Papandreuk Grezia salduko du, zorra murrizteko

Gobernuak 50.000 milioi euro bildu nahi ditu, enpresetan dituen partaidetzak salduz eta eraikinak alokatuz

jakes goikoetxea
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Greziako Gobernuak herrialdearen zati handi bat salgai jarriko du. Estatuaren ondasunetako asko erakusleihoan jarriko ditu, atzerriko inbertitzaileen diru freskoa lortzeko asmoz. 50.000 milioi euro bildu nahi ditu 2015 bitartean, baina gauza bat da gobernuak zer nahi duen eta beste bat balizko erosleek zer eskainiko dioten. Bai baitakite Greziak diru premia larria duela eta merkealdiko prezioan lortu ahal izango dituztela. Pribatizazioena Europak eta Nazioarteko Diru Funtsak jarritako ezinbesteko baldintza da, 110.000 milioi euroko erreskatearen hurrengo ordainketaren truke, ekaineko azterketa eta gero.

Saldu egingo du loterien, argindarraren (PPC), telekomunikazioen (OTE), metalen (Larko) eta gas naturalaren estatu enpresetan duen jabetzaren zati bat; Atenasko Elefterios Venizelos aireportuan dituen akzio batzuk; eta kasinoetan duen partaidetza. Datorren urtean atea irekiko die inbertitzaile pribatuei posta zerbitzuan. Eta saldu edo alokatu egingo ditu estatuaren hainbat eraikin, tartean Atenasko nazioarteko aireportu zaharra eta 2004ko Olinpiar Jokoetarako eraikitako zenbait kirol instalazio ere.

Baina Greziaren etorkizunari buruzko zalantzak eta mamuak bizirik daude. Alemaniak sua piztu zuen herenegun. Wolfgang Schauble Finantza ministroak esan zuen Greziak zorra berregituratu beharko duela, hau da, zorraren ordainketa atzeratu edo hartzekodunei interesik ez ordaindu. Adierazpen harrigarriak dira, Alemania baita Greziaren hartzekodun nagusia eta Greziak zorrak kitatzen ez baditu, Alemaniako bankuek eta inbertitzaileek galduko baitute diru gehien.

Oraingoz erreskatearen babesa du 2013 arte, baina Grezia ez dago zor merkatuetan dirua eskuratzeko moduan: %13ko interesa ordaindu beharko luke hamar urterako bonuen truke, Alemaniak baino hamar puntu gehiago. Ezinezkoa.

Giorgos Papandreu Greziako presidenteak atzo erantzun zion ezetz: «Gure arazo sakonak konponduko ditugu, ez zorra berregituratuz, herrialdea baizik».

Greziaren zor publikoa 340.000 milioi eurokoa da, herrialdearen barne produktu gordinaren (BPG) %140. Urtea %153an amaituko du, Europako Batasuneko handiena.

Papandreuk herrialdea berregituratzea deitzen dio estatuaren ondasunak saltzeari eta Administrazioa argaltzeari. Sektore publikoa %30 txikitu nahi du. Atzoiragarri zuen datozen lau urteetan 23.000 milioi euro aurreztu nahi dituela funtzionarioak gutxituz eta enpresa publikoen gastuak txikituz (baita zenbait pribatizatu ere). Urtean %10 gutxituko dute funtzionarioen kopurua. Nola? Kontratu berriak mugatuz, astean 37 ordu lan egitetik 40ra pasata eta sektore publikoan behin-behineko kontratuak onartuz. Neurri horiekin 13.000 milioi euro gutxiago gastatu eta 9.000 milioi euro gehiago bildu nahi ditu.

Hala ere, ikusteko dago funtzionarioak kaleratu ahal izango dituen, Greziako Auzitegi Gorenak gobernua kaleratutako funtzionarioak berriro kontratatzera behartu baitu.

Irlandari txaloak

Irlandak ere erreskatea jaso behar izan du. 85.000 milioi eurokoa. Bertako gobernuak Europako Batzordearen, Europako Banku Zentralaren eta NDFren txaloak jaso zituen, ondo aplikatzen ari delako erreskatearen truke hitzartutako neurriak.

Bi aldeak erreskatearen zenbait baldintza berriro negoziatzen ari dira. Irlandari onartu egin diote gutxieneko soldata euro bat igotzea, orduko 7,65 eurotik 8,65era. Ez, ordea, erreskatearen interesa txikitzea. Ez behintzat Irlandak bere sozietate zerga apala igotzen ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.