Orain itxaropen guztiak Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean jarrita daude. Bihar bilduko dira Beiruten (Libano) carteleko 11 herrialde kideak, produkzioa igo edo ez erabakitzeko. Ofizialki gaur egun 23,5 milioi upel ekoizten ditu LPEEk egunero eta Saudi Arabiak, gutxienez, 2,5 milioi upel gehiago ekoiztea proposatu du.Nahiz eta petrolio upela garesti egon, ekoizleen produkzio ahalmena goia jotzear dago. LPEEri dagokionez, Saudi Arabiak, Kuwaitek eta Arabiar Emirerri Batuek baino ez dute ekoizpena igotzeko gaitasuna: hiru milioi upelera arte. Hiru herrialdeen artean, Saudi Arabiak baino ez luke askoz ere upel gehiago merkaturatzeko ahalbidea.
«Mundua gehieneko ahalmenera iristen ari da»
Txinak eta Estatu Batuek bultzatuta, eskaria gorantz doa etengabe; aldiz, Abdula Hamad Al-Attia Qatarko Petrolio ministroaren hitzetan, «mundua petrolioa ekoizteko gehieneko ahalmenera iristen ari da, nahiz eta eskasiarik ez egon».
Horregatik, beldur dira merkatuak. Hamad Al Atiak uste du uneotan lehengaiaren prezioaren laurden bat «izuaren ondorio» dela. Hala ere, Qatarko petrolio ministroak espero du LPEEk «mezu sendoa» emango duela bihar Beiruten, eta aurreratu zuen produkzioa igotzeko akordioa «gertu» dagoela. Dena den, ohartarazi zuen cartelak ezer gutxi egin dezakeela bere kontrolpeltik at dauden faktoreen aurrean; hala nola, «beldurra eta espekulatzaileak».Tentuz eta kezkaz begiratu zaio asteburuko erasoari: LPEE bildu baino bost egun lehenago gertatu da, petrolio konpainietako langile atzerritarren aurkakoa izan da eta Saudi Arabiako petrolio horniketa eteteko eraso saioa izan daitekeela uste du askok. Aurretik, maiatzaren 1ean beste eraso bat izan zen Janbun, Saudi Arabian. Hura izan zen maiatzeko petrolioaren prezioen igoeraren abiapuntua.«Saudi Arabian inoiz ikusi dugun terrorismo erasorik handiena da. Morroi hauek serioak direla eta berriro erasoko dutela erakusten du», adierazi zuen Geoff Pyne London energia konpainiako adituak. «Bat-batean petrolio azpiegiturei erasotzen hasten badira, benetako arazoetan sartzera goaz. Jakina, azpiegiturok oso ondo zainduta daude, baina horrek ez du esan nahi saiatuko ez direnik», azaldu zuen Bruce Evers Investec Securitieseko aholkulariak. Bitartean, petrolio upelaren prezio igoerak galera handiak ekarri zituen burtsara. Europan, Eurostoxx-50ek %0,84 galdu zuen. Madrilgo Ibex-35ek%1,39 egin zuen beheraeta Parisko CAC-40k %1,23 galdu zuen.
-
KONTSUMITZAILEAK
UCE kexu da autozerbitzuen prezioengatik
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko presidente, Celina Menazak, atzo gasolindegietako erabiltzaileei«presio egiteko» mezua helarazi zien autozerbitzuetan gainontzeko tokietan bezala ordaintzen delako. Menazak kontsumitzaileak «batzera» deitu zituen. Zein zerbitzu den hobea galdetu zien:erabiltzaileak bere kabuz erregaia hornitu behar duena edo laguntza jaso dezakeena. Menazak uste du autozerbitzuetan lan kostua aurrezten dutela enpresek. Bestetik, Celina Melazak oroitarazi zuen elkarteak Repsol-YPF, Cepsa eta BPren aurkako salaketa jarri duela.