Pentsioak jaistea, konstituzioaren aurkakotzat Grezian

Justiziak aske laga du ustezko 2.059 iruzurgileren zerrenda argitaratu duen Kostas Vaxevanis kazetaria

Erredakzioa
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Greziako Kontu Auzitegiak konstituzioaren kontrakotzat jo ditu gobernuak troikak (Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak) bultzatuta onartutako hainbat austeritate neurri: besteak beste, pentsioak jaistea. Nolanahi ere, auzitegiaren erabakia ez da bete beharrekoa. Pentsioen jaitsierak giza duintasunaren errespetuari eta babesari buruzko artikulua, lana babesten duen artikulua eta berdintasun eta proportzionaltasun printzipioen gaineko artikulua urratzen ditu, epaiaren arabera.

Auzitegiaren ustez, bereziki proportziorik bakoak dira bai pentsioak jaistea eta bai langile publikoei lansari bereziak kendu izana. Era berean, erretirorako adina 67 urtera igotzea ere konstituzioaren kontrakotzat jo du; kontuan hartuta, hain zuzen ere, duela pare bat urte beste bi urte igo zutela, 65 urtera.

Duela bi aste, Europako Kontseiluak ere legez kanpokotzat jo zituen troikak bultzatutako hainbat lan erreforma. Baina kasu horretan ere, erabakia ez zen bete beharrekoa.

Bestetik, atzo egin zioten epaiketa Kostas Vaxevanis kazetariari Atenasen, ustez zerga iruzurra egin duten 2.059 greziar aberatsen izenak argitaratzeagatik; Suitzan dituzte kontuak denek. Epaileak errugabetzat jo zuen.Lagarderen zerrenda delakoan bi ministro kontserbadore eta Samarasen aholkulari bat ageri dira, besteak beste. Datu pertsonalen gaineko legea urratzea leporatu zioten, eta hiru urteko kartzela zigorra jaso zezakeen.

Zipre eta troika, gertuago

Zipreko Gobernua troikarekin egiten ari den elkarrizketetan «aurrerapauso garrantzitsuak» egin dituztela argitu du Panicos Dimitriades Zipreko Banku Zentraleko gobernadoreak. Honako hau iragarri du: «laster» iritsiko da uhartera troikako aditu talde bat, «laguntza programari amaiera emateko». Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroari erantzun nahi izan dioDimitriadesek adierazpen horiekin. Izan ere, Zipre oraindik ez dela troikarekin hitz egiten hasi kritikatu zuen Schaublek herenegun.

Joan den ekainaren 25ean eskatu zuen erreskatea Ziprek, eta laguntza eskatu duen euroguneko bosgarren kidea bihurtu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.