Brent upelaren etorkizuneko kontratuak Londresen kotizatzen dira 1988 urteaz geroztik. Ipar Itsasoko petrolio upel mota hori Europan erreferentzia nagusitzat erabili ohi da eta atzo, 16:15etan, 46,25 dolarrera (37,58 euro) iritsi zen azaroko kontratuen salneurria. Inoizko preziorik garestiena, alegia. Texas upelak, bere aldetik, New Yorkeko merkatuan beste marka bat hautsi zuen, 49,74 dolarreko goia jo eta gero.
Prezioen igoerak ez du etenik, nahiz eta euroaren sendotasunak Europan petrolio garestiaren ondorio ekonomikoak nolabait arindu. Segurtasunik eza Nigerian, istiluak Saudi Arabian, sabotaiak Iraken, Mexiko Golkoan eta Estatu Batuetan ekaitz tropikalak... Ingurura begiratu eta energia lehengai nagusiaren hornikuntza mehatxatu dezaketen albisteak baino ez dituzte entzuten merkatuek. Horrek azaltzen du iragan aste amaierako eta atzoko igoera.
Nigerian datza kezka iturrietako bat. Segurtasunik eza hedatzen ari da Nigeriaren hegoaldean. Europa Press agentziaren arabera, bi mafia talde legez kanpo ateratzen den petrolio produkzioaren kontrola eskuratu nahian borrokan ari dira Port Harcourt hiriaren inguruetan, Niger ibaiaren deltan. Shell konpainiak iragarri berri du 200 langile inguru hartatik atera dituela. Petrolio arinaren hornikuntzan arazoak egon daitezkeela agerian jarri du Nigeriako egongaiztasunak. «Arazo larria da, Nigeriak petrolio gordin arina baizik ez baitu ekoizten. Iraken etengabe oliobideak erasotzen dituzte eta Saudi Arabian presio handia dago segurtasun indarren eta Al Kaedaren artean. Merkatuak duen arazo larriena da ez duela eskaria asetzeko adinako petrolio gordin arinik», azaldu zuen Robert Laughlin, GNI-Man Financialeko operadoreak.Merkatuak dar-dar batean utzi dituen beste faktorea Ivan ekaitz tropikala izan da. Uneotan Mexikoko Golkoko produkzioa ohikoaren herena (%28) baino ez da. Kontuan hartu behar da iragan astean iragarri zuela AEBetako Energia Departamenduak egun petrolio erreserbak maila apalean dituela.Hurakanaren ondorioz, erreserbok are gehiago murriztu behar izan ditu, findegiak hornitzeko erabili baititu. Neguaren atarian, datu horrek kezka handia sortzen du merkatuetan.
LPEEren mezua
Purnomo Yusgiantoro LPEEko presidenteak atzo argitu nahi izan zuen azken egunetako igoera ez dagokiela cartelaren upelen prezioei, Estatu Batuetako upelari baizik. LPEEk zazpi mota petrolio upel ditu eta batez besteko prezioa aurreko astean 42,31 dolarrekoa izan zen, inoizko balio handienetik gero eta gertuago.
«Prezio igoera Ivan hurakanaren eta beste leku batzuetako arazoen ondorio da», esan zuen. «Baina ez dago hornikuntza eta eskariaren arteko arazorik. LPEEren hornikuntza nahikoa da. Kairon abenduan egingo dugun bilera arte itxoin egingo dugu», gaineratu zuen. Yusgiantorok lasaitasun mezua igorri nahi izan zuen eta berriro errepikatu zuen LPEEk merkatuak asetzeko adinako petrolioa duela egun. Bere iritziz, igoerok bultzatu dituzten faktoreak ez dira «oinarrizkoak». Yusgiantorok iritzi dio eguneko 2,5 milioi upeleko gainprodukzioa dagoela.
PETROLIOA. Brent upela 46,25 dolarrera iritsi da, inoizko preziorik garestienera
LPEEk iragarri du abenduko bilerara arte ez dutela ekoizpenaren inguruko erabakirik hartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu