CCOOren, UGTren eta Espainiako Gobernuaren arteko giroa gaiztotzen hasi da. Pentsioen erreformari buruzko negoziazioak hasi zituztenetik lehen aldiz, CCOOko eta UGTko ordezkariek zalantzan jarri dute ea benetan gobernuak beraiekin akordioa lortu nahi duen, «egoera nahasten duten filtrazioak baitaude». «Badirudi gobernuan norbait lanean ari dela akordioa eragozteko», esan zuen atzo Ignacio Fernandez Toxok, CCOOko idazkari nagusiak.
Energia nuklearrari buruz kaleratutako informazioaz ari zen. La Vanguardia egunkariaren eta Efe agentziaren arabera, sindikatuek Garoñako zentralaren (Burgos, Espainia) iraupena luzatzea eta bertako lanpostuei eustea proposatu zioten gobernuari, pentsioen erreforma onartzearen truke. Giroa gehiago nahastu zuen Miguel Sebastian Industria ministroak, gobernua proposamena aztertzeko prest zegoela esanez, ez Garoñaz, baina bai beste zentral nuklear batzuei buruz.
Berez 2013an itxi behar dute, baina 2019 arte irekita egotea negoziatzen ari dira, gobernuko iturriak aipatuz argitaratutako albisteen esanetan. Garoñako zentralak 40 urte beteko ditu aurten.
Valeriano Gomez Lan ministroak baztertu egin zituen sindikatuek gobernuaren borondateaz dituzten zalantzak, esanez gobernua dela akordioa lortzeko interes handiena duena. Arrazoi du, gobernuak sindikatuen babesa eta bedeinkapena nahi baitu pentsioaren erreformarentzat, baina aldaketaren ardatzak askorik aldatu gabe.
Espainiako Gobernuak pentsioen erreformarako proposamena aurkeztu zuenean bai gobernuak bai sindikatuek marra gorri bat ezarri zuten: erretiro adin ofiziala 65 urtetik 67 urtera atzeratzea. Gobernuak esan zuen ez ziola neurri horri uko egingo, baina salbuespenak ezarriko zituela; sindikatuek, aldiz, erantzun zioten ez zutela onartuko erretiroa atzeratzerik.
Negoziazio zabala
Hala ere, bi aldeek negoziatzea erabaki zuten. Pentsioen erreformaz gain, gai gehiago ere sartu dituzte negoziazioetan: lan merkatua, negoziazio kolektiboa, enplegu politika aktiboak eta energia eredua.
Oraindik ez dute ezer hitzartu, baina atzo bat etorri ziren hainbat puntutan: akordioa lortzea zaila izango dela eta ez duela zentzurik pentsioen erreforma zentral nuklearren iraupenari lotzeak. Hala ere, energia nuklearrari buruzko informazioek negoziazioen eta negoziatzaileen arteko giroa nahastu dute.
Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak eta Ignacio Fernandez Toxo CCOOkoak ezkor hitz egin zuten atzo akordioaz. Are gehiago denbora amaitzen ari dela jakinda: asteartean Toledoko Ituneko batzordearen proposamena bozkatuko dute Kongresuan, eta gaur zortzi Espainiako Gobernuak erreforma onartuko du, lege aurreproiektu baten bitartez.
«Akordioa oso zaila da», aitortu zuen Toxok. «Denbora amaitzen ari da, eta ez dirudi Espainiako Gobernuak bere jarrera aldatzeko borondatea duenik». Mendezek ere antzeko hitzak izan zituen negoziazioei buruz: «Bien arteko aldea oso handia da».
Valeriano Gomez Lan ministroak, baikorrago, esan zuen negoziazioak ez direla eten «desadostasun nabarmenak eta zailtasunak» dauden arren.
Grebarik ez
CCOOk eta UGTk gobernuarekin hitz egiten hasi zirenean oraindik aipatzen zuten herritarrak greba orokorrera deitzeko aukera, pentsioen erreformaren kontra. Orain ez dute aipatzen. Eta negoziazioek porrot eginez gero? «Gizarte gatazka nolabait agertuko da», esan zuen Toxok, greba aipatu gabe. Ausartagoa izan zen Felipe Lopez, CCOOko Industria Federazioko idazkari nagusia, Iruñean: «[Gobernuak] 67 urteko erretiro adinari eusten badio, greba orokorra egingo dugu».
Garoñaren iraupena luzatzeari buruz, bai sindikatuek, bai gobernuak, esan zuten ez dela negoziazioko gaia izan. Pentsioen erreforma eta zentral nuklearren iraupena lotzea «zentzugabea» dela esan zuen Gomezek; «irrigarria» eta «astakeria», Toxok eta Mendezek.
Espainiako Gobernuak sindikatuei bidalitako agirian ez da aipatzen Garoñako zentrala. Ezta, zuzenean, energia nuklearra ere. Testuak dio 2020 arteko energia iturrien banaketan ez dutela egungo energia iturririk baztertuko. Energia nuklearrari buruzko pasartea da. Baina energia bakoitzak izan beharreko pisua zehaztean, energia nuklearrak 2020an orain baino %7 gutxiago ekoitziko luke. Garoña ixtearen ondorioa izan daiteke.
Pentsioen akordioa zapuzten saiatzea leporatu diote sindikatuek gobernuari
Negoziazioa amaitzear dela, CCOOk eta UGTk zalantzan jarri dute Espainiako Gobernuaren negoziatzeko borondatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu