Helburu bera dute guztiek: zerga ahalik eta gutxien ordaintzea. Eta horretarako bidea erosketa garestiak eta jabetzak ezkutatzea edota lausotzea da, haien eta norberaren izenaren artean fideikomiso eta sozietate pantailez osatutako egitura konplexua ezarriz. Badaude abokatu eta aholkularitza bulegoak lan hori egiteko prest, eta badaude herrialdeak eta eskualdeak jokaera legezko egiteko prest. Aberatsak eta multinazionalak, zerga ihesean espezializatutako bulegoak eta paradisu fiskalak, joko tranpatian guztiak.
ICIK kazetarien elkartea ezkutatutako aberastasunaren eta aberatsen arteko soka bihurri horiek azaleratzen jardun da azken urteotan. Filtrazioetatik lortutako milioika agirietatik informazioa aztertzen ibili izan dira hainbat hedabide eta kazetari. Lan horietatik atera ziren Panamako paperak, eta orain, Pandoraren paperak iritsi dira.
Oraingo honetan isuritako agi,riak sozietate aholkularitzan aritzen diren hamalau offshore zerbitzu bulegotatik datoz eta ia hamabi milioi paper dira, 2,94 terabyte informazio konfidentzial. Paper horiek deszifratzen jardun dira munduko 150 hedabidetako 600 kazetari inguru.
Beste behin ere, deigarriak dira ikerketari esker azaleratutako izen eta jabetzak. Boterean dauden edo egon diren hainbat liderren eta kargu politikoren izenak agertzen dira agiri horietan. Adibidez, Txekiako lehen ministro Andrej Babis, zeinak Frantziako Rivieran 22 milioi euroko jauregia erosi duen. Edota sozietate bati etxe bate erosi dioten Blair senar-emazteak.
Baina badaude artistak ere; eta kirol munduko jokalari eta entrenatzaileak, eta enpresaburuak, eta koroadunak, eta beste batzuen ustezko maitaleak...Koroadunen artean Abdala II.a Jordaniakoa dago, zeinak Malibun (Kalifornia, AEB)106 milioi dolarren balioko hamalau etxebizitza erosi zituen Suitzako kontularien eta Birjina Uharteetako abokatuen laguntzarekin. Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak, berriz, 91 milioi euroko jabetza bat erosi dio hamahiru urtez Azerbaijango presidente izandako Ilham Aliyeven familiari. Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren izena ere agertu da, harekin erlazio bat izan zuen Corinna Larsenen fideikomiso batean.
Beste adiskide berezi bat ere badago Pandoraren paperetan: Vladimir Putinekin harremana izandako Svetlana Krivonogikh, zeinaren izenean dagoen Birjina Uharteetako konpainia batek Monte Carlon (Monako) 3,6 milioi eurotan erositako jauregi bat. Artisten artean, Shakira, Julio Iglesias, Elton John, Ringo Starr agertu dira Pandoraren paperetan.
Orain arte ezagutarazitako izenen artean ez dago AEBetako lider edo kargu politikorik. Hori bai, AEBetako estatuak bai agertzen dira, non eta paradisu fiskalen zerrendan. Delaware paradisu ezagunaren pareko araudiak ezarri dituzte, esaterako Hego Dakotak eta Nevadak.
'Pandoraren paperek' agerian utzi dute aberatsen zerga ihesa, beste behin
Txekiako lehen ministroa, eta munduko beste lider eta kargudun politiko batzuk daude zerrendan. Urtero milioika euro ezkutatzen dira paradisuetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu