Urtarrilaren lehenak berritasun batzuk ekarriko ditu Hegoaldeko 672.000 pentsiodunentzat eta erretiroan pentsatzen ari direnentzat.
Igoera, %0,25. Euro gutxi batzuk baizik ez dira igoko. Mila euroko pentsio batean, hilero 2,5 euro baizik ez, edo 35 euro gehiago urtean. Batez besteko pentsioa 1.111 euro zen azaroan; horrek esan nahi du 2,77 euro gehiago jasoko dituztela, edo 39 euro gehiago urtean.
Erretiroa, atzeratuta. 2013an PPren botoekin onartutako erreformaren ondorioz, erretiroaren adin ofiziala beste hilabete bat atzeratuko da urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herriko biztanleentzat, 65 urte eta bost hilabeteraino. Pentsioen gastua arintze aldera, erretiroaren adina urratsez urrats 65 urtetik 67ra atzeratzeko prozesua hasi zen 2013an, eta 2027an da bukatzekoa.
Kotizazio luzeagoak. Aldi berean, pentsioa osorik jasotzeko Gizarte Segurantzan kotizatu beharreko denbora ere luzatu egingo da 2017a hastearekin batera. Datorren urtean 36 urte eta hiru hilabete kotizatu beharko dira, 2016an baino hiru hilabete gehiago. Erreformaren amaieran, 38 urte eta sei hilabete izango dira.
Kalkulua ere, luzeago. Pentsioaren zenbatekoa murrizteko beste neurri bat pentsioa kalkulatzeko epearen luzapena da. Erreformaren aurretik, lan bizitzaren azken hamabost urteak hartzen ziren kontuan, langile gehienentzat horiek izaten baitziren soldata handieneko urteak. 2017an erretiroa hartzen dutenei, berriz, azken hogei urteak hartuko dizkiete kontuan.
Erretiro aurreratua. Erretiroa aldez aurretik hartzeko aukera ere atzeratuko da urtarrilaren 1ean: 63 urte eta bost hilabete bete arte itxaron beharko dute interesatuek. Kaleratze baten ondorioz erretirora doazenak, berriz, adin ofiziala baino lau urte lehenago erretiratu ahal izango dira, betiere 33 urtez kotizatu badute.
PENTSIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu