Patronalaren botorik gabe onartuko dute mila euroko SMIa

CEOEk argudiatu du nekazaritzak eta ostalaritzak ezingo dutela jasan. Hegoaldean, 52.000 langile inguruk jasotzen dute gutxieneko soldata

Mahats biltzaile bat, lanean. Soldata igoerak nekazaritza sektoreko langile askori eragingo die. ABEL ALONSO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ezusterik ezean, Espainiako Gobernuak mila euro gordinera igoko du SMI lanbide arteko gutxieneko soldata. CEOEren babesik gabe egingo du, patronaleko zuzendaritzak iragarri duelako ezin duela onartu Madrilek aurtengorako proposatu duen 35 euroko igoera. Errazagoa izango zaio CCOO eta UGT sindikatuen babesa lortzea, mila euroren proposamena haiena delako, gutxieneko gisa. Gaur dira amaitzekoak negoziazioak. Igoerak Hego Euskal Herriko 52.000 langileri eragingo die, gutxi gorabehera.

Iazko irailaz geroztik, urtean 13.510 euro gordinekoa da soldata hori, eta 14.000ra igoko da orain. Hori zenbat da, garbi? Atxikipen eta kotizazioei eragiten dieten egoera pertsonal ugari daude, baina, eredu bat jartzearren, jardunaldi osoko kontratua duen seme-alabarik gabeko 30 urteko langile batentzat, 12.350 euro garbi lirateke urtean. Eta soldataka? Hamalau ordainketa badira, 870 euroko hamabi soldata eta 945 euroko bi estra; hamabi ordainketa badira, berriz, 1.030 euro hilean.

Kopuru zehatzik ezean, Hego Euskal Herrian 52.000 inguru lirateke hortik behera dauden langileak. Zaintzan, banaketan, nekazaritzan edo ostalaritzan dihardute gehienek. Enpresari elkarteek, baina, igoera hori «onartezina» dela esan dute, eta 2019az geroztik %30 igo dela gutxieneko soldata. «Nekazaritzan eta eskulan intentsiboa behar duten sektoreetan (garbiketa, ostalaritza...) ezingo dute jasan: urteak daramatzate askotariko gainkostuei aurre egiten», argudiatu dute enpresariek, ohar bidez.

Adostasunik ez

Sindikatuek, aldiz, begi onez ikusten dute igoera. Urte hasieran «gutxienez» mila eurorainokoa izan behar zuela esana zuten, KPIaren igoera handiari aurre egiteko. Era berean, gobernuari eskatu zioten igoerak atzerako eragina izan zezala: urtarrileko soldatan ere aplika zedila, alegia. Yolanda Diaz lan ministroak hala izango zela esan zuen herenegun. Lan erreforma bultzatzeko sindikatuen eta enpresarien arteko adostasunak izan duen garrantzia goratu zuen Diazek. Gutxieneko soldatarekin, baina, ez darabil irizpide bera.

Sindikatuen helburua 2023an 1.063 euroraino igotzen jarraitzea da. Hori Espainiako batez besteko soldataren %60 da. Hego Euskal Herrian, baina, batezbestekoa handiagoa da, eta, ehuneko bera aplikatuz gero, 1.400 eurokoa beharko luke SMIak. Europako Gutun Sozialak gomendatzen du bi soldaten arteko proportzio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.