Petrolioaren etenik gabeko garestitzeak eskariaren hazkundea moteldu duela ohartarazi du IEA Nazioarteko Energia Agentziak. Eta ez hori bakarrik. Uste du upelaren prezioa 100 dolarretik gora egonkortzen bada munduko ekonomia ez dela esperotako martxan berreskuratuko.
Eskariaren hazkundea moteltzeko joera urteko lehen bi hilabeteetan antzeman du IEAk: iazko abenduan 2009koan baino %4,8 petrolio gehiago kontsumitu zen munduan, aurtengo urtarrilean iazkoan baino %4 gehiago, eta otsailean %2,9 gehiago. 2008an, petrolio upelaren prezioa inoizko mailarik altuenean ibili zenean, gauza bera gertatu zela adierazi du agentziak. Moteltze hori nabarmenagoa izaten ari ei da garatze bidean diren herrialdeetan, besteren artean, Txinan, Thailandian eta Malaysian.
Hala ere, IEAk ez ditu aurtengo aurreikuspenak aldatu: egunean 89,4 milioi petrolio upel kontsumituko direla uste du, iaz baino %1,6 gehiago. Zergatik? Japoniak uste baino urre beltz gehiago beharko duelako, hainbat zentral nuklear gelditu izana konpentsatzeko eta lurrikarak eta tsunamiak txikitutako guneak berreraikitzeko. IEAren arabera, iaz baino 30.000 upel gehiago beharko ditu egunean; hondamendiaren aurretik, 120.000 gutxiago beharko zituela aurreikusi zuen.
Egoera «estua»
IEAk ohartarazi du OCDEko herrialdeen petrolio erreserbak azken bost urteetako mailarik txikienera iristear direla. Martxoan merkaturatu zen adina petrolio merkaturatzen bada urteko hilabete guztietan, 57 eguneko erreserbak izango lirateke, oraingo 59,2ren aldean. Kontuan izan behar da, gainera, uneotan LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak saltzen duena baino 3,91 milioi upel gehiago besterik ez dituela ekoizten egunean eta horietatik 3,2 milioi Saudi Arabiari dagozkiola. «Egoerak oso malgutasun gutxi» duela adierazi du IEAk, eta hain justu horixe izan zela orain urte batzuk prezioak igoarazi zituena.
Agentzia horren arabera, martxoan, egunean 88,3 milioi upel ekoitzi ziren munduan, aurreikusitakoa baino 700.000 upel gutxiago. LPEEko herrialdeek, berriz, 29,2 milioi upel ekoitzi zituzten egunean, 890.000 gutxiago. Libiako gerrak zerikusi zuzena izan zuen jaitsiera horretan, herrialdeak %70 murriztu baitzuen petrolio produkzioa; soilik barne eskaria asetzeko adina ekoitzi zuen. Harrezkero, gainera, okerrera egin du hango egoerak, eta egun erabat geldirik dute ekoizpena.
Nazioarteko Energia Agentziak atzo egindako ohartarazpenek berehalako eragina izan zuten petrolioaren prezioan. Hala, goizetik iluntzera %4 merkatu zen Brent upela. Itxieran, upela 120 dolarren bueltan saldu zen Londresko merkatuan.
Petrolioaren garestitzea eskarian eragiten hasi da
Upela ehun dolarretik gora egonkortzeak ekonomiaren onbideratzea motel dezakeela dio IEAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu