PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernuaren lehen neurriak hamar milioi pentsiodun ingururi eragingo die. Lehen Ministro Kontseilua egin du Madrilgo gobernuak gaur, eta lehen lege dekretua onartu du: pentsioak KPIaren arabera igotzeko neurria. 2019. urtean inflazioa, Espainian, %0,9 igoko dela aurreikusi du Sanchezen gobernuak, eta pentsioak horixe bera igotzea erabaki du; horrela, izkin egingo diote 2013an Mariano Rajoyren gobernuak %0,25 baizik ez igotzeko onartu zuen sabaiari.
Are, Pedro Sanchezek berak azaldu du Ministro Kontseiluaren ondoko agerraldian —aurrerantzean astearteetan izango da—, 2021eko apirila baino lehen jasoko dutela konpentsazio ordainketa bat pentsiodunek, baldin eta 2020. urteko KPIa %0,9 baino gehiago igotzen bada. "Erosteko ahalmena gal ez dezaten hartu dugu erabaki hori", esan du Sanchezek, gogoratuta Rajoyren garaian pentsiodunek bost urtez galdu zutela erosteko ahalmena, pentsioak %0,25 besterik igo ez zituen dekretua dela eta. Pentsioen %0,9ko igoerak atzerako eragina izango du urtarrilaren lehenera arte.
Bi urte dira pentsiodunak kalean direla protestan, pentsio publiko duinen alde. Pentsioak KPIra lotzeko eskaera bat besterik ez da haiek duten aldarrikapen taulan. Hasteko, pentsioak betiko KPIra lotzea nahi dute, eta ez urtez urte erabakitzea. Bestalde, jasangarritasun faktorea baztertzea eskatzen ari dira, erretiro adina atzeratuz joan ez dadin. Baina Sanchezek aditzera eman du aldagai horiek guztiak Toledoko Itunean erabaki beharko direla, kontsentsu handiagoa beharko dutela. "Enpresariek eta sindikatuek ere zeresan handia dute pentsioen inguruan", gaineratu du pentsio sistemaren jasangarritasunari erreparatuta. "Gobernuaren konpromisoa da pentsioen jasangarritasuna bermatzea".
%0,9ko igoera aplikatu ondoren, batez besteko pentsioa 1.230 euro inguruan geldituko litzateke, Hego Euskal Herrian.
Gutxieneko soldata
Sanchezen gobernuaren lehen Ministro Kontseiluan neurri gehiago irits zitezkeela zabaldu da aurreko egunotan, baina ez. Pentsioen igoeraz gain, asmoak besterik ez ditu aletu Espainiako presidenteak. Esaterako, gobernuak gutxieneko soldata zenbat eta noiz igoko duen galdetu diote, eta erantzuna gobernuak duen helburua izan da. Legegintzaldia amaitu aurretik Espainiako batez besteko soldataren %60ra igo nahi dute gutxieneko soldata. Baina alor hori elkarrizketa sozialera bideratu du Sanchezek, aditzera emanez patronalak eta sindikatuek elkar ulertu beharko dutela. Alegia, akordiorik ez bada, eta CEOE ados egon gabe, ikusiko beharko dela gobernua gai den ala ez gutxieneko soldata igotzeko.
Lan erreformaren hainbat atalez galdetu diote Sanchezi, era berean, baita gaixo-baimenak pilatzeagatik kaleratzea ahalbidetzen duen neurriaz ere, baina gai hori, beste eduki guztiak bezala, elkarrizketa sozialeko mahaira bideratu ditu.
Gobernua azken lan erreformaren hainbat eduki aldatzeko prest legoke, adibidez, ultraaktibitatea —urtebetekoa alboratu eta mugagabea ezarriko litzateke— eta negoziazio kolektiboaren itunen lehentasunak, enpresa itunei kenduta eta sektorekoei emanez. Horrek guztiak, ordea, denbora gehiago beharko du, garbi utzi baitu Sanchezek lehen-lehenik elkarrizketa sozialeko mahaira deitu beharko dela, eta mahai horrek landu beharko dituela eduki horiek guztiak.