,5ean dutela.

Roland Hegi -Umih-ko Ipar Euskal Herriko lehendakaria

«Zerga ez bada apaltzen, jatetxeen %30 desagertuko dira»




Tolosan (Okzitania) dago aste osorako Hegi. UMIH-ko Frantziako arduradunekin bildua. BEZ zerga dute, besteak beste, aipagai nagusia.

Ostalaritzaren defentsaz arduratzen den erakunde bezala, zer eskatzen duzue zehazki?

Gauzak sinpleki esplikatzeko, guk produktuak erosten ditugularik merkatuan, beste nor nahik bezala BEZ zerga %5,5 ordaintzen dugu. Aldiz, guk janaria prestatu eta, gure jatetxeetako bezeroek janariaren BEZ zerga %19,6 ordaintzen dute. Bien arteko irabazia Estatuak du hartzen. Guk galdegiten duguna da %19,6 hori %5,5era apaltzea.

Horrek zer erran nahi du? Ondorioz prezioak apalduko direla?

Ez. Egia da lehia areagotu dezakeela, baina ez da erraza izanen, jadanik bazkari bakoitzaren irabaziak hertsiak direlako. Argi dena da, hasteko, BEZa ez bada apaltzen, prezioak iganen direla, dena garestitzen ari baita. Guk eskatzen duguna da ezberdintasun hori guk atxikitzea; sektoreak izugarrizko beharrak ditu. Guk, UMIH gisa, haste-hastetik erraten dugu enplegu berriak sortzea dela lehentasuna.

Zein dira zuen argumentuak?

Hiru puntu nagusi daude. Batetik, lehen erran bezala, enplegu berriak sortzea. Ostalaritzan langileak eskas dira. Baina arazoa da ez dela diru aski langile berriak hartzeko. Sektore horren irudia biziki txarra da. Beti lanean ari zara besteak pausan direlarik. Gainera, lan baldintzak ez dira onak. Justuki, irabaziak hilabete sariak hobetzeko erabiliko lirateke. Eta hirugarren argumentua inbertsioarena da. Seguritate eta garbitasunari lotu arauak gero eta zorrotzagoak dira. Kostu gero eta handiagoa eskatzen dute. Eta hori nola ordaindu? Anitzek ezin dute gehiago segitu.

Nola ikusten duzu geroa?

Ez bada deus egiten, lanbide osoarentzat da egoera larrituko. Hemendik zenbait urtera ostalaritzan ari direnen %30 dira desagertuko. Segur. Ipar Euskal Herrian ostalaritzan ari diren bi nagusietarik batek 60 urte ditu! Oinordekotza eskas da. Eta horrek zer erran nahi du? Ostatuak hestearekin, bizia da galduko. Ostatu eta jatetxeek lotura soziala segurtatzen dute, bereziki herri ttipietan, demagun Aldude edo Banka herriak (Nafarroa Beherea). Horrelako herrietan ostatu bakarra dute. Zer gertatuko da hesten bada? Denen ardura da egoera hobetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.