Azken urteotako krisi giroak ez ditu enpresa guztiak harrapatu. Salbuespenen artean dago Tolosako Pasaban, papergintzarako makinen egilea. Salmenten jaitsiera, galerak eta kaleratzeak ohikoak diren garai honetan, negozioa handitu eta langile kopuruari eutsi ahal izan dioten enpresa apurren artean dago. Bere azken proiektuak arrakasta izaten badu bide horretan jarraitu ahal izango dutela espero dute Pasabaneko arduradunek.
Pasaban Connectivity Cloud proiektua aurkeztu zuten atzo, Donostian, enpresako arduradun nagusiek, Gustavo Laskurain zuzendari nagusiak eta Julian Etxeberria salmenten zuzendariak. Internet bidez makinak denbora errealean kontrolatzeko sistema bat da Pasaban Connectivity Cloud. Papergintzan beste inork ez duen sistema bat da, eta lehiatzeko abantaila bat dela nabarmendu du Laskurainek, lehiakideetatik «bereizteko» faktore bat. Paper fabrika handietarako baino gehiago, mantentze propioa egiteko baliabiderik ez duten lantegi txikiagoetarako baliagarria dela uste dute, hala nola paperezko edo kartoizko zorroak edo kaxak egiten dituztenentzat.
Laskurainek uste duenez, produktibitatea %10 handitzeko aukera ematen du sistemak; materialen hondatzea bertatik bertara ikusteko aukera ematen duenez —papera mozteko xaflena, esaterako—, ordezko piezak aldez aurretik eskatzea errazten du, eta izan daitezkeen arazoak Internet bidez konpontzeko aukera ere ematen du.
Munduko 40 herrialdetan zehar barreiatuta dituen 500 makinetan aplika daiteke sistema hori, baina Laskurainek uste du batez ere inguruko herrialdeetan erabili ahal izango dutela, Asian baino produktu osatuagoak egiten baitituzte. Negozioari eusteko eta negozioa handitzeko bidea ere bada, eta espero du haren bidez zerbitzu teknikoak diru sarreren %20 ekarriko diola; 2008tik 2011ra, %5etik %12ra igo da.
80 urtetik gorako historia
1928. urtean sortu zen Pasaban. Hainbat urtez Tolosaldeko paper lantegien hornitzaile izandakoak urrats handia egin zuen 70eko hamarkadan, bi ingeniari elektroniko kontratatu eta elektronika bere makinetan sartzen hasi zenean. Gaur egun, hogei pertsonako lantaldea du arlo horretan, eta, horri esker, aurrez aurre lehia daiteke da Alemaniako enpresekin. Guztira, 155 langile ditu Pasabanek, eta, Tolosako fabrikaz gain, ordezkaritza komertziala, biltegia eta zerbitzu teknikoa ditu Pekinen. Beste euskal enpresa askok bezalaxe, Asiarako jauzia egin behar izan zuen Pasabanek ere, eta gaur egun negozioaren %30-40 artean egiten du han.
Hazkunde jarraia izan du azken urteotan: 2007an, 27 milioi fakturatu zituen, eta 45 milioi iaz. 2007an, 11 makina eraiki zituen, eta 34 2011n. Kopuru hori gainditzea zaila ikusten du Laskurainek — «neurri egokia dugu»—, baina ez du baztertzen, baldin eta hasten badira papera ez den beste materialak mozteko tresneria egiten. Oraingoz, proiektu bat baizik ez da. Beste asmo bat da paper orea mozteko makinak egitea, eta dagoeneko badituzte prototipo batzuk lanean Brasilen, hura baita —Amazoniako basoei esker— paper orearen ekoizle handienetako bat.
Gaur egun, Pasaban papera mozteko makina gehien egiten dituen enpresa da; liderra da billeteak mozteko makinetan ere, eta Txina, Ukraina eta India ditu bezeroen artean. Azken horientzat, ordea, ez du balio Pasaban Connectivity Cloud sistemak, segurtasun kontuengatik.
Pasaban, papergintzako makinak sarera konektatzen
Nazioartekotzeari esker, krisiari izkin egin dio Tolosako enpresak, eta negozioa handitzeko proiektuak ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu