Hamar urte igaro eta gero, munduko herrialdeen petrolio eskaria apaldu egingo da urteko lehen hiruhilekoan. Jakina zen koronabirus kutsakorraren auzia ekonomian eragiten ari zela, eta petrolioaren eskariak eragin hori islatuko du argi eta garbi martxoan. Energiaren Nazioarteko Agentziak eman du abisua: hamar urtean estreinakoz jaitsiko da munduko herrialdeen petrolio eskaria. 2009an gertatu zen azken jaitsiera, finantza krisi globalaren gordinean.
2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, aurten eguneko 435.000 upel beheratuko da kopurua, agentziaren kalkuluen arabera. Eta aurreikusi du urteko hazkundea eguneko 825.000 upel izango dela urte osorako, uste baino 365.000 upel gutxiago. 2011tik hori litzateke eskariaren hazkunderik apalena.
Iraupenaren arabera
Aurretik esanda doa: OCDEk kudeatzen duen agentzian ez dakite zientzialariek noiz hartuko duten mendean koronabirusa, eta onartu dute bigarren hiruhilekorako normaltasuna itzuliko dela aintzat hartuz egin dutela aurreikuspena. Hau da, 2020ko petrolio eskaria are apalagoa izan daiteke, baldin eta koronabirusaren auzia ez badute soluziobidean jartzen luze gabe.
Petrolio eskariaren jaitsiera nagusia Txinaren jarduera apalagoaren ondorio da, hein handi batean. Horrela azaldu du Energiaren Nazioarteko Agentziak; «kontsumoaren moteltze garrantzitsua» aipatu dute agentziaren txostenean. Hala, «eragin esanguratsua» izango du birus kutsakorrak. «Arazoaren iraupenaren arabera aldatuz joango da ondorioen neurria. Hasieran, garraioei eta bidaiei eragiten ari zaie, eta litekeena da industriari eragitea gero; azkenik, esportazioei eragin diezaioke, eta, horrekin batera, ekonomia osoari».
Edonola ere, agentziak espero du urteko hirugarren hilekoan Txinako Gobernuak pizgarri handiak jarriko dituela martxan, eta horrek gora bultzatuko duela berriro petrolioaren eskaria.
Eurogunean, %1,2ko hazkundea
Europako Batzordeak 2020erako eta 2021erako hazkunde aurreikuspenak jakinarazi ditu, eta, Bruselaren kalkuluen arabera, eurogunean %1,2ko hazkundea izango du ekonomiak bi urte horietako; hau da, azken prebisioari eutsi dio batzordeak. Europako Batasunaren osotasunerako %1,4ko aurreikuspena egin du bi urteetan.
«Hazkunde egonkorra da Europako ekonomiaren inguruko aurreikuspena, nahiz eta apala izan datozen bi urteetan», esan du Paolo Gentinoli Ekonomiako komisarioak. Gentinolik azaldu du ezen, 2021 arteko hazkunde hori betez gero, euroa indarrean jarri zenetik hazkunde tarterik handiena izango duela Batasunak.
Bruselak «arrisku arin» gisa jo du koronabirusaren auzia ekonomiarentzat. Uste du ondorioak izango dituela, «batik bat Txinan», eta harekin egiten den komertzioan, baina «mugatuak» izango direla mundu osoan. Edonola ere, Gentinoli komisarioaren arabera, «goizegi» da koronabirusaren benetako eragina zenbatekoa izango den aurreikusteko.