Pentsioen erreforma onartzeko botoak lortu ditu Espainiako Gobernuak

ELAk aurkako botoa emateko eskatu die Euskal Herriko alderdiei, eta mobilizazioak antolatu ditu, CIGarekin eta Intersindicalekin batera

Olatz Silva Rodrigo - Maddi Iztueta Olano
Bilbo
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako parlamentuan ez bezala, Espainiakoan bozkatu egingo da pentsioen erreforma, eta, azken orduko ezustekorik ez bada, arazorik gabe egingo du aurrera. Espainiako Gobernuak atzo lortu zuen falta zitzaion babesa, ERCren babesa lortu baitzuen. Errepublikanoen hamahiru botoen truke, seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizten duten emakumeek murrizketaren aurretik zuten lanaldiaren %100 kotizatuko dute.

Bihar izango da erreformaren lege dekretua berresteari buruzko bozketa Espainiako Diputatuen Kongresuan. Aldeko botoa iragarri dute PdeCat, eta Compromis alderdiek. Beste talde batzuek ez dute argitu zein izango den beren botoa, baina ezezkoa baztertu dute. Horien artean daude EAJ, EH Bildu eta Mas Pais.

Alderdi horien guztien gaineko presioa areagotu du ELAk. Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical sindikatu abertzaleekin batera, ELAk eskatu die Euskal Herriko alderdi politikoei erreformaren aurka egin dezaten. Hiru sindikatu horiek mobilizazioak iragarri dituzte erreformaren aurka. Bihar manifestatuko dira Galizian eta etzi Katalunian: Euskal Herrian, berriz, apirilaren 4an eta 20an.

Sindikatuen helburuetako bat da «egia» azalaraztea, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak atzo Bilbon esan zuenez. «Erreformari buruzko diskurtso positibo bat zabaldu dute, baina guk argi eta garbi esan nahi dugu erreformak murrizketak dakartzala». Horien artean aipatu du pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteen kopurua handitu egingo dela. 25 urte dira orain, eta aukera hori izango da indarrean hurrengo hogei urteetan, baina baita beste bat ere: 29 urte aintzat hartzea, baina 24 hilabete kaskarrenak kendu ahalizatea. Lakuntzaren ustez, horrek ekarriko du «50 urtetik beherako langileen pentsioak murriztea».Gainera, salatu du «bideak ireki» dituztela, etorkizunean murrizketa gehiago egon daitezen: «Airef erakunde neoliberalari rol garrantzitsuagoa emango diote, eta ahalmena izango du hiru urtean behin pentsioen egoera aztertzeko eta neurriak proposatzeko».

Pentsio «duinak» exijitu ditu Paulo Carril CIGeko idazkari nagusiak, eta salatu du 2011ko erreformak ezarritako murrizketak ez dituztela bertan behera utziko. «Zapateroren gobernuak onartu zuen erreforma, UGT, CCOO eta patronalaren babesarekin», gogoratu du. Urte horretan, erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu zuten, eta pentsioak kalkulatzeko urteak 15 urtetik 25era igo zituzten. «Orain, erretiro adina bere horretan utzi dute, eta pentsioaren kalkulurako urteak hamabostera jaitsi ez, handitu egin dituzte». Hori dela eta, hiru sindikatuek aldarrikatu dute pentsioa kalkulatzeko 15 urteko epea ezartzea eta erretiroa 65 urtera jaistea.

Gutxieneko pentsioa

Sindikatuen beste aldarrikapen bat 1.260 euroko gutxieneko pentsioa da: batez besteko soldataren %60 inguru, Europako Karta Sozialak gomendatzen duen moduan. Izan ere, Carrilek adierazi du gutxieneko pentsioak pobreziaren azpitik daudela oraindik, eta nahiz eta lau urte barru mailakako hobekuntza egongo den ez dela antzemango. «1.200 euroren erreferentzia jarri dute, baina, 2027rako ezarri dituzten irizpideen arabera, gutxieneko pentsio asko 900 eurotik behera egongo dira».

Sergi Perello Intersindicaleko buruak nabarmendu du erreforma «Europako Batzordearen estortsiopean» egin dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.