Uzta bilketarako kanpotik langileak ekarri behar izatea aspaldiko beharra da Euskal Herriko hegoaldean, eta azkenaldian joera areagotu du nekazarien belaunaldi erreleboan dagoen hutsuneak. Marokotik Euskal Herrira etorritako langileetako bat da Abderrazak Aiatxi. Sei urte daramatza lanean nekazaritzan Nafarroako Erriberan, eta sektore horretan esplotazioa «orokortua» dagoela dio. «Paperak izan zein ez, esplotazioa jasaten dugu», ziurtatu du, baina paperik gabekoei «oraindik gehiago» egiten dietela ziurtatu du. Berak baditu Nafarroan lege barruan bizitzeko eta lan egiteko baimenak, baina beste askok ez. Bizileku baimena edukitzen jarraitzeko, lanean jarraitu behar dute, eta jabe asko horretaz baliatzen dira lan baldintza kaskarrak inposatzeko.
Aiatxik euripean zein muturreko beroa dagoenean lan egin izan du, asteburuetan eta jai egunetan. Orain baldintzak hobetu egingo zaizkiola uste du, haren enpresan lan hitzarmena egin baitute aurten: asteko 39 orduko lanaldia ezartzea, bero handiegia egiten duenean freskatzeko gelditzea, soldatak handitzea... Baina, nahiz eta baldintzak hobetzea lortu, uste du oraindik asko dagoela egiteko.
Gainera, ziurtatu du leku askotan ez dituztela hitzarmenak betetzen, eta horrek kezkatzen du gehien. Ikuskariak egon badaude, baina haien eraginkortasuna txikia dela uste du Aiatxik. «Lan ikuskaritza herrira iristen denean baldintzak begiratzera, nagusiek euren artean igortzen dute abisua, inor zigortua izan ez dadin; batzuetan, ikuskaria iritsi aurretik ere nagusiek badakite bidean dagoela».
«Beti dago langile eskasia nekazaritzan, jabeek ez dutelako hitzarmena errespetatzen, ezta langileen eskubideak ere»
ABDERRAZAK AIATXINekazaria
Aiatxik eraikuntzatik nekazaritzarako jauzia egin zuen, baina kontrakoa da ohikoena. Atzerritar asko aritzen dira nekazaritzan bizitzeko baimena eskuratzeko, baina, «esklaboen gisa» tratatzen dituztenez, baimena lortutakoan eraikuntzara jotzen dute askok. «Beti dago langile eskasia nekazaritzan, jabeek ez dutelako hitzarmena errespetatzen, ezta langileen eskubideak ere», esan du.
Beste arazo bat ezezagutza da. Sindikatuekin egindako lanari esker, Aiatxiren enpresako langileek badute beren eskubideen berri, baina salatu du langile askok oraindik ez dakitela zein diren beren eskubideak.