Pentsioen erreforma

Pentsioen erreformak 1975etik aurrera jaiotakoei soilik eragingo die

Frantziako Gobernuak 42 erregimen bereziak ezabatu nahi ditu, eta puntukako sistema bat jarri du pentsioa kalkulatzeko. Sindikatuek protestari eutsi diote

Edouard Phillippe Frantziako lehen ministroa, gaur. THOMAS SAMSON / EFE
Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 11
19:00
Entzun

Erreforma sakona bai, baina ez berehalakoa. Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak erabaki du erretiro pentsioen erreforma soilik ezartzea 1975. urtetik aurrera jaio direnei. Hau da, 2020an 45 urte beteko dituztenek oraingo sistemarekin jarraituko dutela erretiroa hartu arte, aldaketarik gabe. Kontrara, Parisek sistema berria ezarri nahi die   2004. urtetik aurrera jaio direnei beren lan bizitzaren hasieratik. Tartean daudenek, 1975-2003 arteko belaunaldikoek, trantsizioa egin beharko dute: 2025. urtera arteko urteei sistema zaharra ezarriko diete, eta berria, berriz, urte horretatik aurrera.

Oraingo langileen zati handi bat salbuesteak eta trantsizio epe luzea jartzeak helburu garbi bat dute: kaleak manifestatzailez hustea, baina ez dirudi epe motzean lortuko duenik. CGTk eta FOk greba gogortzeko deia egin dute, eta CFDT erreformista ere batu dakieke. Bi mobilizazio egun egin dituzte orain arte; gaur bertan izango da hirugarrena, eta datorren asteartean hurrengoa. LABek bat egin du Iparraldean.

Sistema berriak pentsio sistema bakar bat sortuko du; langile bakoitzari bere lan bizitzan pilatutako puntuen araberako pentsioa emango dio; gutxieneko pentsio bat sortuko du; eta erretiroaren adin ofiziala aldatuko ez badu ere —62 urte—, erretiroaren  adina atzeratuko du, zigortu egingo baititu 64 urte baino gutxiagorekin erretiroa hartuko dutenak.

Sistema bakar bat

«Erregimen berezien garaia amaitu da», azaldu du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, erreformaren berri ematean. Macronek hauteskunde kanpainan agindu zuen bezala, sistema bakar bat izango da, «unibertsala». Gaur egun 42 pentsio sistema daude Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Erretiroan daudenen  %82 sistema pribatuko erregimen orokorrean daude. Baina badira erregimen bereziak SNCFko langileentzat, EDF argindar konpainiako langileentzat, abokatuentzat, notarioentzat, Frantziako Bankuko langileentzat... Gainera, erretirorako baldintza bereziak dituzte sektore publikoko langileek, laborariek eta langile autonomoek, besteak beste. Enpleguz aldatzeak batzuetan erregimen eta baldintzez aldatzea dakarrenez, batez beste 2,5 pentsio desberdin jasotzen dituzte Ipar Euskal Herriko eta Frantziako erretiratuek.

Banaketa sistema

Philippek argi eta garbi esan du ez dela aldatuko Frantziako sistemaren —eta Espainiakoaren— ezaugarri nagusia: banaketa sistema izango da, hau da, oraingo langileen kotizazioek ordaintzen dituzte oraingo erretiratuen pentsioak. Eta espresuki aipatu du ez dela kapitalizazioaren sistemarako urratsik egingo, hau da, norberak pentsio plan batean bildutakoa jasotzea erretiroa hartzean.

Puntukako sistema

Macron-Philipperen planak aurrera eginez gero, pentsioa kalkulatzeko sistema berria ezarriko dute Ipar Euskal Herrian. Harekin, lan bizitzan pilatutako puntuek finkatuko dute langile bakoitzaren pentsioa zenbatekoa den. Philippek adierazi du orain arteko sistema baino «bidezkoagoa» dela, kontratu labur batetik bestera dabiltzanak zigortzen baititu oraingoak —hiruhileko oso bat segidan lan egin behar da pentsiorako eskubidea lortzeko—. Puntu bakoitzak zenbat balioko duen gizarte eragileen esku utzi nahi du gobernuak, «parlamentuaren zaintzapean».

Gutxieneko pentsio bat

Philippek prekaritatearen «aurpegi berriaz» hitz egin du, eta espresuki aipatu ditu janari banatzaileak, supermerkatuetako langileak eta artisauak. Horiek babestu behar direla ziurtatu du, eta, horretarako, bere gobernuak gutxieneko pentsio bat ezarri nahi du kotizatzen duten herritar guztientzat. Gaur egun, mila eurorena izango litzateke, SMIC gutxieneko soldataren %85.  

Pentsioen eguneratzea

Inflazioaren arabera berritu beharrean, soldaten bilakaeraren arabera igotzea proposatu du gobernuak, bere esanetan prezioak baino gehiago hazten baitira.

Erretiroaren adina

Philippek ez du ezkutatu erreformaren helburuetako bat dela erretiroaren adina atzeratzea, baina ez da ausartu erretiroaren  adin ofiziala gibeleratzen: 62 urtetan erretiroa hartzeko eskubidea izango dute langileek, eta hori baino lehenago arriskutsutzat jotako lanbide batzuetan —militarrak, poliziak, jendarmeak, suhiltzaileak...—. Erretiroa atzeratzeko sistema «orekako adina» izeneko kontzeptuan oinarrituko da, hau da, batez beste zer adinetan hartu behar den erretiroa finantzak orekan egoteko. Gaur egun 64 urtekoa izango litzateke, eta bonus-malus sistemarekin lortu nahi dute hori izan dadila adina: urte bakoitzeko %5 txikituko diote pentsioa adin horren aurretik erretiratzen direnei, eta %5 handitu, berriz, adin horretatik aurrera erretiroa hartzen dutenei. Adibidez, 62 urterekin erretiroa hartzen duenari %10 txikituko liokete pentsioa, eta %10 handituko, berriz, 66 urtera arte itxarongo duenari. Gobernuaren asmoa zen 2025. urtean finkatzea orekarako adina, baina, sindikatuen iritzia entzun ondoren, 2027ra arte ez du atal hori indarrean jarriko.

Emakumeak, familiak eta ‘lan gogorra’ dutenak

Gobernuak keinu bat  egin die emakumeei eta familiei. Horrela, puntu gehigarriak jasoko dituzte lehen seme-alaba dutenetik. «Kontrakoa esaten ez bada», amak jasoko ditu puntu horiek, haiek direlako familia izatean lana gehien uzten dutenak. Halaber, lan gogorrak dituztenek puntu gehigarriak jasoko dituzte, batez ere gauean lanean aritzen direnek —Philippek azaldu duenez, erizainak sartuko dira talde horretan—. Alargun pentsioei ere eutsiko diete, eta bizirik dagoenak bikotekidearen diru sarreren %70 izango ditu bermatuak. Irakasleei ere soldatak handituko dizkiete 2021etik aurrera, gainsaririk ez dutenez sistema berriarekin asko galduko luketelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.