Espero zena bete da, baina eztabaidak bere saltsa izan du. Goizean Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak adierazpen publikoak egin ditu esanez legea ez zela beharrezkoa. Oposizioak hitzok bere aurka erabiltzen zituela ikusirik, Aranburuk hitza eskatu du osoko bilkuran. Espainiako Gobernua aldatu zenetik "gutxienez hamar aldiz" ahalegindu da harremanetan jartzen, "gutun bidez, telefonoz edo posta elektronikoz", Ogasun ministerioarekin. baina ez dute erantzunik jaso. Aranburuk zehaztu du legea ez zela beharrezkoa, baina laukoak bide hori hartu duela nafarren interesak defenditzeko. Aranburuk presioa beharrezkotzat jo du, bestela unean uneko Espainiako gobernuak "lozorroan" jarraituko lukeelako.
Aranbururen ezusteko interbentzioa txalotu egin dute hainbat parlamentarik. EH Bilduko Adolfo Araizek gauzak argi uztea eskertu dio, baina era berean, gaineratu du legea onartu izanak "segurtasun juridiko handiagoa" emango duela. Araizek arrapostu du "legezkoa" den bitartean hori egiteko erabateko zilegitasuna dutela. Oposizioak denbora gehiago eskatzen zuen bitartean, Araizek gogoraratu die "erlojuaren presioa" buru gain dutela, gehiegi atzeratuz gero, diru hori erabiltzea ezinezko egin daitekeelako. Bere ustez, PSN "trikimailuak bilatzen egon da, arazorik ez dagoen tokian arazoak sortzeko".
PSN, azkenean, abstenitu egin da. Maria Txibitek ez du eledun gisa hitz egin, Ainhoa Unzuk baizik. Nahiz eta laukoak adierazi Espainiak Gobernuaren erantzunik ez duela jaso, Unzuk esan du Madrilek "borondate ona" duela, eta Nafarroako Gobernuari bota dio egoeraren ardura. "Bere lana ondo egin behar du". Unzuren arabera, inbertsioen plan ekonomikoa zuzentzeko eskatu dio Ministerioak, baina Aranburuk gero argitu du ez diotela inork esan zehazki zer zuzendu behar duen.
PPk eta UPNk laukoari aurpegiratu diote legea berme juridikorik gabe egin dela. PPko Ana Beltranek, dena den, esan dio PSNri "zaila" dela Nafarroako Parlamentuan egotea Madrilen norbere alderdiak agintzen duen bitartean. "Hala ere, guk ez dugu distantziarik gordetzen, eta zuek aldiz, beti zaudete distantzia hartzen".