Erreformaren kontrako mobilizazioak 43. eguna bete du gaur. Frantziako Gobernuak orekarako adina behin-behinean kenduko zuela iragarri arren, mugimendu soziala ez da isildu. Orain arte, trenbideetako langileek eraman dute greba nagusiki, baina, sindikatuen arabera, sektore berri batzuk batzen ari dira. Enpresa pribatuak ordezkatuak izan dira gaur Baionan, hala nola Dassault eta Safran. Publikoan, irakasleen mobilizazioa saretzen ari da: badu aste bat ikastetxeen arteko biltzarrak antolatzen dituztela. Goiz honetan, Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioa hetsia zen, irakasle eta langile gehienak grebara batu direlako. Ipar Euskal Herriko beste hainbat ikastetxetan ere, ohikoa baino grebalari gehiago kontatu dituzte, Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan, adibidez.
Txomin Hiriart Urruti historia irakaslea da Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioan, eta honela mintzatu da: «Greban gara erreforma honen salatzeko. Gobernua zuzengabetasun osoz ari da; aberatsen eta xumeen arteko zuloa etengabe handitzen du; beti pertsona beren zerbitzuko ari da». Azaldu du irakasleak grebarako prest daudela: «Gure ikastetxea bosgarren aldiko hetsia da, eta sentitzen dugu irakasleen baitan zerbait mugitzen ari dela. Gure artean saretzen ari gara, eta, horren bidez, eraginkorragoak izan gaitezke».
Trenbideetako langileek «eskertzen» dute beste sektoreen mobilizazioa. Julien Delion CGTko kidea da, eta abenduaren 5ean ekin zion grebari. «Gure greba zaila da, luzea da, baina oraindik indarrak baditugu. Beste sektore batzuk mugitzen ari dira, ikastetxe batzuk hetsi dituzte, Frantziako portu andana blokeatuak dira... Sektore ezberdinetako langileen arteko elkartasunari esker lortuko dugu irabazi arte segitzeko indarra». Trenbideetako langileek greba arintzeko hautua egin dute egungo biltzarrean: intersindikalak deituriko egunetan greba eginen dute, baina greba iraunkorra ez dute denek segurtatuko.
Manifestazioaren ondotik, Baionako Herriko Etxera jo dute dozenaka ekintzaile, bertan LREM alderdiaren bilkura bat bazelako. Protestariak indarrez sartu dira, baina Frantziako Poliziak eragotzi die bilkura gelara hurbiltzea. LREM alderdiari eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari «erreforma suntsitzaile hori bukatzeko» eskatu diote sindikatukideek. Iragarri dute ekintza eta mobilizazioek segituko dutela eta biltzar orokorretan parte hartzeko dei egin dute.