«Ez naiz honaino iritsi txaloak jasotzeko, baizik eta arazoak konpontzen saiatzeko». Inbestidura saioaren hitzaldiko azken lerroetan Mariano Raxoi PPko buruzagi eta Espainiako hurrengo presidenteak argi utzi zuen neurri desatseginak hartu beharko dituela. Ekonomiaren egoerari buruzko marrazki zeharo iluna irudikatu zuen —«demokrazia ezarri zenetik egoera zailena da», haren ustez—, eta aurreratu zuen austeritatea izango dela haren gobernu ekimenaren lehentasun eta abiapuntua. «Aurrekontu diziplinak markatu ditu beti zabalpen ekonomiko eta gizarte aurrerapen garaiak».
Ideien alorrean hautagaiak izan zuen zehaztasuna ez zen ondoren neurri eta iragarpenetan erabat islatu, ordea. Egia da krisiaren aurkako premiazko neurri eta proiektuen bide orri bat aurkeztu zuela, baina erabaki mingarrienak oraingoz patrikan gorde ditueneko sentipena utzi zuen Kongresuan.
Datorren urtean defizit publikoa %4,4ra mugatzeko konpromisoa bete egingo duela ziurtatu zuen Raxoik. Horrek esan nahi du gutxienez 16.500 milioi euro aurreztu beharko dituela. Gutxienez, kopuru horrek esan nahiko lukeelako PSOEko gobernua gai izan dela aurtengo helburua (%6) betetzeko, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak zalantzan jarri duten lorpena.
Gastu publikoa esparru guztietan jaitsiko duela agindu zuen Raxoik, defizit helburua betetzeko. Guztietan, batean izan ezik. Heldu den urterako pentsioen ordaina eguneratuko duela aurreratu zuen. Iragarpenak txalo egiteko aukera eman zien haren alderdikideei, eta kolpe gogorra zen sozialisten aurka, aurten pentsioek hazkunderik ez izatea erabaki zuelako Zapateroren gobernuak joan den urtean. Ildo politikoa markatzeko baliatu zuen azalpena Raxoik, gainera. «Gastua handitzeko entzungo didazuen konpromiso bakarra da».
Hortik aparte, ihes egin zion murrizketaren dirua nola eta nondik aterako duen zehazteari. Badirudi bere buruari tarte zabalago bat eskaini nahi diola Raxoik. Abenduaren 30ean 2011. urteko aurrekontuak luzatuko ditu, gastu muga batzuekin. Ondoren, urtarrilean ziur asko, 2012. urteko hazkunde aurreikuspenak egingo ditu, EBren ildoei jarraituz. Horiek eskuetan gehienezko gastua finkatu, defizit helmuga zehatza kalkulatu, eta aurrekontu proiektu propioa eramango du Kongresura martxoaren 31 baino lehen.
Murrizketaren tamaina ikusteko, erabakigarriak izango dira kontu publikoak. «Ezin dugu baztertu etorkizunean beste neurri batzuk hartu beharra», onartu zuen Raxoik. Kontu horietan administrazio zentralaren funtzionamendu gastuak jaitsiko dira, eta enplegu publikoa zeharo mugatuko da. Polizian eta «oinarrizko zerbitzu publikoetan» izan ezik, ez dira ordezkatuko erretiroa hartu edo lanpostua uzten duten funtzionarioak. Bestalde, gainerako administrazio publikoak austeritatean engaiatzeko akordioa eskainiko du.
Gobernu popularraren lehenbiziko legeak ere austeritatea izango du ardatz. Joan den abuztuan defizit eta zorpetze publikoari muga jarriz Espainiako Konstituzioari gehitutako artikulua garatuko duen lege proiektua izango da. Ekimen horrek arautuko du administrazio publikoen artean gehienezko defizita zein den. Lege horrek ondorio handiak izan ditzake Euskal Herrian. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek defizita izateko eskumena duten edo ez zehaztu beharko du.
Jaiegunak mugitzeko asmoa
Egiturazko erreformen beharra aldarrikatu zuen Espainiako hurrengo presidenteak. Lan merkatuari dagokionez, dudarik gabe zeresan handia emango duen neurria aurreratu zuen: astegunetan egokitzen diren jaiegunak astelehenetara pasatzeko prest dago, «gizartean gehien sustraituta daudenak kenduta». Ez zuen esan zeintzuk diren horiek. CEOE patronalak zubien aurka egindako gurutzadarekin bat egin du horrela Raxoik.
Lan merkatuaren erreforma «orokorra» agindu du PPk. Urtarrilaren 1etik 15era patronalaren eta sindikatuen akordioak eta proposamenak jasoko ditu, eta 2012ko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen lege proiektua onartuko du gobernuak.
Enplegu «egonkorra» eta enpresaren barruan malgutasuna ekarriko duen sistema nahi du Raxoik. Ez zuen azaldu kontratazioan nolako aldaketak nahi dituzten. Halaber, negoziazio kolektiboaren egitura eta edukiak aldatuko ditu. «Gai bakoitza lurralde edo sektore esparru egokian negoziatu behar da, lehiakortasuna eta enplegua bermatzeko». Enpresaz enpresako eta estatu mailako negoziazioei lehentasuna emango zaien susmoa dute dagoeneko euskal sindikatuek.
Gazteak laneratzeko neurriak ere aipagai izan zituen. Batetik, 30 urtez azpikoei lehen enplegua ematen dieten enpresei kotizazioak barkatuko zaizkie. Bestetik, gizarte elkarrizketaren barnean gazteak laneratzeko plan bat adosten ahaleginduko dira. Plan horretan Lanbide Heziketaren erreforma egingo da. Raxoik ez zituen minijobs polemikoak aipatu. Hots, 400 euroko soldatak dituzten lanpostu txikiak, gazteentzat direnak.
Erretiratzeko adina, berdin
Inflazioari egokitzeko pentsioak eguneratzeko asmotik aparte, erretiroari buruzko kontraesanak bilatu zizkion Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko eledun eta oposizioko buruak Raxoiri. Erretiroaren adina bi urtez atzeratzearen aurka zegoen PPkoa. «65 urtera jaitsiko duzu orain?», galdetu zion zuzenean oposizioko buruak. «Gobernuburu arduratsu gisa egindakoari eutsiko diot. Legea dagoen bezala geratuko da», erantzun zion Raxoik, gustukoa ez zuela gehituta.
Bestelako moldaketa batzuei ateak ireki zizkien popularrak, ordea. «Pentsioa lan bizitzaren joanean egindako kotizazioekin proportzio handiagoa izan dezan sustatuko dugu», adierazi zuen. Pentsioaren ordaina kalkulatzeko tartea lan egindako azken hamabost urteetatik 25 urtera igo du aurtengo erreformak, baina badirudi gobernu berriak nahiago duela lan egindako urte guztiak zenbatzea. Aldaketa horrek nabarmen murriztuko luke erretiratuari geratzen zaion ordaina, kotizatzen diren azken urteetan soldata handiagoa izaten delako, salbuespenak salbuespen.
Beste helburuetako bat erretiroaren adin ofiziala eta erreala hurbiltzea izango da. Horretarako, erretiro aurreratuak debekatu nahi ditu PPk, baldintza «oso ezohikoetan» izan ezik. Gainera, lan bizitzaren azken urteetan langabezia kobratzeari mugak jarriko dizkio, erretiroa aldez aurretik hartzeko «abusuzko praktika» izan delako. Asko erabili izan da enpresa publiko ohietan eta finantza sektorean, enpresari soldata aurrezteko pentsio eskubideak galdu gabe.
Finantza bateratze gehiago
Finantza sistemaren erreformari ere garrantzi berezia aitortu zion Raxoik inbestidurako hitzaldian. «Finantza sistemaren onbideratze eta berregituratzerik gabe ez da enpresa eta familientzako kreditu eta likidezia egokirik lortuko». Haren ustez, horretarako bi pauso eman beharko dituzte orain bankuek eta kutxek: esku artean dituzten etxebizitza amaituak saldu, eta orube nahiz amaitu gabeko sustapenen balio hipotetikoa jaitsi. Hori egiterakoan galerak azaleratuko direnez, birmoldaketarekin jarraitzea proposatu du. Prozesu horretan bateratze gehiago eta kapital betebehar handiagoak espero ditu, baina ez zuen aipatu aktibo kutsatuak kudeatzeko banku txar publiko baten sorrera. Erreforma osoa 2012. urteko lehen erdian burura eraman nahi du PPk.
Euskal Herrian ondorioak izan ditzakeen beste ekimen batek energiarekin du zerikusia. Raxoik uste du argindarraren tarifarekin dagoen defizita —22.000 milioi euro— ezin dela kontsumitzaileen eta enpresen bizkarretik osorik ordaindu, baina horretarako sistemaren kostea murriztea ezinbestekotzat jo du, energia mota guztiak kontuan hartuta.
«Demagogiarik gabe hartu behar dira erabakiak, eskura dauden teknologia guztiak erabilita, eta ekonomiaren lehiakortasuna helburu jarrita arautu behar da». Energia nuklearra zuzenean aipatu gabe, horren aldeko keinua izan zen. Garoñako zentralaren geroari buruzko azken erabakia gobernuak izango du 2013an.
Hitzaldiko beste bloke zabal bat fiskalitateak hartu zuen. Perez Rubalcabari erantzuteko txanda iritsi arte ez zuen hitzetan aipatu zergak igotzeko asmorik ez duela, baina goizetik iradoki zuen hori. Oro har, enpresa eta ekintzaileentzako pizgarriak eta aldaketak iragarri zituen. Esaterako, autonomoek eta enpresa txikiek fakturak kobratu arte ez dute BEZa ordaindu behar izango. Euskal Herrian eragina duten neurrien artean, Zapateroren gobernuaren ohiko etxebizitza erosteko BEZ supermurriztuari eusteko erabakia jakinarazi zuen.
Bestelako neurrien artean, batxilergoa hiru urtera luzatzea eta telebista publikoak pribatizatzeko aukera egotea aipatu zuen.
Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa
Pentsioetan izan ezik, alor denetan jaitsiko du Raxoik gastu publikoa
2012. urtean 16.500 milioi euro aurrezteko helburua ezarri du PPko gobernuak, baina ez du argitu murrizketa nola egingo duenLan merkatuan, erretiroan eta finantza sisteman aldaketak iragarri ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu