Estatu arrazoi bikoitza dago Cevitalek Frantziako markak erosteko operazioa atzeratzeko. Parisek kosta ahala kosta nahi du talde aljeriarrak Pedro Malagon Donostiako Merkataritza epaitegiko titularraren esku dauden Frantziako markak erostea. Madrilek, berriz, Cofides enpresen finantzaketarako sozietate publikoak Fagor Etxetresnei utzitako dirua (5 milioi euro inguru) berreskuratu nahi du, eta Frantziako hainbat ondasun jarri zituen Fagorrek zor horren berme gisa; hango administratzaile eta Nanterreko epaitegiaren esku daude ondasun horiek orain. Quid pro quo harreman bat nahi du Madrilek, BERRIAk jakin duenez. Interes gurutzatu horiek lirateke oztopo nagusia gaur arte Cevital taldeak Fagor Ireland Frantziako marken gordailua ez bereganatzeko.
Orleans eta Vendomeko lantegietan 1.200 lanpostu sortzea ekarriko luke talde afrikarrak Vedette, Sauter, De Dietrich, Brandt eta Easycook eskuratzeak, Cevitalek Nanterreko epaitegian 100 milioi euroko eskaintza ofizial egitea alegia. Paris oso interesatua dago operazio horretan, bistan da, are gehiago udal hauteskundeak jokatzen ari diren honetan. Baina oraingoz ezin izan da mamitu. 25 milioi ez, baina 35 milioi euro ordaintzeko esan zion Issad Rebrarben taldeari Pedro Malagon Atotxako epaileak, baita Gipuzkoan sortzekoa zen enplegua bermatu zezala idatziz. Orain hobe uler daiteke epailearen ezusteko erantzun hori, baita Espainiako Estatuko abokatuaren ebazpen bezperako helegitea, Cevital operazioa baztertzeko eskatuz.
Baina Aljeriako taldeak ez du amore eman; helegitea jarri zion Malagon epailearen erabaki horri herenegun, eta horrekin batera aste honetan bukatzekoa zen auzia luzatu zuen. Nanterrek gaur izendatua zuen —hiru atzerapen eman eta gero— Cevitalen eskaintzari erantzuteko eguna, baina Donostiako epaitegian marken auzia oraindik argitu gabe dagoenez, eta Cevitalek berak helegitea jarrita salmenta egingo delako esperantzan dagoela erakutsi duenez, Nanterrek luzapena berretsiko duela espero da; alegia, talde aljeriarraren eskaintzari erantzuteko epea atzeratuko duela laugarrenez.
Goi bilera Madrilen
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen ekonomikoko sailburuak Malagon epailearen eta Estatuko abokatuaren maniobrak salatu zituen orain egun batzuk, eta Cevitalen eskaintza «arriskuan» jartzen zutela esan zuen, likidazioa hasi aurretik «jaso den eskaintza bakarra». Aurreko astean Madrilen egon zen Tapia, auzia bideratzea xede zuen bileran, eta ordutik argiago izango du Cevitalen aukera zenbateraino kaltetu den. 30 lagun inguru elkartu ziren, tartean Frantziako eta Espainiako Gobernuen ordezkariak, Jaurlaritzarenak eta Bidasoaren alde bietara egiten ari diren konkurtsoen ordezkariak, administratzaile judizialak alegia.
Asko dago jokoan, enplegu baten zain daudenentzat batez ere, baina baita zorrak jaso nahi dituztenentzat ere, hartzekodunentzat. Cevitalek, likidazioa hasi aurretik, 25 milioi euro jar ditzake mahai gainean, eta balizko 300 lanpostu, Eskoriatzako eta Garagartzako (Arrasate) lantegietan jarduerari eusten badio, bermerik gabe agindu duen moduan, eta 2,5 milioiren truke eta zor kargarik gabe erosi ondoren. Cofides izeneko sozietate publiko espainiar baten milioi gutxi batzuen zorrak ez luke oztopo izan behar ehunka lanpostu salbatuko lituzkeen operazioa egin dadin, baina gaur arte bestela da errealitatea.
Argi dago, dena den, Cevitali buruzko negoziazioak ez direla amaitu; aitzitik, Malagon epaileak helegiteari erantzuteko bi aste dauzka, eta Nanterreko epaitegiak Rebrabek egindako eskaintzaren zain geratuko dela berresten badu gaur, esan daiteke Parisek eta Madrilek negoziatzen jarraituko dutela auziari irtenbide bat eman arte. Cevital ez dago itxuraz 25 milioi euro baino gehiago ordaintzeko prest; ikusteko dago Malagon epaileak azkenean salneurriari oniritzia ematen dion ala ez, eta ematen badio, nola janzten duen erabaki hori.
Mondragonen esku hartzea
Bien bitartean, likidazioan eskaintzak egin ditzaketen taldeak administratzaileen planaren zain daude, haien irizpideak jakitekoeta haien arabera mugitzen hasteko. Likidazioa hiru edo lau multzotan egitea espero da, Egosketan, Konfort atalean eta Etxetresna txikienean. Zerbitzu teknikoa litzateke laugarrena, hura balego, zerbitzu hori beste atalen barruan joan baitaiteke azkenean.
Edonola ere, gero eta argiago dago Cevitalez gain, badirela talde interesatuak Fagor Etxetresnen jardueretan, hasteko Mondragon bera. BERRIAk aurreratu zuen etxetresna txikien atalean Fagor Etxetresnetako bazkide talde batek proiektu bat garatu duela kooperatiba bat sortzeko;bada, Mondragonek plan horri buruzko IBR bat (Independent Business Review) eskatu dio ikuskaritza enpresa bati, eta, haren ondorioak jakin ostean, Arrasatek begi onez ikusiko luke. Likidazioa iristean, beraz, bazkide talde horrek bere eskaintza egin dezake, Mondragonen babesarekin (finantzaketarekin), dozenaka lanpostu sortzeko.
Kooperatiba proiektu horrek bere parekidea izango luke, gainera, zerbitzu teknikoan. Han ere garatu dute bideragarritasun plan bat Fagorreko bazkideek, eta 40 lanpostu segurtatuko lituzkeen enpresa sortzeko, eskaintza bat egingo lukete, Mondragonen azken baietza lortuko balute betiere. Kasu honetan ere Arrasate baiezkoan da, dagokion IBR azterketa eskatu ondoren. Zerbitzu teknikoaren alorreko enpresa horrek Euskal Herri osoan zerbitzu teknikoa ematen duten enpresak (beste 120 lanpostu) koordinatuko lituzke, S.A.T enpresak, eta beste hainbat Euskal Herritik kanpo (800 bat lanpostu).
Hautagaien talde handi bat
Beste ataletan ere ez dira eskaintzak faltako, itxuraz. Egosketan (Garagartza) Cevitalez gain, Cata talde kataluniarra dago interesatua. Arrasateko plantan 200dik gora lanpostu sor daitezkeela kalkulatzen da. Konfort atalean ere badira hautagaiak Bergarako Geyserren erdia eskuratzeko; PHI taldeak 200 lanpostu inguru sor ditzake. Eta etxetresna txikien lerroarengatik (Eskoriatza) eskaintza gehien espero dira, Cevitalez gain, Cata bera dagoelako atzetik, beste inbertsiogileren bat topatuz gero behintzat (Taurus?). Gainera, Fagorreko bazkideen proiektu kooperatiboa legoke, baita Frantziako talde indartsu batena ere, eltzeen merkatuan lidergoa duen taldea.
Fagor Etxetresnen porrota
Parisen eta Madrilen arteko interes gurutzatuek Cevital atzeratu dute
Cofides Espainiako sozietate publikoak Fagor Etxetresnei utzitako diruaren bermea Frantzian dago, eta zorra nahi du MadrilekIBR azterketak eskatu ondoren, bi proiektu diruz babestearen alde legoke Mondragon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu