Zergatia ulertzea ez da erraza. Hala dio Julian Lasa Esergui petrolio operadoreko zuzendari nagusiak: «Nazioarteko egoera apur bat lasaitu izanak izango zuen eraginik, baina petrolioaren prezioen gorabeherak ulertzea ez da batere erraza, burtsarekin gertatzen den moduan», Avia markaren babespean jarduten du Esergui petrolio operadoreak. Egoera politiko eta ekonomikoak petrolioaren prezioari burtsari baino askoz gehiago eragiten diola dio Lasak, balio bakarra delako, «baina zerk eta nola eragiten dion jakitea oso zaila da».
Arrazoiak arrazoi, Hego Euskal Herriko gasolindegietan nabaritu da petrolioaren merkatzea. Depositua betetzea merkeagoa da orain, baina merkatzea ez da petrolioaren prezioaren adinakoa izan. Ezta gutxiago ere: petrolioaren prezioa %23,26 jaitsi bada, berunik gabeko gasolinarena %13,2jaitsi da, eta gasolioarena %7,9.
Petrolioa igotzen denean gehiago nabaritzen delako ustea du erosleak. «Baina hori ustea besterik ez da, igotzen denean ere proportzio berdinetan igotzen baita». Ziur mintzo da Lasa. Erregaien gaineko zerga bereziak badu zerikusirik erregaien prezioa hainbeste ez jaistearekin. «Erregaien prezioaren erdia baino gehiago zergek ezartzen dute, eta horiek ez dira aldatzen. Petrolioaren prezioa asko jaitsita ere, zergen partea ordaindu egin behar da, eta hortaz, merkatzea ez da hain nabarmena».
BRENTA EZ DA ERREFERENTZIA. Gainera, erregaiaren prezioa ezartzerakoan Brenta ez, beste aldagai bat hartzen da erreferentzia gisa. Erreferentzia horrek petrolioa fintzearen kostua ere kontuan hartzen du, eta beraz, Brenta baino garestiagoa da. Geneva eta Rotterdameko merkatuek ezartzen dute aldagai hori, eta Platts prezioa izenarekin ezagutzen da, izen hori duen agentzia baten ematen baitu bere berri.
Erregaien merkatuko oligopolioek ere badute zerikusia gasolindegietako arduradunen ustez. Hego Euskal Herriko gasolindegien erdiak baino gehiago Repsol (gasolindegien %51,8a)eta Cepsa (gasolindegien %15a) etxeen esku daude, eta prezioek haiek inposatzen dituztela salatu dute sarritan gasolindegien jabeek. Eserguiko zuzendariak, dena den, ez du hori hain argi ikusten: «Bi enpresa horiek ezarritako prezioek asko baldintzatzen dute merkatua, eta zerbait irabazi nahi duenak horien miran egon behar du, baina berez, merkatu hau nahiko askea da eta norberak erabaki ditzake bere gasolindegiko prezioak».
Zergatia izan ala bestea izan, ez dirudi erregaien merkatzea luzerako izango denik. Epe ertain eta luzera petrolioaren prezioa berriro ere igotzen hasiko dela diote adituek. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileak ere esku hartzeko prest agertu dira aste honen hasieran: prezioak behera jarraitzeaz petrolio upelen ekoizpena murriztu egingo dutela iragarri dute.
Baina hori gertatu gabe ere, erregaien prezioa garestituko den zalantzarik ez dago: «Erregaien gaineko zerga igo egingo dute hemendik pixka batera, eta petrolioa merkatu arren, erregaien prezioa garestitu egingo da», dio Julian Lasak.
Hego Euskal Herrian bai, behintzat. Izan ere, Espainiako Gobernuak erregaien gaineko zergak igotzeko konpromisoa hartuta dauka. Europako Batasuneko tasa txikienetarikoak ezartzen ditu orain Madrilek, baina datorren urterako EBko batazbestekora igo beharko ditu Bruselaren aginduz. Eta egin, egingo dutela atzo bertan baieztatu zuen Pedro Solbes Espainiako ekonomia ministroak: «Bruselak eskatzen digun gutxienekora iritsi behar dugu», adierazi zuen. Zergak zenbat igoko diren ez zuen zehaztu, baina 2007ko urtarriletik aurrera egingo dutela bai.
Urte berriarekin prezioak garestituko direla segurutzat jo daiteke, beraz. Bitartean zer gertatuko den ikusteko dago, baina Lasaren hitzetan, «gorako bidea seguruagoa da beherakoa baino».
Gasolioa baino gehiago merkatu da gasolina
Abuztuaren 8az geroztik %13,2 merkatu da gasolina, baina gasolioaren merkatzea dezentez eskasagoa izan da: data beretik gaurdaino %7,25 soilik jaitsi da bere prezioa.Horrek badu bere arrazoia. Azken urteetan gasolioa erabiltzen duten autoen salmenta asko igo da: Anfac Espainiako auto saltzaileen patronalak emandako datuen arabera, urteko lehen zortzi hilabetetan matrikulatutako autoen %70ek gasolioa erabiltzen dute erregai gisa.
Bilakaera horrek nabarmen ugaritu du gasolioaren eskaria, eta Espainiako findegiek ez dute nahikoa gasolio eskari horri aurre egiteko. Ondorioz, beste toki batzuetatik inportatu behar izaten dute, eta horrek garestitu egiten du erregai horren prezioa. Horregatik, petrolioaren prezioa jaitsi arren, merkatzea ez da hainbeste nabaritu gasolioaren prezioan.
Gasolinarekin ez da horrelakorik gertatzen: Espainiako findegiek badute eskaria asetzeko adina gasolina, ez dute kanpotik erosi beharrik, eta ondorioz, merkeago ateratzen zaie.