Itxieraren mamuak iritsi dira Urdulizko (Bizkaia) Permesa enpresara. RMIG multinazionalak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen joan den astean Bilboko Merkataritza epaitegian, eta, ondorioz, enpresako 54 langileak kaleratzeko asmoa du. Hala jakinarazi du ohar bidez enpresa batzordean ordezkaritza duen ELA sindikatuak —LAB eta CCOO ere tartean dira—. Xaflen zulatzean eta luzatzean egiten dute lan.
Zuzendaritzaren jarreraren aurka, enpresa batzordea lantegiaren bideragarritasunaren alde agertu da, euren produktuak ibilbide luzea izan dezaketela uste du, eta argi du zeintzuk diren gaur egun duten egoeraren errudunak: «Enpresan izandako azken kudeatzaileek kudeaketa ezin txarragoa eta arduragabeagoa egin dute». Kudeatzaile horiek, hain justu, uztailean kaleratu zituzten, «arrazoi etikoak» argudiatuta.
Langileak ari dira jada eurei dagokiena babesten. Enpresa batzordeko sindikatuen arabera, langileei ez zaie axola Permesaren jabeek enpresa uztea, baina, edonola ere, aurrera egiteko prest daude, beste proiektu baten bitartez. Hori lortu ahal izateko, lantegiko makineria eta tresneria «zaintzen» dihardute, beste proiektu batekin hasteko aukera posible izan dadin. Langileen ekimen horren aurrean, ELAk salatu du zuzendaritzak segurtasunerako enpresa bat kontratatu duela, eta hori ez dela preseski «lan gatazkak modu baketsuan ebazten trebea». Sindikatuaren iritziz, horrek tentsioa «areagotu» egin du, eta gaueko txandan lanean jarraitu nahi dutenei «kaleratzeko mehatxua» egin diete. «Dagoeneko ez dago atzera bueltarik; gerra nahi badute, izango dute», ohartarazi dute.
ELAk gogorarazi du beste behin ere atzerriko multinazional batek — RMIG Danimarkakoa da—«ibilbide luzea eta izen ona» dituen euskal enpresa bat bere egin duela, eta, ekonomikoki etekina lortu ostean, «garai zailenetan ihes» egitea erabaki duela. Gainera, enpresa batzordeak dio krisian dauden enpresei egungo legediak ematen dizkien abantailekin «etekina» atera nahi duela.
RMIG multinazionalari ez ezik, alderdi politikoei ere igorri die mezua ELAk: «Guk egindako ahalegina beste arlo batzuetan egin beharko lukete, politikan bereziki. Industria ehunaren alde egin beharko lukete, ehun hori desegiten lagundu beharrean».
Hartzekodunen Legera jo duten enpresen kopurua igo egin da aurten Hego Euskal Herrian.Aurtengo bigarren hiruhilekoan 143 enpresak hautatu zuten bide hori, iaz baino 36k gehiagok. Hiru enpresatik bat industriakoa zen.
Permesa enpresa ixteko arriskuaz ohartarazi du ELAk
Enpresa batzordeak dio bideragarria dela lantegiari zabalik eustea, beste jabe batzuekin bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu