Energia

Petrolio ekoizpena 1,2 milioi txikituko dute, erregaiaren prezioa igoarazteko

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta Errusiak hitzartu dute egunean 1,2 milioi upel kentzea merkatutik.

Al Mazrouei Arabiar Emirerri Batuetako Petrolio ministroa eta Barkidoprior LPEEko idazkari nagusia, gaur, Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Iker Aranburu.
2018ko abenduaren 7a
10:39
Entzun

Azken bi hilabeteetan %30 merkatu da petrolio upela, ekoizpenak kontsumoa gainditu duelako, eta ekonomia batzuetako moteltzeak eskaria gutxiago handitzea eragin duelako. Brent upela, Europan gasolinaren prezioak kalkulatzeko baliatzen dena, 85 dolarrera iritsi zen urriaren amaieran, baina 59 dolarretan salerosi zen atzo, LPEEko kideek ekoizpena txikitzeko akordioa itxi ez zutelako. Arratsaldearen hasieran, akordioaren berri izan ondoren, lau dolar garestitu da Brent upela (+%5), baina arratsaldeak aurrera egin ahala indarra galdu du igoera, eta 61,5 dolarretan salerosten zen iluntzean (+%2,5).

Ekoizpenaren txikitzea horrela banatuko dute: 800.000 upel egokituko zaizkio karteleko kideei, eta gainontzekoa hortik kanpoko kideei. 2016az geroztik, elkarlanean aritu dira LPEEko kideak Errusia buru duen talde batekin, petrolioaren prezioaren beherakada handiari buelta emateko (125 dolarretik 35 dolarreraino merkatu zen 2014 amaieratik 2016 hasiera arte).

Errusiarekin ezer adostu aurretik, LPEEk nahikoa lan izan du bere barruan akordio bat lortzeko. Izan ere, karteleko bi kide nagusiak Saudi Arabia eta Iran dira, Ekialde Hurbilean eta mundu musulmanean lidergoa izateko lehia bizian ari diren bi etsai politiko. Azkenean, Saudi Arabiak onartu egin du Teheranen eskaera,  hau da, murrizketetatik salbuetsita izatea. Berez, Iranen esportazioak jaisten ari dira gaur egun, azaroaren hasieraz geroztik AEBetako Gobernuak haren aurkako zigor ekonomikoak ezarri zituenetik.

Hain zuzen ere, Donald Trump AEBetako presidentearen nahiaren aurka doa ekoizpena txikitzeko akordioa. Trumpek behin baino gehiagotan eskatu die Saudi Arabiari eta eskualdeko beste aliatuei ekoizpenari eusteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.