Petrolio ekoizpenak gaur egungo mailan jarraitzea hitzartu dute LPEEko kideek

Karteleko herrialdeek punpatzen duten upel kopurua egokituko dute Libiaren produkzioari tokia egiteko

Erredakzioa
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Desadostasunak alde batera uzteko gai izan dira, oraingoz, Lurralde Petrolio Esportatzailen Elkartea (LPEE) osatzen duten herrialdeak. 2012. urtean egunero 30 milioi upel punpatzeko akordioa lortu zuten atzo, Vienan (Austria). Horrek esan nahi du praktikan produkzioak gaur egungo mailan jarraituko duela, hazkunderik eta murrizketarik gabe. Ekoizpena handituko ez badute ere, herrialdeek euren punpatzeko ahalmena egokitu beharko dute, Libian suspertzen ari den produkzioari lekua egiteko.

Akordioak beste esanahi politiko bat ere badu. Karteleko kideak 2008. urteko abendutik ez ziren gai ekoizpenari zein muga jarri adosteko. Orduko hartan upel gutxiago merkaturatzea hitzartu zuten, krisiaren ondorioz petrolioak zuen prezio jaitsiera handia gelditzeko. Aurtengo ekainean batzar gatazkatsua izan zuten LPEEko ordezkariek. Produkzioa bi milioi upel handitzea eskatu zuen Saudi Arabiak mendebaldeko ekonomien presioari jarraituz, baina ezezkoarekin alde egin zuen Iranen, Venezuelaren eta Ekuadorren erresistentzia zela eta.

Ekaineko bilera «inoizko okerrena» izan zela ziurtatu zuen orduan Ali Naimi Saudi Arabiako Petrolio ministroak. Atzo, bestelakoa zen giroa bileratik atera zenean. «Pozik ote nagoen? Irribarre egiten ari naiz», adierazi zuen Lortutako adostasuna nabarmendu zuten beste parte hartzaile batzuek. «Oso bilera ona izan da», ziurtatu zuen Rafael Remirez Venezuelako Gobernuko ordezkariak.

Libiaren egoera

Libiaren produkzioa merkatura itzuli ahala, hura ordezkatzeko LPEEk izan duen gainprodukzioa eteteko konpromisoa ere atera zen bileratik. Batez ere, Saudi Arabiak murriztu beharko du bere ekoizpena, baina baita Kuwaitek eta Arabiar Emirerri Batuek ere. Gaur-gaurkoz Libiako putzuetatik egunero milioi bat upel ateratzen ari direla jakinarazi du Abdula Al Badri LPEEko idazkari nagusiak. Heldu den urteko ekainerako Gaddafiren aurkako erreboltaren aurretik zuen egoerara itzultzea posible ikusten du: 1,6 milioi upel. Unerik txarrenetan 47.000 upelera jaitsi zen.

LPEEko herrialdeen erabakia bat dator Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) egindako eskaerarekin. Mendebaldeko herrialde kontsumitzaileek kezkaz ikusten zuten murrizketa posible bat, berriro ere petrolioaren prezioak garestituko zituen beldur. Produkzioak bere horretan jarraituko du oraingoz, ekonomiaren gainbeherak jardueran izango dituen efektuak ikusi arte.

Ez da espero egunero 30 milioi upel merkaturatzeko erabakia ofizial bihurtzeak petrolioaren prezioan eragin handirik izatea. Atzo, behintzat, %3 baino gehiago behera egin zuen prezioak eta Brent upela 106 dolarretan saldu zen. Urtearen joanean %16 garestitu da petrolioa; batez beste, 100 dolarretik gora beti. Udaberrian herrialde arabiarretan izan ziren iraultzekin batera prezioak gora egin zuen nabarmen, 126 dolar arte, ondoren berriro jaisteko.

Lehman Brothersen porrotari jarraitu zioten hilabeteetan produkzioa lau milioi upel murriztea erabaki zuen LPEEk. Garai horretan produkzio muga 24,8 milioi upelekoa zen, eta ez zuen kontuan hartzeko Irakeko petrolioa (2,7 milioi upel dira orain).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.