Petrolioaren prezioaren azken joera ikusirik, zenbait herrialde murrizketa atzeratzeko prest agertu dira azken egunotan. Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak, Nigeria eta Indonesia beldur dira prezioa are gehiago garestituz gero munduko ekonomiaren motelaldia gertatuko ote den. Saudi Arabia, Aljeria, Venezuela, Iran eta Libiak murrizketa sutsuki defendatu dute, prezioa garestitzearen erantzuleak espekulatzaileak direla argudiatuta. LPEEk munduko petrolio esportazioen %60 kontrolatzen ditu, eta %4ko ekoizpen murrizketa egingo du.Petrolioa azken 13 urteotako mailarik gorenera heldu zen martxoaren 17an, AEBetan upelaren prezioa 38,35ekoa izan baitzen. Prezioen joera horrek kontsumitzaileak urduritu egin ditu, LPPEko petrolio upela 30 dolarretik gora egon da bi hilabeteotan. Ekonomiaren hazkuntza motelduko duela uste dute adituek.Ekoizpen ofiziala %4 murriztu bada ere, %10ekoa da erreala, zenbait herrialdek 26 milioi upel ekoitzi baitituzte egun arte. Helburua da gehiegizko ekoizpen hori deuseztea eta, ondoren, %4 gutxiago ekoiztea
«Garesti, baina ez hainbeste»
ALi I.a Naimi Saudi Arabiako petrolio ministroak merkatuan petrolioaren gehiegizko eskaintza dagoela salatu du, eta ezinezkoa dela eurak izatea prezio garestiaren erantzuleak. Gainera, uda sasoian are handiagoa izango da gehiegizko eskaintza hori, eta LPEEk doiketa bat besterik ez duela egin berretsi du. Rafael Ramirez Venezuelako Energia eta Meatze ministroaren esanetan, «gure petrolioaren prezioa defendatu behar dugu». Arabiar Emirerri Batuko Obaid bin Saif Al-Nasseri ministroakiritzi du «prezioak altuak» direla, «baina ez hainbesterako».
Adituen aurreikuspenen arabera, litekeena da murrizketaren ostean petrolio upelaren prezioa 40 dolarrera iristea. 2000ko martxotik 22-28 dolar bitarterko prezioa defendatu izan du LPEEk. Atzo 37 dolarretik gora zegoen AEBetako petrolioaren prezioa. Brent upeleko 32 dolar baino gehiago ordaindu behar ziren. Adituen arabera, Europako biztanleek ez dute petrolio prezioaren eragina nabaritu artean, dolarraren ahulezia dela eta.
AEBetan erreserba gehiago
John Kerry senatariak George W. Bush presidenteari leporatu dio ez duela LPEE nahikoa estutu eta garestitzearen erantzule izatea leporatu dio. Bushek erantzun du Kerryk petrolioaren zergak handitzeko asmoa duela. Dolar bat egin zuen behera AEBetako erregaiaren prezioak, upeleko 35,06 dolarrera helduta. AEBetako biltegietan 5,7 milioi upel gehiago daudela jakin zen atzo, LPEEk bere erabakia plazaratu ostean. Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan, AEBeko biltegietan 294,3 milioi erregai upel daude. «2002ko abuztutik mailarik altuenean daude», gaineratu du.
-
ERAGILE NAGUSIAK
Urte sasoia, dolar ahula eta espekulazioa
Andrew Walker BBCko ekonomia adituaren arabera, LPEEk hiru arrazoi nagusi ditu ekoizpenaren murrizketa finkatzeko: urte sasoia, espekulazioa eta dolarraren ahulezia.
Ipar hemisferioan kontsumitzen da petrolio gehien. Negua bukatzearekin batera, petrolio eskariak behera egiten du, jada ez ditugulako etxeko berogailuak piztu behar.Kontsumitzaileak prezioa dela-eta kexu diren bakoitzean, LPEEk dio errua espekulatzaileena dela. Erregaia merke erosten dutela, garestiago saltzeko asmoz.Dolarraren ahuleziak ere kalte egin du. Petrolioa dolarretan balioesten da eta,beraz, LPEEri galerak eragiten dizkio.Aditu gehienen esanetan, LPEEk prezio garestiak mantentzeko egin du murrizketa. «Hala ere, Arabia Saudi da ekoizpena murrizteko neurriak hartzen ari den bakarra», gaineratu dute.