Pentsiodunak, mesfidati; sindikatuak, banatuta

Pentsiodunen elkarteen arabera, «eskasa» da erreformaren lehen zatia. ELAk eta LABek balorazio kritikoa egin dute; CCOOk, aldiz, positiboa

Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pentsioen erreformaren lehen zatiak ez du inor epel utzi. Gizarte eragileek analisi askotarikoak egin dituzte. Pentsiodunen elkarteek mesfidati hartu dute, eta KPIaren eguneratzea eta halako «lorpen txikiak» haiei esker iritsi direla uste dute. Sindikatuen aldetik, berriz, banaketa agerikoa da: subiranistentzat, akordio txarra da; sinatzaileentzat, aldiz, ona.

JON FANO Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua

«Jasangarritasun faktorea desagertuko dela diote, eta ez da egia»

«Akordio eskasa da. Neurri honek ez du inolako aurrerapausorik ekarriko pentsioen inguruko arazo handien inguruan: ez egungo pentsiodunenak, ezta etorkizunekoenak ere. Lortu den apurra pentsiodunen mugimenduari esker lortu da, KPIaren araberako eguneratzea bezala. Jasangarritasun faktorea desagertu egingo dela esaten ari dira, baina ez da egia: hura egokitzeko beste forma bat bideratuko dute. Era berean, nabarmendu nahiko nuke nola egin den negoziazioa: inolako gardentasunik gabe».

KARLOS ETXEBERRIA Alderdi Eder pentsiodunen elkartea

«Peoi jardun dutenak67 urterekin ez daude lanean jarraitzeko»

«Balorazioa ezin da positiboa izan. KPIarena gure aldarrikapen bat izan da betidanik. CCOOk eta UGTk orain aterako dute bandera hori. Gutxieneko pentsioak ukitzea garrantzitsuagoa zatekeen, eta hor ez dira sartu. Jasangarritasun faktorea kenduko dute, baina bizi itxaropenarekin lotuta dagoen beste aldagai batekin lotzen badute, lehengoan gaude».

«Erretiro aurreratua zigortzea oso kezkagarria da: horrela ezin da enplegurik sortu. Oso kontra gaude, are gehiago gazte eta emakume asko baldintza kaskarretan lanean ari diren honetan. Gero 67 urtetik gora lanean jarraitzea sustatu dute. Neurri horrek erosahalmen handiko langileei egingo die mesede: haiek dira horren onuradunak. Peoi jardun dutenak 67 urtetik gora ez daude lanean jarraitzeko baldintzetan».

ELA

«Erreformak murrizketa gehiago ezartzen ditupentsioen kalkuluan»

«Erreformaren benetako helburua ezkutatzeko desinformazio eta propaganda kanpaina baten aurrean gaude. Erreformaren helburua murrizketa gehiago onartzea eta etorkizuneko pentsioak apaltzea da, gutxieneko pentsio duinak bermatu gabe. Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari aurkeztutako agirietan jasotzen denez, bi fase izango dituen erreforma bat proposatzen da. Lehenengo fasean, erretiro aurreratuan murrizketa garrantzitsuak onartu nahi dira urte amaierarako. Bigarrenean, pentsio berrietan murrizketak iragarri dira datorren urterako. Mobilizazioa da pentsioen erreforma baldintzatzeko bide bakarra, eta guk mobilizazio horiek sustatzen jarraituko dugu».

LAB

«Kalean erantzuteko beharrizana gero eta handiagoa da»

«Madrilen adostutakoak ez dira euskal langileok eta pentsiodunok aldarrikatzen ditugun neurriak, eta kalean tamainako erantzuna emateko beharrizana geroz eta handiagoa da. Adostasun berri honek ez ditu bermatzen ez pentsio sistema publikoa, ez pentsio duinak. Pentsioak KPIra lotzea bidezko neurria da zalantzarik gabe, baina kezkagarria da jasangarritasun faktorea bertan behera utziko dela esan eta jarraian belaunaldien arteko elkartasunaren izenean bestelako adierazle baten beharraz hitz egitea. Ezin gara Madrildik datorrenari begira geratu. Euskal langileok ez dugu Madrildik soluzio konponbiderik espero. Pentsio sistema propioa behar dugu».

CARLOS BRAVO CCOOko Gizarte Segurantzako idazkaria

«2013an eginiko pentsioen erreforma indargabetu dugu»

«2013ko erreforma indargabetu dugu, eta jasangarritasun faktorea erosteko ahalmena bermatzen duen formula batekin aldatu. Aurki hasiko dugu haren diseinua. Hori bezain garrantzitsua da pentsioen sistema finantzatzeko akordioa. Aurrekontuetatik irtendako diruarekin lagunduko dugu orain arte Gizarte Segurantzarekin bakarrik ordaindu den sistema. Lasaitasun mezua bidali nahi diegu egungo eta etorkizuneko pentsiodunei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.