Kalean borrokatutako garaipen bat lortzeko bidean dira Hego Euskal Herriko eta Espainiako pentsiodunak. Haien presioak behartuta, Espainiako Kongresuko talde gehienak bat etorri dira oraingo sistema baztertzeko eta aurrerantzean pentsioak inflazioari lotuta igo behar direla esateko. Eguneratzeko faktore bakarra KPIa izango den ala ez, ordea, ez dago guztiz garbi. Adostutako testuak dio "KPIan oinarrituta" igoko direla: horrekin, batzuek ulertu dute inflazioa izango dela faktore bakarra, baina beste batzuek diote beste formula batzuei ere ateak ireki dizkietela. Azken hitza Espainiako Gobernuarena da, hari baitagokio legegaia egitea, diputatuen gomendioak aintzat hartuz.
Diputatuak bi urte egon dira pentsioen eguneratzearekin katramilatuta, pentsio sistemaren etorkizuna jorratzen duen Toledoko Itunean, Espainiako Kongresuko batzordean. Hainbat atzerapenen ondoren, gaur adostu dute pentsio igoerari buruzko proposamena. "Urtero pentsioak KPI errealean oinarrituta eguneratzea da tresna pentsioen erosteko ahalmenari eusteko", dio itunak, hitzez hitz.
Testu horren alde egin dute KPIa aldagai bakarra izatea defendatu duten taldeek —Unidos Podemos, EAJ, Compromis...—, baita aldagaietako bat besterik ez izatea proposatu izan dutenek ere —PP, Ciudadanos, PDeCAT...—. Erdibidean, bere burua lerratu ezinik agertu izan da PSOE, sarri kontraesanezko jarrerak defendatuz.
Gaur bertan, Gizarte Segurantzako Estatu idazkari Antonio Granados sozialistak ziurtatu du "eragin maltzurra" duela pentsioen eguneraketa aldagai bakar baten esku uzteak. Ikusi beharko da Pedro Sanchezen gobernuak ulertzen duen KPIa dela aldagai bakarra, ala onargarria den formula misto bat —soldaten eta produktibitatearen bilakaera, ekonomiaren hazkundea...—.
Azken horretarako aukera ematen duela esaten dutenen artean dago PP. "Akordioak espresuki dio ‘KPIan oinarrituta’ egingo dela eguneratzea, eta ez ‘KPIaren arabera’", azaldu zuen Gerardo Camps diputatu popularrak. Hots, KPIa "funtsezko" aldagaia dela, baina ez bakarra. Antzeko intrepretazioa egin zuen PDeCATeko Carles Campuzanok ere. "Politika ona da maila berean jartzen dituena pentsioen igoera sistemaren jasangarritasunarekin".
EAJk, ordea, uste du pentsioak "KPIaren arabera" igotzea hitzartu dutela. "EAJk beti defendatu duenari erantzuten dio akordioak, eta pentsiodunen aldarrikapenekin bat egiten du", ziurtatu du Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak. Gainera, gogorarazi du bere taldearen ekimenez aurten %1,6 igo direla.
Batzuen eta besteen artean, ERCk aitortu du ez dakiela zer adostu duten. Testua aztertuko du,"jakiteko ea benetan bermatzen ote duen pentsioen erosteko ahalmena".