Miguel Buen (Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakaria)

"Pasaiako kanpo kaia egin egingo da, krisiarekin ere azpiegitura handiak aurrera atera behar direlako"

Pasaiako kanpo kaia egin egingo dute, Miguel Buenen esanetan. Egungo Portuak sortzen dituen eragozpenak kanpora ateratzea da helburua. Elkarrizketa eman dio =lOarsoaldeko Hitza==http://www.oarsoaldekohitza.info/paperekoa/2009-07-19/p00002004/Badiaren_birgaitze_orokorrak_justifikatzen_du_kanpo_kaia.htm=l-ri.

Nagore Vega (Oarsoaldeko Hitza)
2009ko uztailaren 20a
11:31
Entzun
Bigarren aldiz zaude Portuan. Zein asmorekin hartu duzu kargua?

Nire esku dagoen guztia egingo dut Portuak behar bezala funtzionatzeko. Horrek zera esan nahi du, jarduera hobetu, gure instalazioak modernizatu... Modernizazio horrekin, bizilagunek jasaten dituzten eragozpenak saihesten ahaleginduko gara. Bestalde, instituzioekin ahalik eta harreman onenak izatea da nire asmoa. Harreman horiek errespetuan oinarrituta egon behar dute, hala izango da behintzat nire aldetik, eta kolaborazioan. Eta horixe bera eskatuko dut bueltan. Bestetik, lan gogor egingo dut, kanpo kaia egiteko, noski.

Birgaitzea eta kanpo kaia derrigorrez lotuta doaz?

Paraleloak dira. Bizilagunei eragozpen gehien sortzen dizkieten jarduerak kanpora aterako ditugu. Horretan jarri ditugu indarrak.

Zein arrazoi daude kanpo kaia egin behar izateko?

Badiaren birgaitze orokorrak justifikatzen du behar hori.

Eta nola geldituko litzateke barneko Portua?

Dagokion administrazioek zehaztu behar dute. Planeamendu orokorra Aldundiari dagokio, Portua lau herritan dagoelako: Donostia, Lezo, Errenteria eta Pasaia. Garapen planeamendua, berriz, herriei dagokie. Portuak proposamenak egingo ditu lurrak bereak baitira.

Nola jasoko dira herritarren iritziak, kezkak eta beharrak?

Lurzoruaren Legearen arabera, hiru modutara parte har dezakete. Batetik, udaletan aukeratutako ordezkarien bidez. Bestetik, Hirigintza Aholkularitza Batzordeetan. Azkenik, alegazioak aurkeztuta. Aldundiak eta udalek, onartu edo ukatzeko eskubidea dute.

Bai, baina, kanpo kaiak kontrako iritzi asko sortu ditu. Parte-hartze zuzenagorik izango al da? Galdeketa, kontsulta...

Zergatik? Kontsulta edo erreferenduma, zein mailatan egingo genuke? Hiru herri, lau, Oarsoaldea osoan, probintzia osoan, Euskadin... Azpiegitura hori toki batean dago, noski, baina azpiegitura interes orokorrekoa da eta hainbat herri hartzen ditu bere baitan. Inkesta dezente egin dira dagoeneko, baina horietan ateratako emaitzak ez zaizkie gustatu sektore batzuei (kontra daudenei, noski). Izan ere, gehienak, kanpo kaiaren alde daudela atera da, barneko eragozpenak bukatuko badira. Gero, barnean geldituko lirateke: lonja, ontziola, Nabalaldea eta autoen siloa. Gainontzeko guztia kanpo kaira joango da. Ur eremuari dagokionez, arrantzatzeko eta ontziolarentzako tokiaz gain, gainontzekoa kirol kaia egiteko izango da. Kantauri isurialde osoko kirol kairik onena izango dugu modu horretan, dudarik gabe.

Krisiak Portuari ere eragin dio. Eta, diozuenez, egungo portuak muga jo du. Kanpo kaiak garai oparoagoak ekarriko lituzke?

Normala da krisiak eragina izatea, guk ez baitugu ezer sortzen. Alegia, gu katearen erdialdean gaude. Merkantziak mugitzen ditugu, ekarri eta eraman. Ez badira ekoizten, guk ezin ditugu mugitu. Kanpo kaiak krisia konponduko lukeen? Egun jaso ezin ditugun hainbat merkantzia jaso ahal izango genituzke: autoentzako piezak, obretarako makinak... Egun ez dugu ahalmenik horretarako eta trafiko hori galdu egiten dugu. Baina krisiak berdin eragiten digu eta eragingo liguke. Sistema guztiari eragiten dio krisiak eta gu ez gaude hortik kanpo.

Kanpo kaia egingo ez balitz barnekoa itxiko litzateketela diote batzuk.

Ez litzateke itxiko. Urteak daramatza bertan eta jarraituko luke. Krisia pasatuta, errekuperatuko litzakete, baina betiko mugan geldituko litzateke: sei milioi tonako trafikoan. Hortik aurrera ez luke egingo.

Nola lortuko duzue kanpo kaiarentzako finantzazioa?

Horretan gabiltza. Krisiarekin edo gabe, azpiegitura handiak aurrera atera behar dira, baina zaila da, noski. Lan asko egiten ari gara eta zenbaki asko. Egunaren %80 horretarako bideratzen dugu.

Diru hori ez al da beharrezkoagoa oinarrizkoagoak diren gauzetarako?

Zertarako?

Gero eta jende gehiago dago lanik gabe, batzuek ez dute langabezia kobratzen ere, gero eta jende gehiagok laguntza behar du egunero jan ahal izateko...

Lan aukera sortzen ez badugu, jende gehiago egongo da langabezian.

Baina noiz sortuko litzateke lan aukera hori?

Obrak hasten diren momentuan. Hainbat lanpostu izango dira zuzenak eta beste hainbat zeharkakoak. Galizian, esaterako, materialak egiteko fabrikan bakarrik 600 pertsona daude. Horiek sortzen duten zeharkako lana... pentsa! Horiek langabezian egotea baino hobea da lanean egotea.

Eta eraikitzen bukatzen dutenean, berriro langabeziara?

Portuan lanean jarraituko dute. Bukatzen ez den obra da portua. Etengabe (edo askotan) daude lanak. Gainera, denbora horretan, hainbat ezagutza lortuko dituzte langileek eta beste esparru batzuetan lan egiteko ahalmenak lortuko dituzte, ziur.

Zundaketa lanak gelditu dituzte. Espainiako Ministerioaren ingurumen azterketa falta da. Zein puntutan dago kanpo kaia?

Ingurumen azterketaren zain dago. Txostenak egiten dituztenean, teknikoek aztertuko dituzte eta hartu beharreko neurriak hartuko dituzte. Ondoren, neurri horiek eraikuntza proiektuan integratuko dira.

Proiektu horretan nola babestuko eta errespetatuko litzateke Jaizkibel?

Jaizkibelek izango duen gaitz bakarra, zuzena, tunelak irekitzea izango da. Itxurari dagokionez, kanpo kaia Jaizkibelen gainean egongo da. Alegia, itsaslabarren oinarriaren gainean, baina ez du eragin zuzenik horiengan. Hiru tunel eraikiko dira eta Jaizkibel errespetatuko dugu, noski. Esaterako, tunelek itsasora izango duten irteera aldatu dugu Zuzenketa Planean, bertan dauden hegazti batzuengan eraginik ez izateko. Pentsa zein neurriraino hartzen dugun Jaizkibel kontuan.

Lezo eta Pasaia proiektuaren kontra daude.

Norberak eskubidea dauka bere iritzia defendatzeko. Haiek euren jarrera izango dute eta guk gurea, dudarik gabe. Baina hori, interes orokorreko azpiegitura da.

Egin, egingo duzue, beraz.

Bai.

Termikak ere kontrako iritzi asko ditu. Kanpo kaian termika jartzeko asmoa jasotzen du proiektuak.

Zehazki, polo energetiko batez hitz egiten du. Termika ere izan daiteke, ez dut ezer baztertzen, baina beste hainbat ere izan daitezke.

Horrek energia berriztagarriak ere bere baitan biltzen ditu?

Termika bat izan daiteke, ziklo konbinatuko zentral bat, aerogeneradoreak, plaka fotoboltaikoak... Hiru kilometro eta erdiko zonaldeaz ari gara, hainbat sistema sartzen dira bertan, dudarik gabe.

La Herrera ere puntu garrantzitsua da birgaitzeari dagokionez. Obrak hasi ziren, baina geldirik daude. Nola dago gaia?

Portuak ordenatzeko duen proposamena Plan Berezian dago jasota. Geldirik dago, bai, Plan Berezia tramitatzen ari gara. Behin-behinean onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Plan Berezia jendaurrean dago eta alegazioak aurkeztu daitezke. Donostiak eta Errenteriak ere baietz esan diote.

Lonjarekin nahikoa adostasun dago. Portuak, Udalak eta herritarren gehiengoak iritzi berdina duzue: Lonja bertan geratzea. Sektorearentzako ona izango al da?

Ona izango da mantentzeko eta hobetzeko, bai osasun baldintzei eta bai erosotasun baldintzei dagokienez. XXI. mendekoa izango da, ez XVIII.ekoa.

Errenteriako alkatea izan zara, Eusko Legebiltzarreko kidea, Espainiako Parlamentukoa... Zer falta zaizu?

Kanpo kaia egitea, kar kar. Ez zait ezer falta eta ez dut ezer soberan. Egon naizen toki guztietan ahalik eta ondoen lan egiten ahalegindu naiz. Nintzen tokian nintzela, ahalik eta onena ematen saiatu naiz.

Itzuliko zinateke Errenteriako Udalera?

Zaila litzateke. Juan Carlos Merino izango da gure hautagaia datozen hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.