AEBetako finantza sistema diru publikoarekin salbatzeko plan «bizkor eta garbirik» gabe geratzeko arriskua dauka Henry Paulson Altxorreko idazkaria. Senatariek uzkurtasunez eta eszeptizismoz hartu zuten atzo Altxorrari txeke zuria ematen dion plana, eta argi utzi zuten mugak jartzen saiatuko direla.
Paulson, Ben Bernanke Erreserba Federaleko burua eta beste arduradun batzuk AEBetako Senatuko Banku Batzordearen aurrean azaldu ziren atzo salbamendu planarentzat premiazko sostengua eskatzeko. Planak«eragotzi egingo du finantza erakunde batzuek porrot egitea, eta saihestu egingo du AEBetako familien finantza-ongizatea, negozio handi eta txikien bideragarritasuna, eta gure ekonomiaren osasuna bera arriskuan jartzen duen maileguen merkatua izoztea», argudiatu zuen Paulsonek.
Altxorreko idazkariak nahi du Kongresuak 700.000 milioi dolarreko zorpetzea onartzea. Diru horrekin subprime hipotekak erosiko lituzke, baina baita ere mailegu horiekin egindako eta merkatuan salerositako tituluak ere. Horrela, bankuek gainetik kenduko lituzkete galera handiak ekartzen ari zaizkien inbertsioak,bankuen arteko merkatua berpiztuko litzateke, eta egoera txarrenean dauden erakundeek finantzazioa lortuko lukete.
Neurriak «berehala» indarrean jarri behar direla esanez presazjokatzeko eskatu zien Paulsonek senatariei, baina ez zuen nahi zuen erantzuna jaso. Ez demokraten aldetik, ezta errepublikanoen aldetik ere ez. Izan ere, alderdietako buruzagien aldetik plana onartzeko presioa duten arren, herritar haserretuen kexu ugari entzuten ari dira azken egunotan.
«Proposamena irakurri ostean, iruditzen zait ekonomia ez ezik, gure konstituzioa ere arriskuan dagoela», esan zuen Christopher Dodd senatari demokratak eta Senatuko Banku Batzordeko buruak, eta azaldu zuen planak «erabateko inpunitatea» emango diola Paulsoni. Halaber salatu zuen Doddek «kalamitatearen» erantzuleak onik irtengo direla, eta faktura zergadunek pagatu beharko dutela.
Ildo beretik mintzatu zen Jim Bunning Kentuckyko senatari errepublikanoa ere. «Planak arazoa kenduko dio Wall Streeti eta zergadunen lepoan jarriko du. Salbamendu masiboa ez da irtenbidea: finantzetako sozialismoa da, eta ez da amerikarra».
Paulsonek erantzun zien kezkaulertzen zuela, eta bera ere «haserre» zegoela gertatutakoarekin, baina ez zion errua bota bankuen diruzalekeriari -Goldman Sachs inbertsio bankuko presidentea izan zen 1998tik 2006an Gobernuan sartu zen arte-, baizik eta finantza erakundeen gainbegiratze sistemaren akatsei. Gainera, ukatu egin zuen planaren helburua Wall Streeteko handikiak salbatzeko egin dutela. «Zergadunengatik ari gara egiten. Haiek dira gure kezka bakarra».
«Ez da onargarria»
Paulsonen azalpenek ez zituzten senatariak konbentzitu. «Bidali digutena ez da onargarria», esan zuen Dodd demokratak. Ados azaldu zen batzordeko burukide errepublikanoa ere. «Alternatiba batzuk bilatu beharko ditugu», aldarrikatu zuen Richard C. Shelby Alabamako ordezkariak.
Plana, onartuko balitz, urtarrilean boterea hartuko duen administrazio berriari eragingo dio gehienik. Batetik, berak kudeatu beharko duelako baina, batez ere, sekulako zuloa utziko duelako AEBetako kontu publikoetan. Zor horren zama onartu duBarack Obama demokraten lehendarikagaiak: «Horrek esan nahi al du kanpaina honetan esan dudan guztia berehala egin ahal izango dugula? Ziur aski ez. Gauza batzuk atzeratu beharko ditugu».
Gure ekonomiaren osasuna bera arriskuan jartzen du maileguen merkatua izozteak»
henry paulson
AEBetako Altxorreko idazkaria
«Salbamendu masiboa ez da irtenbidea: finantzetako sozialismoa da, eta ez da amerikarra»
JIM BUNNING
Kentuckyko senatari errepublikanoa
Paulsonen plana uzkurtasunez hartu dute AEBetako senatariek
Neurriak berehala onartzeko eskatu dio AEBetako Gobernuak Kongresuari, ekonomia osoa arriskuan dagoelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu