Neurri bat gizarteratzeko beldurra zabaltzea bezalakorik ez dago. «Ez badugu ezer egiten, pentsioak arriskuan egongo dira», esan du Celestino Corbacho Espainiako Lan ministroak, erretiro adina 67 urtetara luzatzeko neurria argudiatzeko. Zenbat aldiz entzun dugu mehatxu bera? BBVAk 90eko hamarkadan Gizarte Segurantzak 2000n porrot egingo zuela iragarri zuen. Iragarpen hori, ordea, ez zen bete: 2020ra arte gutxienez ziurtatua du superabita.
Horrek ez du esan nahi beste aldera begiratu eta biztanleriaren zahartzeak pentsio sistema publikoari eragingo ez dionik. Baina gauza bat da eragitea eta bestea ziurtasun osoz sistema publikoaren porrota iragartzea. Hori egiten duenari umiltasun eta zorroztasun apur bat eskatu beharko zaio. Demografiaren bilakaera ez ezik, 20 urtetik 50 urtera arteko hain epe luze batean zehazki lan merkatuaren, hazkunde ekonomikoaren, etorkinen fluxuaren bilakaera aurreikusiko duenik ez dagoelako.
Baina behin hipotesiak egiten jarrita, kontrakoa ere aurreikus daiteke. Euskadiko Kutxak Nafarroako demografiari buruzko azterketa bat aurkeztu berri du Iruñean. Txosten horren ondorioetako bat da erretiro adina 65 urtetan utzita eta pentsioak urterolangileen soldaten igoeraren neurrian igota, pentsioen gastua barne produktu gordinaren %6,9 izatetik %12,2ra igoko litzatekeela50 urteren buruan. Hots, besoak gurutzatuta etorkizunaren zain geratuta ere, gastua bikoiztu egingo litzateke soilik. BPGaren %12ko gastua ez da hondamendia.
Espainiako Gobernuak eta agintari politikoek ondotxo dakite etorkizunaren nondik norakoak jakin ez arren orain egiten diren aldaketekin etorkizuna baldintzatu dezaketela. Zer preziotan, ordea? Euskadiko Kutxaren azterketa horren beste ondorio deigarri bat: erretiro adina 70 urtetara luzatu eta pentsioak soldaten igoeraren arabera beharrean KPIaren arabera soilik igoz gero, gastua egungo mailan geratuko litzateke (BPGaren %7 inguru). Haatik, neurriokin gazteei lan merkaturako sarbidea zailduko litzaieke eta geroz eta pobreagoa litzatekeen pentsiodun talde handi bat egongo litzateke.
Toledoko Ituna egin zenetik PSOEk zein PPk bultzatutako erreforma guztiek norabide bera hartu dute: gastua murriztu behar da. Inori ez zaio otu diru sarrerak (kotizazioak) handitu behar direla. Ahaztu, ordea, irakurle. Iraganean kotizazioak igo ez badira, nekez igoko dira orain. Hegoaldeko herritarrok sistema publiko espainiarrean gaude, eta uneotan Espainiari egoera nabarmen belzten ari zaio. Euroaren balioa jaisterik ez du, eta finantza publikoak gehiago desorekatu gabe, ekonomia lehiakorra izaten jarraitu nahi badu, eurogunetik atera edo lan kostuak murrizteko ezbaia du lepogain Zapaterok. Hortaz, ez dituzte, ez, diru sarrerak handituko.
Hemen, sakonean higatze estrategia bat dago. Etorkizunurrunean pentsioen gaineko mehatxua bota, sistema publikoaren aurka zuzenean jo ordez pixkanaka higatu, eta barneratu izua, denok pentsa dezagun sari osagarri bat behar dugula. Agian, hori da konponbidea. Baina ez pentsa pentsio publikoak ziurgabetasun erabatekoak direnik eta alternatiba pribatuak segurtasunaren oasi bat direnik. Iazko apirilera arte OCDEko pentsio pribatuek 5 bilioi (b-rekin) dolarren galerak izan zituzten. Mundu honetan ezer ez baita ziurra, ez sistema publikoak, ez sistema pribatuak.
PENTSIOAK. ESPAINIAKO GOBERNUAREN PROPOSAMENAK. Pixkanaka higatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu