ZERGAK

Otzara bete BEZ

Debaluazio fiskala egitera behartu nahi du Bruselak Madril, zuzeneko zergak jaistearen truke BEZa igoz. Erreskatatutako estatuentzat bide hori hartu du EBk.

Jon Fernandez.
2014ko martxoaren 23a
20:09
Entzun

Proposamena bere horretan betetzen bada, Hego Euskal Herriko familia bakoitzari urtean 342 euro garestiago aterako zaio elikagaien otzara betetzea. Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak behin eta berriz eskatutakoa jarri du paperaren gainean Mariano Rajoyren gobernuak osatutako batzordeak: debaluazio fiskala. Hau da, zuzeneko zergak jaitsi —errentaren gaineko zerga, sozietateen zerga eta gizarte kotizazioak—  eta zeharkakoak eta bereziak igotzea—BEZa eta hidrokarburoak batez ere—. Madrilek oraindik ez du argitu proposamenetik zer onartu eta zer baztertuko duen, eta dagoeneko eztabaida sutsua piztu da gobernuaren eta PPren barnean, baina argi dago joera zein den: Bruselak agindu bezala, zama fiskala enpresetatik kendu eta kontsumitzaileen gainean ezarri nahi dute, barne kontsumoari kalte egin badiezaioke ere.

FIAB Janari eta Edari Industrien Espainiako Federazioak kalkulatu du erreforma fiskalak 342 euro garestituko lukeela urteko elikagai erosketa. Zenbaki hori lortzeko egindako kalkulua sinplea da: adituen txostenak esandakoa zenbakitara pasatu dute. Gaur egun, hiru BEZ mota daude. Supermurriztua (%4), oinarrizko janariarentzat (ogia, esnea, arrautzak, fruituak, barazkiak, patatak eta zerealak), botikentzat eta prentsa eta liburuentzat. Murriztua —%8tik %10era igo zuten 2012an—, gainontzeko janariarentzat, urarentzat, ostalaritzarentzat eta etxebizitza berrientzat, besteak beste. Eta BEZ orokorra —%18tik %21era igo zuten duela bi urte—, alkohola, tabakoa, arropa, autoak eta gainontzeko zerbitzuentzat.

Oinarrizko elikagaitzat jotzen ez badira ere, familia batek urtean otzarara sartzen dituen jakietatik %65ek %10eko BEZa daukate. Rajoyk proposamenari kasu eginez gero, horiek denek %21eko BEZa izango lukete. Balio erantsiaren zerga 11 puntu igoko litzaieke, besteak beste, olioari, haragiari, iturriko urari, freskagarriei, kafeari, arrainari, kontserbei, kafeari, umeentzako janariei, txokolateari, azukreari, litxarreriei, lentillei, betaurrekoei, konpresei... Oso luzea da zerrenda.

Montororen ezetza

Hala ere, airean dago erabakia. Bruselaren agindua argia da, baina Rajoyren agendan Europako Parlamentuko hauteskundeak eta 2015eko Espainiako Kongresurako bozak daude gorriz markatuta, eta atzeratu egin nahi du BEZaren igoera. Luis de Guindos Ekonomia ministroak eta Cristobal Montoro Ogasunekoak irudikatu dute argien talka. Bruselaren bitartekaria da funtsean Guindos, teknokrata, eta Eurotaldeko presidentetzarako lehian sartua dago; Montoro, berriz, politikari peto-petoa da, eta elikagai gehienen BEZa igotzeak hauteskundeetan izan dezakeen boto galera du gogoan. Ostiralean, oso modu garbian baztertu zuen produktu batzuk tasa batetik bestera igotzea. Beteko duen ala ez, beste kontu bat da; PPk aspertu arte agindu zuen BEZa ez zuela igoko, eta 2012ko irailean egin zuen.

Azken erabakia uda ostera atera atzeratu dezake Rajoyk, baina ordura arte zergak jaisteko edo ez igotzeko aukerarik ez duela errepikatuko dio Bruselak Madrili. Izan ere, paradoxikoa da Espainian gertatzen dena. Euroguneko batez bestekoaren gainetik daude Madrilen BEZa eta sozietateen zerga, baina bilketaren zerrendan azkenetakoa da. Presio fiskal handia baina diru bilketa txikia, zergei iskin egiteko bide gehiegi dauden seinale.

Bilketa txikia

Eurostaten azken datuen arabera, BEZ orokorra %20,5ekoa da batez beste eurogunean. Espainian, berriz, %21ekoa da, eta gainetik soilik Italia (%22), Grezia, Irlanda eta Portugal (%23) eta Finlandia (%24) ditu; azpitik, berriz, Frantzia (%20) eta Alemania (%19). Sozietateen zergari dagokionez ere euroguneko batez bestekotik (%25,3) gora dago Espainiakoa (%30), baita EAEkoa (%28) eta Nafarroakoa ere (%30) —hala ere, ordainketa erreala txikiagoa da, kenkariei esker—.

Baina zerga handiak izan arren, bilketa txikienetakoa da Espainiakoa eurogunean. Zerga bidez barne produktu gordinaren  %37,1 bildu zuen iaz, eta soilik Letonia, Irlanda eta Eslovakia ditu atzetik. Euroguneko batez besteko bilketa BPGarekiko %46,2koa da. Are txikiagoa da Hego Euskal Herrian: BPGarekiko %36,4 bildu zituzten zergetan EAEn, eta %31,6  Nafarroan.

Bruselak Madrili eskatutako debaluazio fiskalaren gakoa, funtsean, zama fiskala zuzeneko zergetatik zeharkakoetara pasatzea da. Baina dagoeneko langileengan dago zamarik handiena: Espainiako Ogasunak bildutakoaren %44 errenta aitorpenetik dator, BEZetik %31,5 eta zerga berezietatik (alkohola, tabakoa, gasolina, argindarra...) %11,3. Bilketa osoaren %13,3 baino ez dator sozietateen gaineko zergatik.

Iruzurraren bidez BEZaren bilketan galtzen den dirua ere esanguratsua da. 2011n, adibidez, 193.000 milioi euro galdu zituen EBk, bere BPGaren %1,5 adina. Zerrenda horretan, ordea, Espainia ez dago lehenengoen artean, aurretik baititu Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta, bereziki, Italia. Egia da 2008an krisia lehertu zenetik kontinenteko herrialde gehienetan igo dituztela zeharkako zergak eta, bereziki, BEZa. New Direction think tank kontserbadoreak, adibidez, urteak daramatza joera hori salatzen. Alabaina, Bruselak batez ere Greziari, Irlandari eta Zipreri ezarri die debaluazio fiskala. Eta orain Espainiaren txanda da. Izan ere, Frantziak, Italiak, Belgikak eta Finlandiak ere igo dute zeharkako zerga azken urteotan, baina igoera horiek txikiak izan dira, eta neurri berean zuzeneko zergetan ere gorakadak ezarri dituzte, bilketa handitzeko eta defizita txikitzeko helburuarekin.

Eragina kontsumoan

Eztabaidaren beste gakoetako bat debaluazio fiskalaren ondorioen ingurukoa da. Kontsumoa handitu ala txikituko luke? Manuel Lagares adituen batzordeko presidenteak oso argi dauka: "Zuzeneko zergen bilketa txikituko litzateke, baina horrek kontsumoa handitu dezake, eta horrek produkzioa, eta horrek enplegua, eta, azken finean, zerga bilketa igoko litzateke". Are gehiago, proposatutako erreforma bere horretan indarrean jarriz gero, Espainiako BPGa %0,5 haziko litzatekeela iragarri du. Ekonomista askoren ustez, ordea, jada poltsikoan diru gutxi duten erosleei produktuen prezioa igoz gero, kontsumoak behera egingo du.

Bruselak Madrili ezarritako debaluazio fiskalak Hego Euskal Herrian zuzeneko eragina izango du, baina soilik zati batean. Hau da, BEZaren igoera automatikoki aplikatuko litzateke, baina ez sozietate eta errenta zergen jaitsiera, horien eskumena foru ogasunena baita. Euren teilatuan geratuko litzateke, beraz, Madrilek sozietate zergari kenkari gehienak kendu eta %25era jaitsi ostean Hegoaldeko lurralde bakoitzean zer egin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.