Urriaren 19an, Kontuz plataformak Jesus Pejenaute Gizarte Politikako kontseilari ohiak 300.000 euro zuritu zituela salatu zuen. Gaur, berriz, diru horren ustezko jatorriaren berri eman du plataformak. Bartzelonako luxuzko atiko baten salmentatik 1,3 milioi euro irabazi zituela azaldu du Patxi Zamora elkarteko kideak. Era berean, Pejenautek Kontuz-en aurkako salaketa jarri duela-eta, taldeak horri aurre egiteko Iruñeko bosgarren epaitegira joko du.
Kontuz-en arabera, gertaerak honakoak dira. 2006ko abenduaren 14an Jesus Pejenautek Nafarroako Kutxarekin 923.759 euroko hipoteka mailegua izenpetu zuen. “Ez dakigu zergatik, urte batzuk lehenago luxuzko etxebizitza baten jabe zirelako jada. Teilatupeko etxebizitza horrek 185 metro koadro eta 200 metro koadroko terraza zuen, eta Bartzelonako auzo aberats batean kokatua zegoen, carrer d'Angliko 15 eta 17an”, azaldu du Zamorak. Otsailean, berriz, 2.224.000 euroren truke etxebizitza hura saldu zuen, aurreko hipoteka subrogatuz.
Hortaz, 2006ko abenduaren eta 2007ko otsail artean, etxebizitza horrek tasazioaren arabera %140ko gainbalioa hartu zuen, eta izenpetutako kontratuetan agertzen denez, CANek jasotako 925.000 euroak kenduta, 1,3 milioi euro inguruko irabazia izan zuen Jesus Pejenautek. Handik astebera egin zen 180.000 euro zuritzeko saioa, urrian Kontuz-ek salatutakoa. Patxi Zamorak honako galderak egin ditu publikoki: “Ondare hori bat al dator Nafarroako Kutxako langile batekin? Ikertu al zuen Barcinak Pejenautek zenbat ordaindu zion Ogasunari operazio horiengatik?”.
Azaroan, Barcinak Parlamentuan azalpenak eman zituen dimisioari buruz, eta bertan adierazi zuen CANeko auditoria batzordeko kide gisa diru zuritze operazioaren berri izan zuela. Gertaera larria izanik ere, batzorde hori hiru aldiz bildu zen soilik, eta horregatik Barcinari galdetu diote zergatik ez zioten arreta gehiago eman diru zuritze saioari. Pejenaute kontseilari izendatzeko txostenak argitara ateratzeko exijitu diote.
Cerveraren aurkako auzian, berriz, herri akusazio gisa aurkeztuko da Kontuz. Zamoraren arabera, ez da Cervera auzia, CAN auzia baizik, sakonean Nafarroako Kutxarekin gertatutakoa dagoelako. “Gure elkartearen izena Asiain jaunari mehatxu egiteko erabili izanak bide ematen du urratsa emateko, nahiz eta bultzatzen gaituena bestelakoa izan: Asiain bazkide den bulegoari CANek egin dizkion ordainak argitzea”.
Kontuz-ek aurreratu du urtarriletik aurrera CANen inguruko egitasmo gehiagoren berri emango duela. Uneotan, Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzordea irekitzeko proposamena eztabaidatzen ari dira.