Petrolioaren prezioa bikoiztu egin da aurten, eta 70 dolarrera heldu da

Kuwaitek esan du LPEEk ez duela produkzioa igoko upela ehun dolarrera iristen ez den bitartean

Iker Aranburu.
2009ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Krisiaren okerrena igaro dela dioten komentarioek bultzatuta, petrolioa gorantz doa bizkor. Maiatzaren amaieran 60 dolarreko muga hautsi ondoren, atzo 70 dolarrekoa ere gainditu zuen petrolio upelak: 71 dolarretik gora salerosi ziren atzo New Yorken uztailean eskuratu beharreko West Texas upela, eta 71,20ra heldu zen Brent upela Londresen, geroago pixkat jaitsi zen arren.

Joan den udazkenean finantza merkatuetako krisia bete-betean ekonomia errealera pasatu zenetik, bikoiztu egin da petrolioaren prezioa. West Texasko upelak abenduan baino %120 gehiago balio zuen atzo -32,40 dolarrean salerosi zen abenduaren 19an-, eta ia-ia bikoitza Brent upelak. Urteko preziorik handienak izan dituzte metal gehienek ere. Aluminioa %17 garestitu da, ekaina hasi zenetik. Aditu batzuek jakinarazi dutenez, Txina azkenaldiko prezio txikiak baliatu ditu biltegiak lehengaiez betetzeko, burdina, kobrea eta petrolioa nagusiki. Txina da, gainera, aurten hazkunde tasa positiboa izango duen ekonomia handi bakanetakoa, Indiarekin batera.

Petrolioaren eta beste lehengaien garestitzearen atzean espekulatzaileen eskua ikusten duenik ere ez da falta. Haien eraginez jo zuen goia petrolioak iazko uztailean -147 dolar West Texas upela-, baina gero merkatuetatik atera ziren prezioak amiltzen hasi zirenean.

Beste faktore bat da AEBetako petrolio erreserbak jaisten ari direla, kontsumoa handitzen ari den seinale. Joan den astearen amaieran 357,9 milioi upel zituen erreserbetan, aurrekoan baino sei milioi gutxiago eta kopururik txikiena martxoaz geroztik.

Zenbatera helduko den ez dago garbi, baina ehun dolarreko muga berriro gaindituko duen ustea zabaltzen ari da. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak behintzat ez du oraingoz ekoizpena handitu eta garestitzea eteteko asmorik. «Ehun dolarrera iristen bada, orduan agian bai», esan zuen atzo Ahmad al Abdula Kuwaiteko Petrolio ministroak.

Energiaren Nazioarteko Agentziak urteko batez besteko prezioa 52 dolarretik 58,7ra igo zuen asteartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.