Pentsiodunek politikariei: «Botorik ez eskatu, ez bazoazte mobilizaziora»

Iñigo Urkulluk legebiltzarrean eskatu du ez erabiltzeko pentsioak «interes alderdikoietarako»

Pentsiodunen protesta, Bilbon, joan den zapatuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Politikariek ez daukate aitzakiarik pentsiodunen gaia «bazter lagatzeko» eta ez parte hartzeko hilaren 26an Hego Euskal Herriko hiriburuetan pentsioen alde egingo dituzten manifestazioetan. Bizkaiko pentsiodunen mugimendua alderdi politikoei mintzatu zaie, eta mezu argia igorri die mugimenduko ordezkari Luis Alejok: politikariak ez badoaz hilaren 26ko manifestazioetara, gero ez diezaietela botorik eskatu pentsiodunei datorren urteko hauteskundeetan; hau da, Europakoetan eta udal eta foru hauteskundeetan. «Bata bestearekin doa». Eta gogora ekarri zuen boto emaile asko direla: ia 682.000 Hego Euskal Herrian.

Joan den astelehenean, izan ere, eskaera zuzena egin zioten Bilboko udaletxe aurrean bildutako milaka pentsiodunek Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eskatuz joan dadila hilaren 26ko manifestazioetara. «Erabaki dezala Bilbora, Gasteizera edo Donostiara joango den, baina lehendakariak manifestazioan egon beharra dauka». Iñigo Urkulluri ez eze, gobernuko zein oposizioko alderdiei ere eskaera egin zieten parte har dezaten. «Zerrenda pasatuko dugu», ohartarazi zuten.

Biharamunean erantzun zien Josu Erkoreka bozeramaileak, esanez aztertuko zutela gonbita, baina argi utziz Gasteizko gobernuaren arau orokorra dela manifestazioetan ez parte hartzea.

Pentsiodunen gaiak protagonismoa hartu zuen atzo Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan ere. Urkulluk pentsioak eta pentsiodunak «interes alderdikoietarako» erabiltzea egotzi zion Lander Martinezi, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideari. Halaber, lehendakariak gaineratu zuen ezin dela eskatu Espainiako pentsio publikoen sistemako «gabeziak» DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bitartez konpontzeko.

Martinezek Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren adierazpen baten harira galdetu zion pentsioez Urkulluri, Azpiazuk esan baitzuen «bakarrik arduragabe batek edo erresumindu batek» kritika dezakeela EAJren eta PPren arteko pentsioen akordioa. Adierazpen hori pentsiodunei «iseka egitea» da, Martinezen ustez.

Zatiketa saioak

Urkulluk pentsioen ituna defendatu zuen, eta nabarmendu zuen KPIaren arabera gaurkotuko direla pentsioak aurten eta datorren urtean, joan den martxoan Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen bezala, besteak beste Elkarrekin Podemosen botoarekin.

Pentsiodunen elkarteentzat, ordea, ez da nahikoa akordioa: koiunturala delako, eta ez duelako bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Gainera, Bizkaiko pentsiodunen bozeramaile Alejosek Bizkaiko EAJri eskatu dio ez ahalegintzeko pentsiodunak zatitzen, bilerara deitu dituelako pentsiodunen elkarte batzuk, «eta beste batzuk ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.