Lan gatazkak

Ostiralean greba egingo dute Diaren Bizkaiko supermerkatuetan

Kaleratzeak, gehiegizko lan kargak eta lanaldi malguegiak salatu nahi dituzte sindikatuek.

Diaren supermerkatu bat. IñIGO URIZ, FOKU
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 11
12:38
Entzun

Abenduan bi greba egun egin zituzten Diak Bizkaian dituen supermerkatuetan, lan baldintza kaskarrak salatzeko. Protesta horiek saltokietako arduradunen jarrera aldatzea lortu ez zutenez, mobilizazioak "areagotzea" erabaki dute. Langileak hirugarren greba egunera deitu dituzte sindikatuek, ostiral honetan. Haren bidez nahi dute zuzendaritza negoziazio mahaian esertzea. 

Lau dira sindikatuen kexu nagusiak. Lehenik, salatu egin dute lan kargak "gehiegizkoak" direla. "Neurriz gaineko ahalegin fisikoak eskatzen dizkigu. Ez dugu osasuna galdu nahi, enpresak ezarritako lan molde txarrengatik". Arazoaren sorburua, haien hitzetan, honako hau da: oporretan, gaixo baimenarekin edo eszedentzian dauden langileak ez dituztela ordezkatzen.

Lanaldiak, luzeak izateaz gain, "nahierara" ezartzen dizkietelako haserre daude. "Erabateko malgutasunaren" ondorioz ordutegi aldaketa ugari egiten dizkiete.

Enpresak hainbat langile "bidegabeki" kaleratu izan dituela, denda asko itxi dituztela eta frankiziatutakoak gero eta gehiago direla ere salatu nahi dute grebaren bitartez.

Diak 50etik gora supermerkatu ditu Bizkaian. Talde berekoak dira Claret lurrin dendak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.