energia

Petrolio ekoizpena ez handitzea hitzartu dute Saudi Arabiak eta Errusiak

Urtarrileko mailari eustea hitzartu dute, horrela prezioak gehiago jaistea eragotziko dutelakoan.

Petrolio putzu bat Errusian. YURI KOCHETKOV / EFE
Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 16a
08:04
Entzun

Petrolioaren prezioa amildu egin da azken urte eta erdian. 2014ko ekainean 115 dolarrera salerosten zen Europan erreferentzia gisa balio duen Brent upela. Gaur goizeko lehen orduan 34 dolarretan ari zen kotizatzen Londresko merkatuan, akordioari buruzko zurrumurruek %6ko igoera eragin ondoren.

Gehiegizko produkzioak eragin du petrolioaren prezioaren jaitsiera. Txina eta gorabidean dauden beste herrialde  batzuetan kontsumoak bizkor igotzeari utzi dio, noiz eta ekoizpenak goia jo duenean, fracking-ari esker AEBak munduko ekoizle handiena izatera igaro diren garai batean.

Petrolio ekoizpena mugatzeari uko egin dio azken urte eta erdian Saudi Arabiak, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko (LPEE) beste kide batzuek presio egin dioten arren. Beste ekoizle handiek berdin egin ezean ekoizpenari eutsiko diola agindu du Riadek. Batez ere Errusia zuen begiz joa Riadek, eta azkenean ados jarri da harekin.

Saudi Arabiak eta Errusiak ez ezik, Venezuelak eta Qatarrek ere hitzartu dute urtarrileko ekoizpen mailari eustea, gaur goizean Mohamed Saleh al Sada Qatarko Energia ministroak eta LPEEko jarduneko presidenteak azaldu duenez.

Irani begira

Sinatzaileen asmoa da beste ekoizle handi batzuk ere batzea akordioari. Iran eta Irak aipatu ditu espreski Al Sadak. LPEEko kideak dira bata zein bestea, baina haien beharrak ez dira Saudi Arabiaren edo beste ekoizle aberatsen berdinak. Gerrak hondatutako herrialdea da Irak, eta hainbat urtez bahimendu bat jasan ondoren, Iranek derrigorrezkoa du nazioarteko merkataritza harremanak sakontzea. Petrolio ekoizpena eta esportazioa mugatuta izan ondoren, Iran indarrez itzuli nahi du lurralde esportatzaile nagusi bat izatera. Lehen aldiz 2012. urteaz geroztik, aste honetan petrolioz kargatutako hiru petroliontzi abiatu dira Irandik Europako portuetara.

Haiek urtarrileko ekoizpenari eutsiz gero, Saudi Arabiak eta Errusiak espero dute prezioek gorantz egin ahal izango dutela hurrengo hilabeteotan, azkenaldiko prezio txikiek hainbat ekoizle porrotera eraman ondoren. Multinazional handiek putzu berrien azterketa eta ustiakuntza geratu dituzte, eta milaka langile kalera bota. AEBetako fracking-aren industriak uste baino hobeto eutsi die prezio txikiei, baina konpainia txiki askok porrot egin dute honez gero.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.