Pentsioena onartuta, hurrengo erreformei begira jarri da Madril

Erretiro adina 67 urtera atzeratu eta pentsio osoa jasotzeko kotizatu beharreko aldia 37 urtera luzatu du Espainiako GobernuakIndustria, energia eta I+G+B politikak izango dira erreformatuko dituen hurrenak

2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Pentsio sistema publikoa erreformatzeko legearen aurreko proiektua onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo, CCOO eta UGT sindikatuen eta CEOE patronalaren babesarekin. Etorkizuneko akordio ekonomiko eta sozialaren parte «garrantzitsutzat» aurkeztu zuen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteordeak. Eta gizarte eragileekin lortu duen sintonia ona baliatuta, gobernua atzo bertan sartu zen buru-belarri hurrengo erreformen negoziazioetan. Industria, energia eta ikerketa, berrikuntza eta garapenari dagozkion politikak dira datozen egunetan adostu nahi dituenak.

Espainiako Gobernuak otsailaren 2an aurkeztuko ditu pentsio sistema erreformatuko duen legearen xehetasun guztiak. Hona hemen garrantzitsuenak:

1. Erretiroaren adina

Erretiroa hartzeko adin ofiziala bi urtez atzeratuko da, 65 urtetik 67ra. Atzeratzea bi zatitan gauzatuko da: lehendabizikoa 2013tik 2018ra bitartean eta bigarrena 2019tik 2027ra artean. Lehen zati horretan, urteko hilabete atzeratuko da erretiroa hartzeko adina; bigarren zatian, urteko bi hilabete. Horrela, 2013an, nahikoa izango da 65 urte beteta izatea erretiroa hartu ahal izateko; 2019an,65 urte eta zortzi hilabete beharko dira; eta 2027an, 67 urte.

2. Salbuespenak

Erretiroa 65 urterekin hartu eta pentsio osoa jaso ahal izango dute38 urte eta erdi kotizatuta dituztenek. Betebehar hori ere zatika ezartzen joango dira; bi urtero sei hilabetez luzatuko da kotizatu beharreko denbora. Horrela, 2013 eta 2014 artean erretiroa hartzeko 35 urte eta erdiz kotizatu beharko da, 2015 eta 2016 artean erretiratzeko 36 urtez eta horrela 38 urte eta erdira iritsi arte. Azken kopuru horretara iristen ez direnei, hiruhileko bakoitzeko %1,8 murriztuko diete pentsio ordaina.

Era berean, 67 urte bete aurretik hartu ahalko dute erretiroaseme-alabak zaintzeko lan bizitza eten behar izan duten amek—seme-alaba bakoitzeko gehienez bederatzi hilabete eta orotara bi urte— eta lanbide gogor eta arriskutsuak dituzten langileek. Azken horien kasuan, oraindik ez dute zehaztu jarraitu beharreko prozedura.

Espainiako Gobernuak negoziazio mahaira eraman zuen proposamenean, 65 urterekin lana utzi ahal izateko 41 urtez lan egin behar izateko aukera zetorren.

3. Pentsio osoa

Pentsio osoa jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da gutxienez 37 urtez kotizatzea Gizarte Segurantzan, orain arte baino bi urte gehiagoz hain zuzen. Kopuru horretara iristen ez diren langileei koefiziente batzuk ezarriko zaizkie geratuko zaien ordaina murrizteko.

4. Ordainaren kalkulua

Erretiroa hartu eta gero langileak eskura izango duen ordainaren kalkuluan murrizketa oso esanguratsua ezarriko du gobernuak. Orain arte, kotizatutako azken hamabost urteetako ordainaren batez bestekoa hartzen zen kontuan. Hain zuzen ere, azken 24 hilabeteetako soldata izan ezik aurreko guztiak KPIaren arabera gaurkotzen ziren.

Lege berriarekin ordaina kalkulatzeko lan egindako azken 25 urteak kontuan hartuko dira. Langile gehienen kasuan, azken urteak dira soldatarik handienak uzten dituztenak. Hori dela eta erabaki horrek geratu zaien pentsioa nabarmen murriztuko du.

5. Gutxieneko kotizazioa

Pentsio publikoa eskuratzeko hamabost urtez kotizatzea ezinbestekoa izango da. Denbora tarte horrek ordainaren erdia kobratzeko eskubidea ematen dio onuradunari. Lehen hala zen, eta erreformaren ondoren hala izaten jarraituko du.

6. Erretiro aurreratua

Orain arte aurre erretiroa kaleratze bidez bakarrik har zezaketen langileek. Aurrerantzean, ordea, borondatezkoa izango da. Horrela, 63 urte beteta eta 33 urte kotizatuta dituztenek erretiro aurreratua hartzeko eskubidea izango dute. Orain arte, erretiro aurreratua hartzen zutenen %40ra arteko murrizketak jasan zitzaketen pentsio ordainean; erreformarekin, murrizketa horrek ezingo du %42koa baino handiagoa izan.

Erretiroa 61 urterekin hartzeko aukera egongo da enpresa krisian sartuta badago. Salbuespenezko kasuak baino ez dira izango, eta ezinbestekoa izango da Gizarte Segurantzan 33 urtez kotizatuta izatea.

7. Pizgarriak

Erretiro adina atzeratzea erabakitzen duten langileek onurak izango dituzte pentsioa jasotzeko orduan. 65 urterekin zein 67rekin erretiroa hartzea tokatzen zaienek, lan bizitza luzatzen duten urte bakoitzeko %3,5 ordain handiagoa jasoko dute erretiroa hartzen dutenean, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrak zehazten duen gehienezko kotizazio oinarria gainditu gabe betiere.

8. Erretiro partziala

Errelebo kontratuei lotutako erretiro partziala 61 urterekin hartu ahal izango da, orain arte bezala. Baina, kotizazioetan izango da aldaketarik. Errelebo kontratuak egiten dituzten enpresekkenkari batzuk dituzte Gizarte Segurantzan. Horrek, ordea, gastu gehigarri bat esan nahi du Gizarte Segurantzarentzat, eta gobernuak gastu hori ezabatu egin nahi du. Horrela, kenkari horietan murrizketak izango dituzte, 2027an kotizazioen %100 enpresaren gain geratu arte.

9. Bekadunak

Bekadun modura egindako lanak kotizatutako gisa kontatuko du, gehienez bi urtean. Bekadunari dagozkion kotizazioak enpresak egingo ditu; oraindik ez dute zehaztu zenbatekoak izango diren kotizazio horiek.

10. Autonomoak

Datozen hamabost urteetan handitu egingo dira autonomoek Gizarte Segurantzari egin beharreko gutxieneko kotizazioak. Oraindik ez dute zehaztu, ordea,zenbat handituko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.