PETROLIOA. Chavezen garaipenak ez du lortu petrolioaren garestitzea etetea

Venezuelako erreferendumeko emaitzagatik beherantz egin zuen upelak goizean, baina arratsaldean berriro ekin zion gora prezioak, azken erasoek Irakeko ekoizpena erdira jaitsi dutela zabaldu ondoren

Iker Aranburu.
2004ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hugo Chavez Venezuelako presidentearen aurkako erreferendumak porrot egiteak tarte laburrean baizik ez du petrolioaren garestitzea eten. Astelehen iluntzeaz geroztik behera egin ondoren, atzo arratsaldean berriro gora egin zuen upelaren prezioak, azken erasoek Iraken ekoizpena erdira 900.000 upel egunean murriztu dutela zabalduta.

Azken 13 egunotan 11 aldiz marka berriak ezarri ondoren, Brent upelak ia bi dolar galdu zituen ordu gutxitan Londresko azokan: atzo arratsalde hasieran 42,39 dolarretan zegoen irailean entregatu beharreko upela. Astelehenean 43,67 dolarretan itxi zuen, baina 44,11ra ere iritsi zen. Baina azoka ixtean, berriro gora egin zuen, 43,05 dolar arte.Antzekoa New Yorkeko merkatuan: joan den ostegunean lehen aldiz, upelak 46 dolarretik behera kotizatu zen merkatua irekitzean, baina orduek aurrera egin ahala goranzko joera hartu eta 46,60ra heldu zen.Paradoxikoa den arren, merkatuek begi onez hartu zuten Chavez ezkertiarraren garaipena. Venezuelako presidentearen jomuga maitatuenen artean neoliberalismoa eta Ameriketako Estatu Batuak izan arren, zintzoki saltzen dio petrolioa hala nahi duenari, eta batez ere AEBei. Egunean 2,6 milioi upel ateratzen dira Venezuelako putzuetatik, munduko ekoizpenaren %3. Bi hilabetez 2002ko abenduaren 2tik 2003ko otsailaren 2 arte oposizioak Venezuelako petrolio industria geratu zuenetik, Chavezek garbiketa egin zuen PdVSA petrolio konpainia publikoan, eta gaur egungo 12.000 langileetatik gehientsuenak presidentearen aldekoak dira. Gauzak horrela, oposizioak arrakasta izan balu, merkatuak beldur ziren langileek greba egin eta ekoizpena eten egingo zela. Petrolioaren diru iturria behar beharrezkoa du Venezuelak bere ekonomiak aurrera egin dezan. Chavezek ere ezinbestekoa du, Venezuelako pobreak lau biztanletik hiru bere alde jarraitzea ahalbidetzen duten programa sozialak urre beltzaren diruari esker finantzatzen baititu. Azken urteko prezioaren igoerari esker, krisi gorria sufritzen zuten Venezuelako txiroenentzako hezkuntza programak indarrean jarri ditu Chavezek, eta Gobernuak diruz laguntzen dituen supermerkatuak ere zabaldu dira auzune pobreenetan.

Kezka Alemanian

Petrolioaren prezioaren etengabeko igoerak kalte egingo die ekonomia industrializatuei. Atzo, ZEW zentroak ziurtatu zuen Alemaniako ekonomiari buruzko aurreikuspenek behera egin dutela. Uztaileko 48,4 puntuetatik abuztuko 45,3 puntura jaitsi da adituen aurreikuspenak biltzen dituen indizea. Hiru urtez atzeraldian edo geldialdian izan ondoren, 2004an bizkortzen ari da Alemaniako ekonomiaren hazkuntza. Urteko bigarren hiruhilekoan %0,5 hazi Alemaniako BPG, esportazioei esker batik-bat. Wolfgang Franz ZEWeko presidentearen arabera, analistek uste dute AEBak ez direla hainbeste haziko eta ondorioz, Alemaniako enpresek ezingo dutela atzerrian hainbeste saldu.

Txinan, berriz, petrolioaren garestitzeak lagundu egingo dio Gobernuari bere aurreikuspen ekonomikoetara gerturatzen. Erritmo bizian ari da hazten Txina %9,6 urtarrletik ekainera eta Pekinek zenbait neurri hartu ditu hazkuntza hori kontrolatzeko. Ekonomistek %9,8ko hazkuntza iragarri zuten urte amaierarako, baina erregaiaren prezioaren igoeraren ondorioz, orain %9koa aipatzen dute. Pekingo agintariek oso aurreikuspen kontserbadorea egin zuten: %7, hirugarren urtez. Txina da, Estatu Batuen ondoren, munduko bigarren petrolio kontsumitzaile nagusia. Aurtengo lehen zazpi hilabeteotan iazko epe berdinean baino %40 kontsumitu du. Petrolio egarri hori da, hain zuzen ere, prezioaren igoeraren arrazoi nagusietako bat.

-

JUKOS AUZIA



Auzitegiek ez dute zorraren ordainketa eten



Venezuelako erreferendumak petrolio merkatuen gainean egiten zuen presioa desagertu egin da, oraingoz, Hugo Chavez presidentearen garaipenari esker. Baina petrolioaren prezioa gorantz bultzatzen duten beste elementu «nahasle» batzuk bere horretan daude. Horien artean dago Jukos Errusiako konpainia nagusiaren auzia.Atzo, Moskuko Arbitratze Auzitegiak atzera bota zuen konpainiak Errusiako Ogasunarekin zuen zorraren ordainketa eteteko eskaera. Jukosek 3.400 milioi dolar ordaindu behar dizkio hilaren amaiera aurretik, 2000an pagatzeke utzi zituen zergengatik.

Azken asteotan, Ogasuna zorra kobratzen aritu da Jukosen kontuetatik, eta litekeena da konpainia dirurik gabe geratu eta porrot egitea. Bruce Misamore Jukoseko finantzetako buruak esan du «hurrengo egunotan» gerta daitekeela porrota, baina Viktor Gerastxenko presidenteak iritzi dio irailaren amaiera arteko likidezia baduela Jukosek.Jukosek petrolioa ekoizteari utziko balio prezioek nabarmen gora egingo luketela uste dute aditu guztiek. Izan ere, konpainia horrek 1,7 milioi upel merkaturatzen ditu egunero, ia Irakek adina, eta Libiak eta Aljeriak baino gehiago.Jukoseko akziodun nagusia eta presidente ohia espetxean dago iragan urriaren 25az geroztik, hainbat delitu ekonomiko egiteaz akusatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.