Iaz %2,8 hazi zen Bizkaiko ekonomia, eta aurten %2,5, Cebek patronalak goizean aurkeztu duen txostenaren arabera. Hazkunde horren eskutik 8.000 enplegu sortzea espero du. Horietatik mila dagoeneko sortu ditu lehen hiruhilekoan, industriari esker batez ere. Edonola ere, ekonomiaren motor nagusia zerbitzuak izatea espero du, industria "gutxika" ari baita berreskuratzen.
Eraikuntzarekin ez da oso baikor Cebek, besteak beste, adjudikazio askok ihes egiten dietelako bertako enpresei. Iñaki Garcinuño patronaleko presidenteak eskatu die euskal administrazioei "sentikortasun" handiagoa izatea lan publikoak ematerakoan, "lehiaketa asko Euskaditik kanpoko enpresek irabazten dituztelako, kostu txikiagoak dituztenek eskaintza hobeak egin ditzaketelako".
Garcinuñoren beste kexua sindikatuei buruzkoa da, haren iritziz, Espainian ez bezala ez dutelako enpresek lanaldia malgutzea onartzen.
Espainiako egoera politikoarekin ere ez dago gustura Bizkaiko patronala. Hauteskundeak errepikatuko direnez, praktikoki urtebete egongo da "gobernu indartsu bat" gabe. Horrek, ezinbestean, inbertsio batzuk geratzea ekarriko duela uste du Cebekek.
Patronalak lurraldeko enpresen artean egindako inkestak datu baikorrak eta ezkorragoak ematen ditu. Batetik, 2016an salmentak gora egiten ari direla esan dute galdezkatutakoen %30ek, eta beste %36k eutsi dietela. Bestetik, enpresen erdiek oraindik bere ekoizpen gaitasunaren %80 baino gutxiago erabiltzen dute.