Titulu, adierazpen eta albiste gehienak erretiratzeko adinaren atzerapenari buruzkoak izan dira, baina bestelako funtsezko aldaketa batzuk ere proposatu ditu: erretiro aurreratuak mugatzea, kotizazio urteak gehitzea eta alargun pentsioak murriztea eta haiek jaso ahal izateko irizpideak zorroztea.
1. Erretiro adina
Espainiako Gobernuak erretiro adina 65 urtetik 67ra aldatu nahi du, «Europako beste herrialde batzuek urratutako bideari jarraituz». Aldaketa, onartuz gero, ez litzateke berehala aplikatuko, «pixkana-pixkana arrazoizko denbora tarte batean» baizik, sistema eta herritarrak egokitzeko. Hori bai, aldatzen hasteko urtea zehaztu du: 2013a.
Proposamenean zehaztu gabe badago ere, Elena Salgado Ekonomia ministroak zehaztu zuen 2013tik aurrera erretiro adina bi hilabete luzatu nahi dutela urtero, 67 urtetara iritsi arte 2025ean.
Erretiro saria kalkulatzeko orduan, kotizatutako azken hamabost urteak hartzen dira aintzat. Normalean langileek urte horietan jasotzen dituzte soldata onenak.
Dena den, gerta daiteke hainbat urtetan kotizatu ostean, azken urte horietan lan baldintza okerragoak izatea edo kalean geratzea. Horregatik, Espainiako Gobernuak erretiro saria kalkulatzeko beste prozedura bat eskatu du, lanbide historialaren amaieran kaleratzen dituzten langileak ez zigortzeko. Egindako kotizazioak eta jasotako sariaren arteko harremana bermatuko duen sistema nahi du.
Horretarako modu bat kotizazio urte gehiago aintzat hartzea da, baina Gobernuak ez du halako proposamen zehatzik egin testuan. Hala ere, Elena Salgadok atzo onartu zuen hori dela proposatuko duten aldaketetako bat.
2. Kotizazio oinarria
Pentsio guztiak kalkulatzeko oinarri bera nahi du Espainiako Gobernuak. Gaur egun oinarriak era batekoak edo beste batekoakdira, langilearen erregimenaren arabera.
Horrez gain, mugatu egin nahi du langileek kotizazio oinarria aukeratzeko duten ahalmena, «kotizatzailearekin diru sarreren mailarekin bat ez datozen pentsioak ez jasotzeko». Alegia, ez du nahi pentsioa kalkulatzeko aintzat hartzen den urteetan -azken hamabostak- kotizaziorako oinarria aurreko urteekiko nabarmen handitu ahal izatea pentsio handiagoa jasotzeko.
3. Lanaldi malguak
Espainiako Gobernuak lurreratze pista bat nahi du langileentzat erretiratu aurretik: lanaldi malgua bultzatu nahi du lanbide historialeko azken urteetarako, «jardueraren eta erretiroaren arteko bat-bateko trantsizioa saihesteko». Neurri horrekin saihestu egin nahi du lan erretiroa aurreratu nahi izatea.
4. Erretiro aurreratuak
Erretiro aurreratuak izaten dira enpresek langileak kaleratzeko erabili ohi dituzten modu nagusietako bat. Espainiako Gobernuak mugatu egin nahi du irabaziak dituzten enpresek egiten dituzten langile kopuruaren murrizketak. Enpresei ordainarazi egin nahi die langileak dagokien baino lehen erretiratzeak eragiten duen gainkostuaren zati bat.
Espainian, legez, 52 urtekoa da erretiratzeko gutxieneko adina. Gobernuak igo egin nahi du, 58 urtera arte, El Pais-en arabera.
5. Alargunak
Egunotan asko hitz egin da erretiro adina atzeratzeko proposamenaz, baina Espainiako Gobernuak errotik aldatu nahi du alargunen pentsio sistema ere. Bikote baten elkarbizitza laburra izan denean eta seme-alabarik izan ez dutenean, alargun geratu den bikotekideak bizi osorako pentsioa jaso behar al du? Gaur egun bai, baina Espainiako Gobernuak uste du gai hori aztertu egin behar dela, «azken hamarkadetan» jaio direnei aplikatu ahal izateko. Haren ustez, errealitate horri hobeto egokitzen zaizkio ordainketa bakarreko kalte-ordaina eta epe baterako saria.
Funtsean, Espainiako Gobernuak proposamenaren bidez zorroztuegin nahi ditu alargun saria jasotzeko irizpideak eta sariaren beraren kopuruak. Emakumeek irabazitako autonomia ekonomikoa pentsioen sisteman islatu nahi du. Zenbat eta gazteago, pentsio txikiagoa, eta zenbat eta soldata handiagoa, pentsio txikiagoa.
Legeak ez du aintzat hartzen alargunaren adina pentsioa kalkulatzeko, eta Espainiako Gobernuak nabarmendu du aintzat hartu behar dela. Alargun pentsioaren sistema erreferentziazko adin baten inguruan moldatu nahi du. Adin horren arabera moldatu nahi ditu «bai pentsioa jasotzeko eskubidea, bai jaso beharreko kopurua».«Adin hori erretiratzeko legezko adinarekin pareka daiteke», dio.
Alargun saria jasotzea eta lan egiteagatik soldata bat jasotzea bateragarriak dira. Espainiako Gobernuaren iritziz, aztertu egin behar da lan errenten arteko eta alargun pentsioen arteko «harreman malguago bat» ezartzeko aukera, «errenta bakarra jasotzen duten pentsiodunen egoera hobetzeko».
6. Ezintasunak
Kontrol zorrotzagoak nahi ditu langileen gaixoaldietan, iruzurrak saihesteko. Nabarmenenak batez ere: «Ez da arrazoizkoa bizitzaren zati batean bakarrik egiten diren lanek bizi osorako pentsioak eragitea. Ezta lan egiteko ezintasuna babesteko sortutako pentsioak lanarekin bateratzea ere». Kasu horietan pentsio horiek murriztu egin behar direla edo zergak handitu behar zaizkiela uste du.
7. Autonomoak
Langile autonomoen kotizazioak beren lanaren etekinetara egokitu behar direla uste du: gutxiago urte txarretan eta gehiago urte onetan.
Defizita %11,4ra igo da, eta gastua murriztu du Madrilek
50.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak datozen lau urteotan. Horrekin lortu nahi du administrazio publikoen defizita %3ra hurbiltzea, hala agintzen duelako Europako Egonkortasun Itunak. 2009an kopuru horretatik oso gora geratu da defizita; BPGren %11,4 da, hain zuzen ere. Datuak leku txarrean utzi du Gobernua, haren azken aurreikuspenek %9,5eko defizita aipatzen zutelako. Defizita bi urte eskasean pilatu du Espainiak, 2008ra arte superabita izan zuelako. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak autonomia erkidegoen eta udalen laguntza eskatu zuen aurrezpenak egiteko, baina onartu zuen ezin dituela behartu gastua murriztera. «Espero dut haiek ere erantzukizunez jokatuko dutela», esan zuen ministroak.50.000 milioi euroko murrizketatik 40.000 milioi administrazio zentralak berak egingo du. Atal guztiei eragingo diela iragarri zuen Salgadok, gizarte politikei, hezkuntzari eta ikerkuntzari izan ezik. Murrizketek %5,7ra jaitsiko lukete defizita, eta gainontzekoa zerga bilketa hobearekin lortzea espero dute.