Petrolioa hiru hilabeteko prezio handienera iritsi da

Astean zehar 3,94 dolar garestitu da Brent upela, eta 62,72 dolarrean amaitu du

joxerra senar
DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Merkatuei berriro buruko mina eragiteko asmoarekin hasi du urtea petrolioak. Hiru hilabete egin ditu lozorroan; garesti, baina 60 dolar azpitik. Urtea hastearekin batera, ordea, petrolioak gora egin du nabarmen. Europako findegien erreferentzia, Ipar Itsasoko Brent upela, 3,94 dolar garestitu da aste honetan zehar, eta ostiralean 62,72 dolarrean amaitu zuen Londresko merkatuan. Estatu Batuetako Texas upelak, berriz, 64,21 dolarrean itxi zuen ostiraleko salerosketa.

Egoera horren aurrean, aste honetan nazioartean gertatutakoari begiratu eta denetariko arrazoiak eman dira igoera azaltzeko. Besteak beste, abenduan Nigeriako petroliobideen aurka izandako erasoak, egunotan gas hornidurari buruz Ukrainak eta Errusiak izan duten gatazka etaIrakeko findegi handienaren itxiera aipatu dira. Etorkizunari begira, Iranek bonba nuklearra garatzeko asmoek ere ezinegona eragiten dute.Baina ziurrenik, merkatuen jarduerarekin zerikusi gehiago duen beste faktore bat dago aste honetako igoeraren aurrean. Zenbait adituk nabarmendu dute Nymex New Yorkeko lehengaien merkatuan, asteko lehen egunetan %7 handitu dela kontratazio bolumena. Horrek esan nahi du petroliogintzarekin zerikusirik ez duten espekulatzaileak sartu direla tartean. Dirua jarri dute eta petrolioak gora egitearen alde apustu egin. «Inbertsioaren esparruan bada ikuspuntu bat non berdin dion General Motorsen, euroan edo petrolioan inbertitu. Horiek dira 2006ko lehen unetik merkatura itzuli diren salerosleak», dio AP berri agentziari Peter Beutel petrolio aholkulariak. «Ez du inola ere zerikusirik eskaintza edo eskariarekin. Hondamena sortzeko ahalmena dago. Bat-batean joera aldatzen bada, lehengai merkatuetan iaioa ez den eta arriskuez jabetzen ez den jende piloa dago», gaineratu zuen.

Hornidura ziurtatzeko lasterketa

Arrazoiak arrazoi, hornidura energetikoa ziurtatzeko pausoak azkartu dituzte azkenaldian munduko herrialde boteretsuenek. Aste honetan, Errusiak iragarri du Siberia erdialdeko petrolio putzuak Pazifikoarekin lotuko dituen 4.200 kilometro luzeko petroliobidea eraikitzen hasiko dela uda aldera. Azpiegituran 12.500 milioi euro inguru inbertituko ditu, eta urtean 80 milioi tona petrolio garraiatzeko ahalmena izango du.

Lehen fasean Taishetik Txinaren ipar-ekialdeko mugan dagoen Skovorodinoraino zuzenduko da, eta 2008an amaitzea aurreikusten da. Pazifikoko kostaldeko Perevoznaiara bideratuko da gero, eta itsaso bidez Txina, Japonia, Hego Korea, Indonesia eta Australia hornitzeko.

Japoniak petrolioaren %90 Ekialde Hurbiletik ekartzen du eta menpekotasun horrekin amaitzen lagunduko duelakoan, irrikaz hartu zuten hasieran, proiektua. Inbertsioaren erdia beren gain hartzeko prest zeuden. Haatik atzera bota dute eskaintza, lehen bezeroa Txina izango dela ikusi dutenean. Uneotan Vladimir Putin Errusiako presidentea inbertsiogileen bila dabil.Estatu Batuetan petrolio erreserbek eztabaida piztu dute. Uneotan herrialdeak 684 milioi upel ditu erreserban eta Kongresuak 1.000 milioira igotzeko agindu dio Gobernuari. Aldiz, Jerry Taylor eta Peter Van Doren adituek New York Times egunkarian zalantzan jarri dute erreserben beharra. Aholkulari horien arabera, 1975az geroztik, erreserbak 51.000 milioi dolar kosta zaizkie estatubatuarrei, eta biltegietako upel bakoitza 80 dolarrean ateratzen zaie.1973an ekoizle arabiarrek hornidura moztu ostean piztu zen erreserbak sortzeko beharra, baina orain arte Golkoko lehen gerran eta Katrinaren ostean baino ez dira erabili. «Hain gutxi askatu zen, batek bere buruari galdetzen diola politikariak zergatik dauden hain kezkatuta 1.000 milioi upelera igotzeko».

 

 



 

 



-

ERREGAIAK-LEHENGAIAK



 

95 oktanoko gasolina 0,969 euroan





Petrolioaren igoerak ez du berehalako isla izan erregaien salneurrietan. Urritik behera egin dute gasolinaren eta gasolioaren prezioek. Atzo, Hego Euskal Herriko gasolindegietan 95 oktanoko gasolina litroak 0,969 euro balio zuen eta gasolioak 0,907. Iragan urtarriletik %16 inguru garestitu da gasolina eta %13, berriz, gasolioa.Petrolioa eta erregaiak garesti daude, baina lehengai ugari inoizko preziorik garestienera iritsi dira. Kobre tonaren prezioa, adibidez, 4.539ra iritsi zen asteazkenean Codelco Txileko meatz handienean greba egingo duten beldurrez. Aluminioaren prezioa ere 17 urteko maila handienera iritsi zen asteazkenean: 2.310,5 dolar. Espekulatzaileen eragina handia dela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.